Geure burua honatu eta oraindu beharra
Geure burua honatu eta oraindu beharra –
Mundu oso arrotzean bizi gara. Ziurrenik, gero eta arrotzago zaigun mundu-gizarte batean. Guretik kanporatuak, nonbait. Geurea inolaz ez den ustezko-itxurazko “sasi-geuretasun” baten epelean. Bizitza eta munduaren merkantalizazioa da, seguruena, kolonizazioarioren gidaria. Benekotasun oro ebatzia zaigula bizi gara besterenduak guztiz. Eta, inoizko batean, lozorrotik erdi itzartuz gero-edo, kanpoan dugula hasierako eta zinezko guda-borroka pentsatuko dugu. Eta bai, hala dirudi, eta hala izan liteke, hein batean bederen. Baina, bai eta ez, edota zin-zinez, eta serio hitz eginda, ez eta ez. Kanpotik burura eramandako nor bakoitzaren bizimoldeetan islatzen da guztiz ebatzi zaigun hori guztia, hor islatzen da guztiz, ezin uka. Haatik, aurrez barrutik hustu ziguten guztia, aurrez zeharo barne-hustu gintuzten goitik behera, alderik alde. Hainbesteraino barne-hustu ere, ezen gure baitan baitaratuak sentitzen baitugu inoizkorik arrotzenik eta ezezagunenik geure burua, ezen geure buruari bakarkako denbora-tarte sinple eta xume batto esakaintzeko ere ezina sentitzen baitugu.
Barrutik hustu gintuzten aurrez, kanpoko sasi mundu-gizarte hiper esterilizatu eta “amazondu” honetan otzan bizi gintezen. Barrutik hustu gintuzten oso, zelai-belaze iritzi geniezaion moketatutako lurzoru guztiari.
Barruan baina dugu, oraindik izatekotan, gaitubualdi-sekuestro honetatik ihes egiteko jada kasik abagune bakar-bakarra. Barruan eta soil-soilik barruan. Zenbait eta zenbaitetan hain desgogoko, batek jakin are gogaikarri edo gorrotagarri ere, dugun leku berez hain intimo beharko genukeen horretan baino ez, norbere bakardade horretan bestetan ez. “Orainaren boterea” (“El poder del ahora”) izenburua eman zioten betiko jakinduriatik erauzi eta merkantzilizatutako formula saltzen zuen bestseller aski famatu horri. Auto-laguntza liburu merkeen zakura (zentzu bitan) joan litekeena, zer-nola hartzen den. Halarik ere, sinple bezain ezinbestekoa denontzat liburu honek ekar liezagukeena: orainean egoterako deia, orainari atxikitzekoa,… Orainari ekiteko deia, geroratu gabe, orainari ekiteko ja, orain eta hemen. Ezin erkarrengandik banandu “oraina” eta “honatasuna”. “Orainean” egon behar, non eta hemen, gauden leku-egoera-gertakari honetan hain justu.
Ez al da dei hau nork bere buruarekin, bere buruarekin bakarka eta zinez, egoteko dei bat? Orain-orainean egonda, hemen-hemen egonda, ezin orainago eta ezin honago, ez al gara beste modu batez gauza beraxe esaten ari? Bada, seguruena bai. Nolanahi ere den, hain-hain sinple dirudien hori zailsko zaigu. Ziur asko, gure aiton-amonek, bizi zituen erlijiotasun edo espiritualtasun ez-moketatutako harako haraxetik, berezko zuten tarteka “orainean egote hori”, ziurrenik berorretaz, praktika gisa, ezer askotxorik jakin gabe. Era eta aurkezpen formaldu, sakondu eta ondo jatzian, handi izandakoen ezin konta ahala lekutza ere barra-barra ditugu, hala nola, Patanjili, Gurutzeko San Joan, Eckart Maisua, Simone Weil, Nisardagatta…
Hemen eta orain. Beste inon ez, eta beste momenturen batean ez. Orain eta hemen. Ahal izanez gero, ahalik eta “orainen” eta ezin “honago”, ezertxo ere haruntzatu gabe, eta ezertxo ere geroratu gabe. Nola-edo baina? Bada, egoera horretatik gertuen dagoen arnasari adi-adi, bere sartualdietan zein bere ateraldietan hatsarekin bat-bat eginda, berau estu besarkatuaz, kasik bera berau geure burua bilakaraziz bere joan-etorrietan.
Ezinago batuak gure arnasarekin, eta halaxe jardun eta jardunda, geure burua zinez honatu eta oraindu.