Gehiengoa ez da herria II

Gehiengoa ez da herria II – 

Gehiengoa norbanakoen gehiketa baino ez genuela aipatu nuen aurreko artikuluan, hau da, norbanakoen batuketa guztizkoa baino ez zela. Horretaz dago osatua jende-masa, estatuek zein merkatuek ezinbesteko duten jende-masa. Makineria handia halaxe dabil. Goitik behera sortu-kudeatu behar ditu beti beharrizan eta nahikeria pribatuen sorta zabal hori. Gerora, nork, bere idiozia lagun, zinez hori nahi duen subjektu sortzailea bera berau, bera berori, benetan dela pentsatuko du, eta bera dela benetan hori guztiori dakien subjektu jakintsua.

Geroxeago, handik gutxira, zera ere eratxiki nion esandako horri; Alabaina, hori ez da dena, horiek, norbanako horietariko bakoitza eta guztiak, ez dira guztiak, ezta hurrik eman ere. Garrantzizko beste zer edo zer eratxiki beharrean gaude. “Jende” deitu nion horri, jende bere soil-soilean. “Jende”, edo “herria”, nahi dugun moduan deiturik. Masaz, edo norbanakoen masaz, guztiz bestelakoa da jedea edo herria, norbanako eta botoemaleen zenbaketa-batuketa den horretaz erabat bestelakoa.

Gaurkoan baina, noan herri-jende dena delako horri hauspo ematera. Zer egin, nondik jo, itzalgaizka eta gero eta nekezago baino ez dagerkigun herri-jende horren alde egiteko? Bada, jada arrekoan aurretua moduan, ez da samurra esaten, ezin arin-azkar herri-jende delako horren nondik norakoa azaldu. Negatiboki, “uko eginez”-edo izan behar zuela kontuak aurreratu nuen. Ekinbide horretan, “uko publikoaren” arrastoari jarraitu beharko genioke eta, halatan, zera-edo egiten ahalegindu: ez bozkatu, nork bere iritzi propiorik ez eduki, zenbait espazio publiko merkantilizatu zein politizatu abandonatu, publikoki guregandik espero izatekoak diran zenbait eta zenbait praktika merkantil zein hiritar mailakori uko egin… Gaurko Ukazio honek aurreko beste aurtikulu batera ekarri nuen Marcuseren “Uko Handiarekin” du zerikusirik, nahiz-eta bigarren hau pixkatxo bat nire “erarago” ekarri dudan.

Ukazioan, hortaz, datza kontua. Hor izan beharko genuke geure bete beharreko agindu politiko-moral behiena, lehendabizikoa, eta gero gerokoak. Behe-behetik, alegia, geure-geuretik eta geurez, ezetz esaten ikasi behar dugu, ezetz eraginkorki esaten. Behetik ahotan hartutako ezezkoa, hor jarri beharko genuke gure abiagune politiko behienena. Izanez ere, porlanezko botere erakundetuak aitortutakoa da hain justu ere uko horrek ezeztatzen duena, botere horrek aitortzen duena da ukatzen ari dena gure ukoa. Aitortutako hori baita, herri posibitate guzti-guztiak erauzita, norbanakoen batuketa den masa hori ahalbidetzen duena.

Gerora, handik hara, erakundetutako masa horrekiko fedea elikatzeko eta potoltzeko gezur makineria abian jartzen da, edo, gezur-gezurrena gehiegitxo balitz, gutxienez, zenbait sineskizunena, irentsi ahal izateko listu potolo-potoloa eskatzen duen sinezkizunena. Insituzioetatik aintzat hartu eta babestutako “arte ofiziala” geneukake horietarik har genitzakeen adibideetariko bat, batto besterik ez bada ere. Obedientzia-esanekotasuna eskatzen du arte ofizialak. Izanez ere, maizenean, hiritar soila baino ez den horri nekoso, are guztiz ezinezko ere zenbaitetan, egiten zaio “ofizialki” aitortutako zeinahi arte adierazpenen aurrez aurre deusik ere ikusi-sentitu-antzematea. Sentipen-arrasto txikienik ere ez!, baina, kontuz, kasu, isiltasuna haustearekin! Dena den, ondo ere ondo antolatua dago giro ofizial guztia; zu zara, izatekotan, ezertxo ere ulertzen ez duena. Zuk, edozeinek, horren aurrean, eta ezjakinetan ezjakin ez agertzearren, maizenean isiltasunari eustea hobesten duzu. Edota, are askoz okerragoa ere litzatekeena, amarru ofizialera bete-betean zeure burua lerratuta, sinestsi egin dezakezu zure ezjakinean, sinetsi, ondo sinetsi ere artearikoan ezjakin huts-hutsa zarela, hori baino ez zarela sinetsi.

Horren ostean, horretaz lotsa-lotsa eginda, egoera hori nolabait-edo konpondu nahian, arte kritikari ospetsuen artikulak irakuri eta irakurri hasiko zara, itsu-itsuan. Artikulu horiek irakurri ostean, are galduago ere sentituko duzu zeure burua; “masen erretroproiekzioaz” mintzo dira, artelanaren “gakoaz”, “argi iraultzaz”, “zatikien zentrifugazio estrukturalaz”… Horrelakoak behin zeure belarri-zuloetara ailegaturik, akabo, akabo ezein balizko ulerpenik, orain bai ez duzula tutik ere ulertuko, orain bai zaudela ezinago galdua,… burua makurtu besterik ez duzu orain, zeure burua guztiz apaldu, eta txintik ere esan ez.

Honelako egoerak ez lirateke gustagarri izan beharko. Izanez ere, behetik, jende-herri egon litekeeneko behalde horretatik, “arte ofizialak” beretutako edozein arte-gertakariren aurrean gaudelarik, zinez eta benetan zer sentitzen dugun esan ahal izatea gustatuko litzaiguke, eta dena delako horri engainu-iruzur huts baderitzogu, bada, halakotzat hartu. Ezertxo ere sentiarazten ez digun horri kaka-putz deritzogula argi eta klar esan ahal izatea gustatuko litzaiguke. Hori esan ahal izatea, inongo lotsarik gabe esatea ere, hori nahi dugu. Mutur aurrean dugun hori dugularik, edota aurrerantzean izango ditugunak izango ditugularik, ez dugu berriz ere ergel aurpegirik jarri nahi. Azken finean, eskuarki huts egin ohi ez dien babokeria horretan oinarritzen dute artearen negozio guztia. Zenbait eskulturen aurrean, zeinen ondo letorkeen plastikan zinez trebatutako bateren bati (askori balitz, hainbat hobe) bihotzetik segidako honelatsuko adierazpenen bat-edo aterako balitzaio; “mutur aurrean dugun hori txakurraren putza baino ez dugu, hori baino ez, hori bai, kasu honetan sinatuta”.

Beldurra galtze-kontua baino ez da. Hori da aldarrikatu behar dena. Ez dugu beldurrik izan behar. Gerora, eta batik bat hasiera batean, gogorrak entzun behar izango ditugu. Baina berdin dio, aurrerantzean guri bost. Kaka sinatuen aurrean hemendik aurrera ez gara isilduko, ez. Ezertarako balio ez diguten kaken aurrean gaudela argi adieraziko dugu, besteetan beste, jada aho-bizarrik ez daukagulako.

Artearena baina, aukeratutako adibide bat baino ez dugu izan. Ez gaitezen horretan soilik gera. Eskema horrelatsuko batez burutan har ditzagun geure bizitzetako beste zenbait arlo, izan ekonomia, izan musika, izan zientzia, izan medikuntza… horien aurrrean dugun jarrera irauliz gero, beldurgarri gero zabaldutako panorama berria! Ez guretzat (hau da, behealdekoontzat) baina, eurentzat baizik, masarentzako antzerki handi hau antolatu dutenentzat.

Igor Goitia

Gehiengoa ez da herria

Gehiengoa ez da herria

Teologia ikasitakoa. Gai filosofiko eta espiritualetan jardunda.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude