Gehiengoa ez da herria

Gehiengoa ez da herria –

Aurreko artikuluan jada esanda moduan, abiatze aldera, errepika dezadan labur-labur berorren ideia nagusia berriz ere hemen: “gehiengoa eta guztiak ez dira gauza bera, inondik ere ez”. Garrantzia handi-handia du hau garbi edukitzeak. Harago ere joango nintzateke ni bigarren ekinaldi honetan: guztiek osatzen duten “guztitasuna” problematikoa da oso gehiengoarentzat, are gogaikarria ere.

Goazen pausoz pauso dena den. Zera utzi zigun argi adierazia gure Heraklitok aspaldi zaharrean; “Pentsamendua (pentsatzea) dute denek komunean”. Halere, hurren, hau ere eratxiki zuen: “baina, pentsatzea elkarren artean partekatutakoa izanik ere, gehienak nork bere pentsamendua duelarik bizi dira, nor bakoitzak berea, bere gogoeta pribatua duelarik”.

Alegia, gehiengoa norbanakoen gehiketa baino ez dugu, hau da, norbanakoen batuketa guztizkoa baino ez. Eta, esate baterako, nor bakoitzak badaki nora doan, edota zer nahi ote duen. Horretaz dago osatua jende-masa, estatuek zein merkatuek ezinbesteko duten jende-masa. Makineria handia halaxe dabil. Goitik sortu-kudeatu behar ditu beti beharrizan eta nahikeria pribatuen sorta zabal hori. Gerora, nork, bere idiozia lagun, zinez hori nahi duen subjektu sortzailea bera dela pentsatuko du, eta bera dela benetan hori guztiori dakien subjektu jakintsua. Kontuak horrela, edozein produktuk beregana dezake erraz berarenganako fedea gehiengoarengandik. Merkatuko edozien produktu berrik egindako ibilbideari begiratu besterik ez dago; izan duen arrakastak kasualitetik deusik ere ez.

Boterearekin hauteskudeetan lepo beretik burua. Zenbat eta norbanakoago, norbera zenbat eta norberago edo norbakoitzago, orduan eta bete-beteago bozkatuko du jende-masarekin batera orain artean agintean egon den hori. Halere, eta oroz gain, nor bere nahi eta hautu propioa, bere-berea, adierazi duela uste eta sinetsita. Eta, hortaz, esanda moduan, “gehiengoaren” boza “norbanakoen idiozien batuketa” baino ez da. Hala eta horrela, jendea menderatzeko formarik perfektua eratuko da, hau da, demokrazia.

Alabaina, eta jada aski errepikatua izan den moduan, hori ez da dena, horiek ez direlako guztiak. Oraindik beste zer edo zer gelditzen da. Oraindik “jende”, jende bere soil-soilean, deitzen dugun hori gelditzen da, oraindik. “Jende”, edo “herria”, nahi dugun moduan deiturik. Masaz, edo norbanakoen masaz, guztiz bestelakoa da jedea edo herria, norbanako eta botoemaleen zenbaketa-batuketa den horretaz erabat bestelakoa.

Izanez ere, nor bakoitza, mintzo denean, bere iritzia ematera animatzen denean, hau da, hortik bolo-bolo dabiltzan ideia gailendu eta nagusiak errepikatzera baino ez, gerta-gerta liteke, oso noizean behin balitz ere, “behetik” (herria dagoeneko behaldetik), baten batek egia orokortu-demokratizatu horietariko bat edoren bat ez sinestea. Herria beti egongo da hor, itzalgaizka bada ere. Badago herririk, eta badago komunean partekaturik ere, norbanakoen kontra, masaren kontra, gehiengoaren kontra, eta demokraziaren kontra.

Orain baina zinez zailenaren aurrez aurre gaude; eta nolatan bereizi gauza bat eta bestea? Arrasto baten batzuen berri-edo izan dezakegu jada: ez bozkatzea, nork bere iritzi propiorik ez edukitzea… Eta, oroz gain, eta aurren-aurrena, herriak ez duela sekulan inor erailtzen argi izatea. Pertsonek erailtzen dute, masak lintxatzen du, bai eta estatuek ere, baina herriek ez.

Ez gara, dena den, honetaz gehiego kezkatu behar. Lasai hartu beharko genuke kontua. Izanez ere, den-denok izan dezakegu asko herritik, den-denok, baldin-eta ez bandin bagara “nor bakoitza” horietariko beste bat, edo, gutxienez, ez hain “nor bakoitza”.

Gehiengoa ez da herria II

Gehiengoa ez da herria

Teologia ikasitakoa. Gai filosofiko eta espiritualetan jardunda.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude