Gazteak baleki, zaharrak baleza
Gazteak baleki, zaharrak baleza –
“Gazteak baleki, zaharrak baleza” atsotitzak egia potolo-potoloa gordetzen digu. Atzekoz aurrera hasita, ezin uka zaharrak asko dakienik, edota sikiera gazteak baino hamaika aldiz gehiago. Zertaz daki baina zaharrak gazteak baino askoz gehiago? bada, bizitzaz, zertaz jakingo du, bada! Halere, beranduxe-edo beretu du dena delako jakintza hori. Berandu, ezen, jakin, jakin ordurako, jada deus gutxi lezake, deus ere egiterik baleuka, jakintza horrekin, urteen zamak eragindako ezinak jada ezindua. Bizitza jada eskurakoi, jakingarri eta gogorakizun huts-huts baino bihurtu ez zaion urte jada guztiz urdinduetan daki zaharrak dakien hori guztia, orduantxe baino ez, berandu samar, nonbait.
Berandu, baina agian, edo ziur, egoki ere, ezen, joan eta jakin bestela zer gertatuko litzatekeen/zatekeen zaharrak pilaturik dituen ezin konta ahala desengainu eta ernegaziori kasu egingo balie!… Izanez ere, urteen zamak eskainitako jakintza hori, desmitifikazioarekin-edo, deseraikitzearekin-edo du zerikusirik asko. Ziurtasun irabazte goranzko bat ematen da norberarengan bizitzan aurrera egin ahala. Hala da, baina adin-mugarri batera ailegatu arte. Adin batetik aurrera, bat-batean ziur-ziurtzat genituen ez dakit zenbat konbikzio, uste, ustekizun… emeki emeki beratuz, ahulduz, are ezdeus ere bilakatuz joaten dira; mundu des-liluratze moduko bat da ernatzen norbere baitan. Ai, kontatu zidaten hori guztia orain dakidan moduan ikusi izan banu! Kontatu izan balidate! Jakin izan banu!
Eta gazteari buruz zer esan? Bada, asko dezakeela, edo lezakeela nahi izanez gero behitzat, gehiegitxo apika, dakien (bizitzaz dakien) deus gutxi hori baino ez jakinda. Zahar jakintsu usteko horren aitzindaria baino ez da gazte hori. Hau eta beste ez dakit zenbat gauza egin dezake, eta, egin, egingo du, ziur, egingarri duen horretatik guztitik ez dakit zenbat gauza. Zenbait eta zenbait gauza egingo ditu atso zaharrarenei entzungor eginez. Eta halaxe behar du, halaxe behar du derrigor. Ezen, zaharrarekin esanda moduan, pentsa zer gertatuko litzatekeen baldin bestera balitz, baldin-eta gazteak zaharraren sermoitxoari bere-berean kasu egingo balio…
“Gazteak baleki, zaharrak baleza” delakorekin konbentzituak gaude oso denok. Halere, horren konbentzituak bagaude ere, ez du hala ematen inondik. Izanez ere, egiaztapen huts baino ez dugu: “hori hala da, bai” esateko moduko horietariko beste bat baino ez. Baina berez, sakon-sakonki, konbetziturik egon, bageunde, “hori hala dela” egiztatu ez ezik, “bestera izan dadin” ahalegindu ere ahaleginduko ginateke, alegia: gazteak, ahal duen bezalaxe (edo bezainbat), jakin zezan ahaleginak egingo genituzke; eta zaharrak, dakien bezalaxe, ahal izan zezan, beste horrenbeste. Baina ezin, ezin ezta hola izan dadin ahalgintxo txikienik ere egin. Ezinbestez, halabeharrez, bi-biak halaxekoak beharko.
Ezinbeste bana, dena den, gazte eta zaharra hartzen dituena. Biak ala biak daude ezinak hartuta, baina ezin mota guztiz betelakoak ditugu biak. Ezin biologiko-materiak bizi du, hartzen du alderik alde, zaharra. Jakin zein jakin uste baino ez, egina du bere bidea zaharrak eta ez ditu ez ahalak ez denborarik jada aldeko. Zaharrarentzat, hortaz, hala eta hala behar du, ezin-ezinbestez.
Guztiz bestelakoa dugu baina gaztearen egoera. Honek ere ezin du, baina ezin du jakin. Jakingo balu… bada ez! Ezin du inolaz jakin. Ahal du, asko ahal du, baina ahal horiek guztiak bideratzeko izan beharreko aurre-jakintzarik gabe betiere. Honen ezina baina, jakin ezina alegia, ez da inondik zaharraren suertekoa, ez. Honek, hezkuntza tarteko ere, unibertsitatea tarteko ere, atso zaharren sermoiak sermoi, ezin bereganatuko du inolaz bizitzarako deritzogun jakintza. Nolatan baina? Ezin al zaio modu batez edo bestez ezagutza surte horren jakitun izanarazi? Bada, ez, inola ere ez!
Ezagutza gehien-gehinak, subjektu batek aurrez aurrez duen objektu baten baten gaineko mota horietarikoak dira. Badaude baina, beste ezagutza suerte batzuk tankera horretakoak ez direnak. Ezagutza horiek lortu ahal izateko ezagutu beharreko objektu horrekin bat egin behar duzu ezinbestez. “Ezagutza egingarriak” dira, edota horrela-edo deitu beharko genituzke. Zuk egin behar duzu bat dena delako horrekin, eta “bat egin” egin ahala, bateko, zu bilakatuko zara hori, eta, besteko, zu “hori” zaren aldetik, eta zaren heinean, ezagutuko duzu “hori”, zu zeu ere bazaren hori, alegia. Bada, bizitza horrelakoa da. Ez dago bizitzaz bere orokorrean hitz egiterik inondik. Nor bakoitzak du berea, bere-berea, bere modu-modukoa, baina, berau, egin artean, existitu existitzen ez dena. Ezin biztzari aurre egin, berarekin, ibili-ibilian, eta egin-eginean, topo egin egin artean. Eta berarekin topo egin ordurako jada gu geu izango gara bizitza hori. Bizitza ezagutu orduko, gu geu horren parte bagara. Horregatik hain justu ere ezin bizitzaz jakin berau egina izan arte. Alper-alperrik hortaz ezein “baneza-rik”, alper-aperrik ezein “jakin izan banu-rik”. Orain asko dakizu bizitzaz, zeure bizitzaz ari zarelako, eta jada bera berau zarelako zu. Akabo ba!
https://youtu.be/kNTIYS7CMNw?si=aCGPoPMsK9X9j9Rg