Gelassenheit gure gizartearentzat
Gelassenheit gure gizartearentzat –
“Deusik ere ez izatea, guzti-guztia izatearekin pareka daiteke”, hori zioen Eckhart Maisuak (ECKHART, Tratados y sermones, 393. or.). Itxura batean baina, honek ezin-ezinezkoa dirudi, eta berez hala da, adiera material hutsean hartuta bederen. Besterik da kontua baina, eta, halere, guztiari uko egin behar izatearekin ere ez dago lotuta. Mendebaldeko gizartea, bere oinarriak, eta gu-geu garen hori oso barneratua dugun “izan behar izaterekin” daude hertsiki lotuta. Horretan datza hain justu gure Mendebaldeko kulturak iritsitako aurrerabidea. Halaxe da, ezin uka. Alabaina, garrantzi handiko zer edo zer falta dugulako susmoa egosten ari da gero eta indartsuagoki geure baitan. Gure garapenak, eta batik bat gure garapen tenkonologiko-materialak, inondik ere espero izatekoa ez zen maila bat iritsi duen honetan, zerbaiten falta sumatzen dugu. Beti ere beti “izan behar izatearen” gurpilaren esanetara jarduteak ilundu dizkigu begiak kulturalki, hainbesteraino non gero eta miopeago garen izatearekin, hau da, jada berez “bagaren” eta “baden” horrekiko. Bai gizatalde mailan, bai norbanako mailan, dena sentitzen dugu etorkizun, dena dugu betekizun eta eginkizun, egitear, hainbesteraino non gu-geu izankizun huts baino ez izatera ailegatu garen, kasik izan-izan ez garelarik. Bete-izan behar izatera emanak bizitzea ez legoke berenez batere gaiziki, baldin eta, bateratsuki, eta betiere kontrapisu gisa, izatez ere berez “jada bagarelako” uste sendo-sendoa izango bagenu, eta hortik abiatuko bagina betiere. Kontua baina guztiz bestelakoa da, eta hutsune gero eta handiago bat zabaltzen ari da geure baitan, indibidualki zein gizarte mailan. Egun bizi gaituzten kultura eta giroa guztiz bestelakoak dira, eta, aipatu orekaren faltan, hanka-bakar gabiltza, eta “izan/egin behar izate” huts-hutsera gaude guztiz-guztiz lerratuak.
Lerro hauei hasiera ematen dieten Eckharten hitzak ez daude uko egitearekin lotuta, jada esanda moduan. Gelassenheit kontzeptua hartzen du burutan berak aipatu aitorpen hau egiten duenean. Gelassenheit ez da uko egitea, inondik ere, ez eta dugun ezer berez bazter utzi behar izatea ere. Gelassenheit berez jada bagaren osotasunaren (betetasunaren) hautapen-onarpen supra-objektiboa da, hau da, objektiboa den horren haragokoa (“gainetikoa”) izanik, subjektiboa bainoago ere badena (izanez ere, subjektibotzat dugun hori ere, maizenean, komunean partekatzen dugun objektiboa den horrekin dago lotuta estu-estuki). Egoerak egoera, “jada bagara”, guztiz ere guztiz, bagaren aldetik. Eta gu geu garen bezalaxe, gu ez garen beste guztia ere bada, eta bada bere bete-betean. Gu geu bagara bete-betean, beste guztiak eta beste guztia bete-betean badiren moduan.
Hortik abiaturik lorkizun izan genezakeen hori are baliotsuagoa da, are baliotsuago ere bilakatzen da. Izanez ere, jada bete-betean izatearen kontzientzia sendotik abiaturik, ez dugu ezer galtzekorik, ezertxo ere ez, dena geneukake, izatekotan, lorkizun. Bete-betean bagarenean, guztian gara, hau edo beste huraxe eduki beharrik gabe. Osotasunetik esanahigabeko bilakatzen da edozein eduki behar izate eta edozer derrigor izan behar izate, hori, edo beste edozer eduki edo ez, eta gu hau, hori edo beste edozer izatera ailegatu baino lehenago.
“Uko egitea” deitzen dio Heideggerrek horri, nahiz-eta, esanda moduan, ez den berez uko egite hutsa. Bada, berak deituriko “uko egite” horren harira, zera diosku: “uko egiteak ez digu deusik ere erauzten, baina sinpleenaren botere baztergabea luzatzen digu” (M.HEIDEGGER, Camino de Campo, 527. or).
Oso hausnarketa interesgarria eta gaurkotasun handikoa. Nire uste apalean, testua ez da irakurtzen erraza, ezta idazteko erraza ere, ziurrenik. Halere, ikuspuntu sendoa eskaintzen digu gure izan-beharraren dinamikaren inguruan.
Ez dakit ba, ez ote zaren pixka bat nahasten ari .Gelassenheit berez ezinegonaren antonimoa , urduritasun edo stress gabeko egoera batean bizitzareakin lotuta dagoen hitz besterik ez da
Badire beste esamolde batzuek gauza bera adierazteko,immer mit der Ruhe adibidez.Euskeraz lasai hartu,ez estutu zure burua
Eta hori gizarteak baino gehiago norberak landu behar duen jarrera bat da
Mila-mila esker bioi zuen iruzkinengatik.
DesertukoLore-ri zera esan: argi dago, agian mamitsuegia kontua erraz eta erraz irakurtzeko moduan jartzeko, nire mugak eta ezinak ere onatuta ere.
Pentsalari-ri:
Oso onak zure hitzak eta oso eskertzekoak…
Agian arrazoi, agian tronpatu naiz pixkatxo batean…
Edozein kasutan, Eckhart maisua segi-segituan “izateari” lotua egoteari buruz aritzen da (“jada baden horri lotuta egoteari” buruz) Gelassenheit delako horren alde egiten duenean.
Baina, zuzen zabiltza, hitza den hori baino ez da, eta ni, hitz horretatik abiatuta, beste kupeletako sagardoez aritu naiz. Ados
Baden hori, den modu berberean, onetsita….eta hortaz bestela izaterik nahi gabe, ezer bestelakorik desiratu gabe…eta horrela lasaitasun hori iritsi
“Eta hori gizarteak baino gehiago norberak landu behar duen jarrera bat da”
Bai eta ez…inor ez da bere baitako…eta gure kulturak halaxekoak behar gaitu, eta horretarantz jo izan dugula gero eta gehiago, argi eta garbi.
Ez da psiksimo kontu hutsa, nahiz-eta horrtarako joera nabarmenagoa duten nortasun moldeak egongo diren.
Hein horretan, gizartearen ondoeza jada sistemikoa dugu, eta goxokiak bezala hartzen diren antsiolitikoen kontsumo-kopuruaren igoera geldiezina horren erakusgarrietariko bat baino ez.
Mila esker, Igor, honelako gaiari heldu izanagatik, baita iruzkinen bitartartez parte hartu duten besteei:
Gelassenheit kontzeptuak Eckhart-en, “lasaitasun” edo “utzi izaten” moduan itzuli ohi dena, barne jarrera sakona adierazten du, askapena eta Izateari irekia egotea. Hau da, gauzak diren moduan izan daitezen uztea, guk esku hartu gabe edo gure borondatearekin eragiten saiatu gabe. Eckhart-entzat, hau “ezer nahi izan ez” bezala agertzen da, hau da, borondate indibidualaren gainetik igarotzea. Zentzu honetan, ez da nahien aldeko borondateari uko egitea soilik, baizik eta “nahi izatea” eta “nahi ez izatearen ” arteko dualitatea gainditzea, eta dena den bezala erabat onartzea.
Gelassenheit-ean, Eckharten arabera, gizakiak bere borondate propioa bazter uzten du. Horrek ez du esan nahi bere borondate propioa Jainkoaren borondatearen menpe jarri behar duenik soilik, baizik eta borondate guztien gainetik joatea, gizatiarra nahiz jainkotiarra, pobrezia espirituala eta atxikipen eza lortzeko. Uzte edo askapen perfektu hori norbanakoaren eta sortutako gauzen errealitate falta edo beren sustantzia falta aitortzea da; “ez da ezer sortutakorik”, eta, beraz, ez dago zeri eutsirik edo zer galdurik?.
Ikuspegi honetatik, Gelassenheit ez da egoera morala edo borondatezko ekintza bat, baizik eta errealitatearen izaeraren ulermen metafisikoa. Ulermen horrek adierazten du gauzei eustea ezinezkoa dela, bai norberak bai gauzek ez dutelako objektibotasun edo sustantziazko errealitaterik?.
Bestalde, Heideggerrek Eckhart-en Gelassenheit kontzeptua hartzen du gizakiaren eta teknikaren arteko harremanari buruz hausnartzeko, eta lasaitasun bat proposatzen du mundu teknikoaren aurrean: teknika baztertzen ez duen jarrera bat, baina aldi berean ez zaiona erabat makurtzen, gauzei eta mundu teknikoari “beren baitan atseden hartzen” utzita.
Laburbilduz, Gelassenheit-ek Eckhart-en norbanakoaren askapena adierazten du, dualitatearen gainetik joaten dena eta Izatearen ekintzari irekia.