Genero ideologiaren lehentasuna, kultura eta euskalgintzaren gainbehera
Genero ideologiaren lehentasuna, kultura eta euskalgintzaren gainbehera –
Gaur egungo euskal panorama genero ideologiaz beteta dago. Edozein parametro, edozein entitate, edozein egoera edota edozein eremu, genero ideologiaren galbahetik pasa behar da. Horixe da gaur egungo joerak agintzen duena, halabeharrez.
Horrelako jarrera lehenetsi eta nabarmentzeak euskara eta euskal kulturaren gainbehera ekartzen ari dela iruditzen zait. Ingurunean pixka bat begiratu besterik ez genuke egin behar. Garai bateko kultur eferbeszentzia eta irakinaldiak nekez ikus daitezke gaur egun. Joan den mendeko bigarren erdialdean, gure herrian euskal kulturaren berpizkundean, hau da, 70, 80 eta 90. urteetako hamarkadetan eman zena, astiro-astiro beherantz joan da, eta gaur egun oso nabaria da gure ikastetxeetan euskara, kultura eta euskalgintzaren gainbehera oso modu orokorrean. Gure kirol taldeetan, kultur taldeetan eta antzekoetan ere bai, genero ideologiak garrantzia handiagoa du euskara eta euskal munduko edozerk baino. Dudarik gabe, argi dago, genero ideologiaren garrantzia arlo eta gai guztietan sekulako indarrez sartu da eta izugarrizko garrantzia hartu du.
Horregatik genero ideologiaren lehentasunak, kultura eta euskalgintzaren gainbehera ekarri du. Eskoletan gertatzen dena ikusi eta aztertu besterik ez da egin behar. Egunetik egunera gutxiago irakurtzen da, euskararen erabilera minimo historikoetan dago. Bai, badakit akademikoki ikasle kopuru handi batek euskara dakiela ematen duela, baina, zer gertatzen da kalean, etxean eta eguneroko erabileran? «Pero es más importante hablar de feminismo y de lo que uno quiera autodefinirse sexualmente». Bai, horixe da benetako errealitatea. Hau ez da ezer oraintxe asmatzen ari naizena. Sartu muturra gaur eguneko edozein ikasle gelatan eta horrelako zerbait antzemango dugu.
Irakurketaren arloan ere gauza bera. Urrutiago joan gabe Zuzeu.eus web-ean honetan bertan irakurle eta idazle galerak aipatzen dira artikulu batean: Irakurle galera.
Mugikorra omen horren erantzule nagusiena, baina ez da bakarra. Argi da genero ikuspegiak eragin handia izan duela, eta euskara eta euskalgintzari, bere sakadari eta bultzadari eragina eta indarra kendu diola. Gustatuko zaigu ala ez, baina errealitate baten aurrean gaudela iruditzen zait. Begiratu gure inguruan bestela.
Gainera kontutan eduki dezagun beste ikuspegi objektibo bat. Edozein azterketa edo ikerketa ikuspegi feministatik enfokatzean, ghetto batean sartzea suposatzen du, izan ere, gehienetan feminismo hau soziologia marxistak bideratu eta agindutakoa izango baita. Azken finean teoria feminista hau, murriztua, eta norabide arbitrario eta joeraz beterik azalduko zaigu. Beraz, hemendik aterako ditugun ondorio guztiak partzialak eta manipulatuak izango dira.
Gainera, feminismo honen joerak euskalgintzaren helburuetatik urrunduko gaitu derrigorrez, izan ere, bere jarrerak bidaide izan daitekeen beste edozein subjektu fagozitatzen baitu.
Zoritxarrez hau ere, hezkuntzan gertatzen da, eta honen patua pairatzen ari diren lehen bi subjektu edo entitateak kultura orokorra eta euskalgintza direla sumatzen hasi gara.
Saia gaitezen objektiboak izaten eta gure egunerokotasunaren arlo ezberdinetara begira dezagun. Berrietan ere fijatu gaitezen, azken aldikoak penagarriak dira. Jakina, garrantzitsuagoa da Bilboko kale jakin batean kutsadura tasak baxuagoak izatea, aldiz, kale horren ondoko haurrentzako parkean euskararen erabilera beherantz nabarmen egin baldin badu, guri bost.
Era berean, gure gazte eta nerabeek hogeita hamar generotik gora omen daudela badakite, baina nekez jakingo dute gaur egun, de facto (ez da boutade ni neu pairatu baitut), nor den Atxaga, edo zein da bere obrarik garrantzitsuena. Beno, batek bai erantzun zidan, Banbulo. Antzekoa berrietan, esate baterako web-etan, telebistan eta irratietan negargarria da Hondarribiko Alardearen aferari buruz sortu den ikusmira nabaritzea. Baina esandakoa, kultura, guri bost.
Dagoeneko euskal nortasunaren galera errealitate bat da. Ados nago Zuzeu web-ean bertan aipatzen den artikulu baten iritziarekin: Euskal NORTASUNAren galera.
Egia da: Su Ta Gar entzutea ez da nahikoa.
Eta ez da hori bakarra. Urrutirago joan gabe, Cate Blanch-ek hauxe adierazi zuen Donostia Saria jasotzerakoan bere bizitzaren motibazioari buruz. Bere ibilbidearen hari nagusia “jakin-mina” eta gizakia izateak zer esan nahi duen argitzea izan dela azaldu du. “Sormenari emandako gurea bezalako bizitzak zalantzak eta ziurgabetasunak izatea dakar. Apalak izan behar dugu eta esan: ‘Ez dakit eta hemen nago ikasteko’”, aldarrikatu du, eta erantzun azkarrak aurkitzeko nahiaren aurka agertu da. Hain juxtu, kontrakoa gertatzen da gaurko gure gizartean. Horrelako pentsamendu baten gabezia daukagu, batez ere gazteen artean. Ilusioa, motibazioa eta jakin-mina falta dira gehiengo handi baten helburuetan. Gaztedia oso galdua daukagu.
Gogoratu behar dugu, halaber, aurtengo ekainean atera ziren datu batzuk PISAk egindako ebaluazioetan, eta hauen emaitzetan euskal ikasleen kreatibitate maila baxuenetakoa da. Egunetik egunera gure gazteek okerrenak bihurtzen ari dira. Ilusioak eta bikaintasunak ez dute lekurik gure gazteen artean, baina hori bai, genero ideologia nonahi aurkitzen dugu, eta hau izan behar da gure helburuen eta pentsamoldearen ardatz. Garrantzitsuagoa da genero ideologia lehenetsi hezkuntzan irakurketa bultzatzea baino. Chapeau! Ongi ari gara!
20 minutos: Los alumnos de País Vasco son de los menos creativos de España, según PISA
Crónica Vasca El rendimiento de los alumnos vascos es «de los más bajos de España» en creatividad
Norte Expres: Vascos de 15 años: Muy bajos resultados en pensamiento creativo
Cadena Ser: Los alumnos vascos, a la cola en pensamiento creativo, según el último informe PISA
Horrelaxe gaude, eta horixe da gure maila. Zuzeu-n ere beste artikulu batean galdera garrantzitsua egiten da: Nortzuk bultzatuko dute orden berria eraldaketa sozialaren begiradatik? Sakonki hausnartzekoa da.
Jarrai dezagun bitartean genero aniztasunaz hitz egiten gure klaseetan, edo feminismoaren putzaldi eta gorakada berri hau hauspotu behar dela esaten. Azkenean benetan lortuko duguna
ekologiaz eta feminismoaz oso kezkaturik dagoen gizarte analfabeto eta kutrea izango da, y que hablará todo muy bien castellano, “egun on” eta “eskerrik asko” esatea izan ezik. Euskararen gainbehera gertatzen ari dela argi dago, eta berarekin batera euskal kulturgintzarena ere bai. Horretara goaz, eta denborak egiaztatuko du.
Aitzitik, ez dezagun galdu esperantza. Esperantzak etorkizun irekia suposatzen du, oharkabean espero ez ditugun gertakizunak ekarriko dituena. Honekin batera, bada garaia zenbait arloetan lemaren norabidea erabat zuzendu eta jomuga garrantzitsuagotara bideratzeko, euskara eta euskalgintza helburu eta xede nagusiak ditugula argi edukiz. Eta alboratu ditzagun behingoz azken garaiko modak eta woke ideologiatik datozen desbideraketa berri tranpati hauek. Etorkizuna irekia da, onerako zein txarrerako, eta gure esku dago!
Jon Sarasketa (irakaslea)
Artikulu interesgarri hau ABERRIBERRI.COM web-etik arrantzatua izan da.
Feminismoa nazioen baitan gatazka elikatzeko fartsa bat da, globalisten bazka errazagoa izan daitezen. Euskal nazioa barne, edo bereziki. Baina guztiaren gainetik, feminismoa oso errex errefutatzen den teoria bat da. Soilik begiratu behar da zeinek dituen bizi kondizio bortitzenak: bizitza itxaropena, lan istripuak, hilketak, eraso fisikoak, etxegabeak, presondegiak, suizidioak, eskola porrota… Gezur hutsa da feminismoa.
Zoritxarrez artikuluan azaltzen dena jada errelitatean aurkitzen dugu, eta egia da. Zoritxarrez diot! Nire esperientziatik eskolan, kalean, taldeetan,… bene-benetan euskararen presentzia egunetik egunera urriagoa da! Hori bai, ideologia berri hau, gure gazteek oso presente dute, euskara eta euskal kultura baino gehiago.
Negargarria benetan!!!
Niri harrigarria iruditzen zait, eta sinesten zaila, DBHko irakasle batek, hau da, unibertsitate lizentziaduna eta lan intelektualean jarduten duen pertsona batek, horrelako zailtasunak izatea argudio testu erraz bat osatzeko.
Testuaren izenburua, mamia eta azken konklusioa, oso-osorik, falazia logiko bat dira. Edo bat baino gehiago, noski.
– Gaur egungo euskal panorama genero ideologiaz beteta dago.
– Euskaren gainbehera nabaria da gazteen artean, batez ere erabilerari dagokionez.
– Euskararen gainbehera genero-ideologiaren ondorioa da, argi eta garbi.
Hori da pentsatzen ez jakitea. DBHn eta Batxillerrean, teorian bederen, irakasten diren gauzak dira. Gehiago sartu beharko litzateke: beharbada LOGIKA oinarrizkoa, soilik Aristotelerena, esaterako. Logika klasikoaren bitartez, falazia eta sofisma zerrenda ohikoak ikasiz, entzuten diren pellokeria asko aise desmonta daitezke, tartean zeuk “genero-ideologia” deitzen duzun sektore horretatik datozenak.
Genero ideologia globalistak gure euskal kultura kutsatu duela ez da falazia bat, egia baizik, eta bertsolari txapelketa batera joatea besterik ez dago ikusteko zenbateraino ideologia horrek eragina duen, eta eragin negargarria. Hau nik inferitzen dudan konklusio logikoa da baina, noski, egongo dira, egon, eta ideologia horren eragile eta jarraitzaileak ikustea besterik ez dago, bestela pentsatzen duenik: ez dugula aski pentsatzen genero ideologiaren arabera eta tira eta dale gero eta gehiago bertan murgildu behar garela.
Genero ideologiak duen alderdirik txarrena, eta horretan ez bakarrik euskara eta euskal kultura, baizik eta gizalege hutsa ere gertatzen dira pairatzaile, aldebakartasuna da, hau da, erantzunik ez izateko, lagun urkoaren ahoa tapatzeko, egina dago, eztabaida guztien gainetik datorkigun jainko estraino baten erabateko agindua bezala.
Arazo hau ezin eztabaidatu daiteke eta norbaitek zalantza nimiñoena adierazten badu berehala etorriko zaio inkisitore talde bat infernuetara botatzeko asmoz.
Pellokeria, falazia logikoa, aristoteles matxiruloaren logika hontarako bai baina besterako ez, en fin, deskalifikaziorik bikainena aportatu du artikuluaren ekarpen kritiko bakarrak. Azken finean, bere esanen ez errefutazio bat baizik eta konfirmazio biribila.
Amonamantangorri idazkidea;
Falaziak demostratu behar dira, bestelako argudioak landu eta demostratu behar diren moduan. Jon Sarasketak diona, eta zuk zeu ere azpimarratzen duzuna gezurra balitz bezala, gainetik azter dezagun:
“ – Gaur egungo euskal panorama genero ideologiaz beteta dago.
– Euskaren gainbehera nabaria da gazteen artean, batez ere erabilerari dagokionez.
– Euskararen gainbehera genero-ideologiaren ondorioa da, argi eta garbi.”
Lehenengo biak egia biribilak dira, eta Sarasketak berak frogak aipatu eta estekak gaineratzen ditu. Agian azkena, zailena frogatzeko izan daiteke, zeren ez baitago argi eta garbi, baina bai susmoak izan dezakegula, eta datuak interpolatuz ondorio horretara eramaten gaituzte. Kasu guztietan horrela ez baldin bada ere, gehienetan hala da, eta gaur egungo Ikastetxeetan froga daiteke. Bertatik buelta bat eman ezazu mesedez, eta harrituko zinateke gazteen arteko elkarrizketaz, haien euskara mailaz, eta haien elkarrizketen tematika ere.
Lehen bi baieztapenak bete-betean asmatzen ditu Sarasketak, eta frogak daude, eta berak ere gehitzen ditu. Hirugarrena frogatzeko, besteak beste, norberaren esperientzia eta joera soziologikoen interpolazioa erabil daitezke baieztatzeko.
Beraz, mesedez, akusazioak idazten direnean fundamentuzkoak eta frogatuak izan daitezela. Horrelako hitz potoloak bota zentzurik gabe, fanfarroikeriak lau haizetara aireratzea bezalakoa da. Zenbait lobby indartsu egiten duten erara, batez ere genero ideologiakoak. Horixe omen da zuk hartu duzun funtzioa Amonamantangorri, eta nabaritzen da. Seriotasun pixka bat eskatuko nizuke, besterik ez. Frogak eta datuak erantsi argudioak bermatzeko.
Gauza bat da ustezko bi egitatetik eratorritako ondorio bat hipotesi moduan planteatzea, datuek korrelazio bat erakusten dutelako, eta beste bat, ondorio hipotetiko hori azterketarik egin gabe egia demostratutzat ematea.
Ustezko bi egitate diot, ezer ezin baita inoiz egia definitibotzat hartu. Soilik egiazta dezakegu jasotako datuen arabera emaitza bat daukagula. Eta beti, errorerako tarte bat utzita, beti egon baitaitezke kontuan hartu ez ditugun datuak, bestelako emaitzak eman litzaketenak.
Eta korrelazio batetik kausa-ondorio bat planteatzeko, ikertu egin behar da. Obserbazioa ez da kausa-ondorio harremanak ikusteko baliozko metodoa, soil-soilik hipotesi bat planteatzekoa baizik. Joera soziologikoetatik ondorio bat arin-arin interpolatzea, berariazko ikerketarik egin gabe, errore logiko bat da, amonamantangorrik ondo esan duen bezala, ez bada fede txarrez erabilitako falazia bat.
Eta ulertzeko oso erraza da. Nik bi egitate aurkeztu ditzaket, adibidez.
1. Hogeigarren pisutik eroriz gero, hil egiten da bat.
2. Akirate hil egin da
Hemendik Akirate hogeigarren pisutik erori dela ondorioztatzen badut, errore logiko bat egiten ari naiz.
Eta hori dena, artikuluak dioenarekin ados egon ala ez egon adierazi beharrik gabe.
Adibidez, azterketa bat egin liteke jakiteko euskaltzaleen artean, normalean euskaraz aritzen den jendearen artean, ze iritzi nagusitzen den generoari buruz. Apustu egingo nuke emaitza Sarasketak dioenaren kontrakoa izango zela, hots, euskaltzaleen artean genero-ideologia katarroa neguan edo polena udaberrian bezain zabalduta dagoela.
Soziologian dena joera eta interpolazioak dira, eta azterketa horietatik korrelazioak ateratzen dira. Egia absolutu edo matematikoak ez dira soziologian existitzen.
Benetako kausalitateak soilik matematikan edo fisikan logikaren legeak aplikatuz lortuko ditugu.
Ziriñek falazia dialektikoak erabiltzen ditu argudioak absurdora eramanez berak lortu nahi duen ondorio edo xedera iristeko, horrek izena dauka, eta badirudi ere intentzio txarrez egina dagoela.
Absurdora murriztearen falazia, kontraesanezko falazia ere esaten zaiona, iritzietan oinarritzen den argumentu mota bat da, eta ez argudio logiko sendoetan. Jarduteko modu batek zerbait absurdoa, bidegabea, kontraesankorra edo pentsaezina ekarriko duela baieztatzen denean gertatzen da, eta, beraz, beharrezkoa da kontrakoa egitea.
Absurdora murriztea argudio logikoa da, kontraesan logikoetara daramala frogatuz baieztapen bat ezeztatzeko erabiltzen dena. Horretarako, baieztapena egiazkoa dela onartzen da, eta ondorio absurdoa edo barregarria dakar. Horrela, jatorrizko usteak oker egon behar duela ondorioztatzen da.
Hauxe bera egin du Ziriñek Sarasketaren planteamenduarekin. Eta Ziriñek berak ere ez du baliozko argudiorik planteatu.
Erretorika merke eta hutsa besterik ez du erabiltzen, benetako sofista baten moduan, beretzat onesgarria ez den argudioa errefutatzeko, edo falazia dela esateko, inongo froga edo argudiorik gabe. Gentzanek diona aldiz, betetzen da, genero ideologiarekin sar zaitez eta inkisitore piloa eta zentsore andana izango duzu zure kontra egiten. Hori bai egia dela! Eta lerro hauetan frogatzen dena gainera!
Benetan harrigarria ondoren esan diguna: Ziriñek planteatzen dituen bi esaldiak ez daukate inongo erlaziorik bata bestearekin. Beraz, ezin korrelazio benetakorik atera planteamendu horietatik. Hortik ondorioztatzen du Sarasketak esandakoa falazia dela (hau faltsua da). Sarasketak aldiz, erlazioa izan dezaketen bi argudio bota ditu, eta korrelazioa badaukate bata bestearekin. Agian, kausalitatea ere izango dute, baina Sarasketaren planteamenduak absurdora eramaten ditu Ziriñek, horrela falazia direla esateko, hori tranpa dialektikoa besterik ez da, Falacia ad absurdum. Ziriñeren planteamenduekin soziologia guzti-guztia gezur hutsa litzateke, eta hori funtsean faltsua da.
Gentzaneren argudioarekin geratzen naiz genero ideologiari buruz esaten duenarekin, bertsolari txapelketa batera joatea besterik ez dago ikusteko zenbateraino ideologia horrek eragina duen, eta hau frogatu daiteke; errealitatea hortxe baitago.
Eta nire apustua Sarasketaren aldekoa da, hots, euskaltzaleen artean genero-ideologia askoz ere zabalduta dagoela besteen artean baino (adibidea bertso saioak); eta Ziriñe, zure adibidea erabiliaz esango nuke baietz, euskaltzaleen artean genero-ideologia katarroa neguan edo polena udaberrian bezain zabalduta dagoela, laburtuz, oso zabaldua!!!
Kakarraldo, ondo dakizu korrelazioak ez duela kausalitaterik adierazten. Hori adierazi nahi nuen, eta horretarako adibide argi bat jarri dut, gaitik abstraituz. Absurdora eramatea izan liteke esatea Sarasketaren argudiaketarekin ondorioztatu litekeela genero-ideologiaren zabalpenaren ondorioz haurrek egun osoa bideojokoetan pasatzen dutela. Baina ez dut hori egin, baizik bere argudiaketaren ildo logikoa beste gai batera argiago eraman ildoaren errorea begi bistan jartzeko.
Funtsean, Sarasketak planteatzen du eskoletan euskara gainbehera doala genero-ideologia zabaltzeari ematen zaion denbora eta energiaren ondorioz, ez delako euskarari dedikatzekorik gelditzen, hots, utzi itzazue genero kontuak eta dedikatu zaitezte euskara sustatzera, ulertzen dudanaren arabera. Esan lezake, era berean, matematikari eskaintzen zaion denbora gehiegizkoa dela eta euskara gainbehera doala. Eta hau ez da falazia ad absurdum bat, baizik bere argudiaketa biziatua erakusteko adibide bat.
Nik ez dut inolako iritzirik azaldu. Ez dakizu zer pentsatzen dudan eskoletan genero-ideologiaz egiten den erabileraz, ezta euskararen egoeraz ere. Bi gai dira: bata, genero-ideologiaren erabilera eskoletan; bestea, euskararen egoera. Bi gai desberdin. Korrelazionatzen dute? Baietz dirudi. Sarasketa biengatik dauka kezka? Baietz esango nuke. Baina lotura kausalik badago?
Pentsatzen dut genero-ideologia hori euskaraz ematen dela eskoletan.
Eta zuk ere pentsatzen baduzu euskaltzaleen artean genero-ideologia nagusi dela, apustua nire afirmazioaren alde egiten ari zara, ez Sarasketaren argudiaketaren alde, hau da, euskararen erabilera eta genero-ideologia dexente bat eginda datozela.
Bestalde, zientzia humanoetan ere, fisikan bezala, ikerketa zientifikoak egiten dira, eta inoiz ez dago %100eko fidagarritasunik, ez batzuetan, ez bestean. Fisikan fidagarritasuna zorrotzagoa izan ohi da, estuagoa, %99 edo goragokoa, ikerketak errazagoak direnez, argiagoak. Zientzia humanoetan fidagarritasuna %95ekoa izan ohi da, datu guztiak maneiatzea zailagoa denez. Baina bi eratako ikerketen emaitzek ondorio bera ematen dute, eta horregatik formulatzeko modu zuzena, zientziari estuki atxikita, izan ohi da: delako ikerketaren arabera (ikerketaren arabera!), eta %X-eko fidagarritasunarekin (beraz, %X-eko errore posiblearekin!), hau horrela dela dirudi (dirudi!).
Eztabaida interesgarria, argudiatzearen zorroztasunarena. Zuzeun kontu honetaz aritzeko hamaika helduleku daukagu.