Geuk hautatu al ditugu?
Geuk hautatu al ditugu? –
Baten bat nonondik ezer jakin gabe baletor, eta egungo solasak entzun edo leitu, zera ondorioztatuko luke seguruenik: Covid-19a oraintsu lurreratu den izaki bizi edo martzianoren bat dela, gaiztoa, zitalki eraso eta hlltzen gaituena. “Oraindik hor dago hori” esaten entzungo liguke; edo “berriro berpiztuko da”.
Baina honezkero jakin beharko genuke ez dela etsai amorratu baten inbasioa, baizik geu garela muga guztiak gainditu eta planeta zigortu dugunak. Eta zigortzen jarraituko dugunak, erregular. Ikustea besterik ez dago Wuhango kaleak zelan bete diren autoz; hango gobernuak eta laster hemengoek ere zer nolako super-hazkunde-plan handigura daukaten, alferrik galduriko “produkzioa” biderkatu ahal izateko. Gidari horiek, edo epe-laburtar miopeak dira, edo ez dute ezer konprenitu. Ez dute aditu biosferaren lehen abisua, lehen boomerang kolpea.
Kontua da jendeok, oro har, ez dugula ikuspegi zuzena gertatzen ari denari buruz eta, are larriagoa, ezta gure gidari politiko-ekonomikoek ere. Indarrean dauden artzainek epe laburreko ikuspegiaren araberako planak diseinatzen ari dira. Lau urtetarako estrategiak. Eta epe labur horren kudeaketa euren, eta soilik euren, esku egotea. Gobernamendu-kidetza inori eskatu, bai, baina norberak ez konplitu.
Ez al da horrela, inoiz baino indartsuago omen zauden “U” Urkullu jauna? Izan ere, hemen nahiz Indotxinan, epe luzerako estrategia, mesedegarri eta emankor litzatekeen arren denon onerako (biosferararen onerako barne) ez dateke errentagarri “edo produktibo”. Hots, ez luke etekinik sortuko agintean dagoen eragilearentzat.
Eta orain hasierako galdera: geuk hautatu al ditugu halako gidari motzak?
Teorian bai, baina praktikan? Horren zalantza handiak dauzkat.
Leku orotan izango dira txakurrak oinutsik, baina hemengo hautes-demokrazia ez da onena, ezta hurrik eman ere.
Lehenengo eta behin, alderdiek aurkeztutako zerrenda itxiak ez dira ezkontzen euskaldunon tradizio demokratikoarekin. Goietatik aurkeztutako hautagaien zerrenda ezarria. Horrelakoa ez zen euskaldunen zelaietan erabaki eta Juntetara aurkezten ziren hautagaien zerrenda.
Bigarrenik, den-dena dago egokituta aurretiazko boterea/dirua dutenek irabazle ateratzeko. Hedabide nagusien leialtasuna erosiko dute, baita mertzenarioen sostengua.
Mertzenarioak. Kapitalismoari jokoa egiten dioten mertzenarioak arlo guztietan. Boteretsu batek hauteskundeak irabazi nahi baditu, emergentzia-maila beheratuko du mertzenarioak; eta krisi-osteko politika ekonomikoa (adibidez, mega-proiektuak eta tren magikoa) lehenetsi nahi baditu, hortxe arrimatuko zaizkio kapitalismoaren zerbitzura dauden ekonomista mertzenarioak.
Oraintxe bertan badakigu pobre andana aterako dela (betiko paganoen lerroetatik) , eta horietatik lana aurkitzen dutenek inoiz baino pobre prekarioagoak izango direla. Orduan, premia-premiazkoak dira oraintxe bertan, kapitalismoaren mertzenario ez diren ekonomialariak.
Eta gidari politikoei dagokienez, lehengo galdera: libreki hautatzen al ditugu?
Aipagarria da gero eta nabarmenagoa den informazio kontrola. Den-dena dakite gu guztiotaz. Gainera, hor duzue baten batek “ez-jakitearen industria” deitu diona. Ez da kasualitatea jendearen ezjakintasuna aktiboki lantzea. Ezjakintasuna txit produktiboa da eskuindarrentzat: nahikoa izan da ohar anonimo bat ateratzea iluntzeko txaloak isil zitezen. Ez dago gauza errazagorik ezjakina engainatzea baino. Adibidez, agintari indartsu batek segurtasuna eskaintzen duela edota kudeaketa bikaina egiten duelakoa barra-barra edota teleberrioro zabaltzea (nahiz eta kudeaketa negargarria egin izan).
Guzti hori kontutan hartuta, indarrean dauden gidariok ez ditugu behar bezala hautatu.
Behar bezala EZ ditugun hautatu horien artean, nekez aurkituko duzu, Europan nahiz hemen, epe luzeko estrategia duenik. Gehien-gehienak, aprobetxategiak ez direnean, traje lisatuz jantzitako miopeak dira.
Galdera bat, Josu:
Gaur egun gaztelania, francesa eta anglesa hizcunça indoeuroparrac dira?
Indoeuroparrac dira espainolac, francesac eta anglesac?
Cer daducate char indoeuroparrac eta indoeuroparrec?