Galdu izanaren sentipenak gaitu otzantzen, bizitzan zein gizartean
Galdu izanaren sentipenak gaitu otzantzen, bizitzan zein gizartean –
Bizitza aurrera doakigu. Hori da bizizitza hain justu ere; gu berean barrena amiltzea eta aurrera egitea, eta, aurrera egite horrekin bat, atzean asko utzi, atzealdean, urratutakoan, asko eta asko utzi. Atzera begirako kultura edo gizarte batek bizi gaitu. Galdu usteak zeharkatzen gaitu, bidean galdu usteak. Esperantzak, nolanahikoa den ere dena delako esperantza batek, aurrerantz begira kokatuko gaitu beti, harantz gaitu bultzatuko. Esperantza gutxi dago baina, gero eta gutxiago, mende(baldar)tu gizarte honetan, zein berorretako nor bakoitzarengan.
Bizitzea galtzea dela uste dugu, hori sentitu-uste dugu. Egia esatera, hein batean bederen, ezin uka. Galera, dena den, norbere bizitzaren balioeste irizpidearen araberakoa izango da beti. Ezin galdu zure-zurea ez den deusik; ezin galdu zure jabetzakotzat ez duzun deusik; ezin galdu, edo erdi-galdu gehienera jota, ezer askorik baloratzen ez duzun ezer.
Alabaina, hor dihardu atergabe eta atsedenik hartu gabe gure galdu ustearen sentipenak, Hor dihardu, eta ez nolanahi, ez kalterik eragin gabe; tristura beltz bat baitakar berekin, jada esku artean ez dugun, eta izango ez dugun, horrexen eduki minak erasandako mina hain justu. Apika, egun, inolaz, inondik, jada edukitzerik ez dugun hori ez dugu sekulan eduki, edo agian bai, baina jada aukera guztiak denborak uxatu dizkigu. Bizi gaituena ez da iragan min soil eta hutsa, ez, gurea, zer eta, iraganak orainean utzitako eduki mina da; sekula izan ez diren garai batzuen minak, denborarik ez zen denbora harako haien atzera-kargek geure gogoz karga min horien osinera amildu gaituzte. Bizi-egarriak eta gose-egarriak zeharkatzen gaituzte, baina ez ditugu hauek edozein egarri, jada, egun, asegabeak baitira, jada ezin asezkoak.
Esanda moduan, berez, galdu-galdu, ez dugu zertan ezer galdu izan. Berdin dio baina, hala uste eta sintsita gaude-eta guztiz. Horratx ere horren ondorio zuzenak, hor ditugu malenkonia edo behazun beltza, ezinbestean. Ezin uka, gutxi asko, bizitzan aurrera egin ahala tristura, histura, hustura…sartu eta sartu dabilzkigunik geldiezinki, zeni bere tamainan bada ere, baina taigabe sartu eta sartu dabilzkigu, eta beroiek, nolabait edo beste, itzal gero eta loditxoago sortzen digute. Jada kulturala dugun gaixotasun honen kontra zinezko terapiarik ez dugu, egia aitortzera. Unerako lasaigarri azaleko eta iragankorra baino ez geneukakeen gogo antzestua, agian, asko jota; hiritar onaren papera bere gain harturik, hiritar konformatu eta bertangoxo eta bakezkoarena antzesturik, galdu-usterik eta gose-egarririk ez duenarena egiten temosoki ahalegintzen den hiritar zintzo horren jarreran agian isla daitekeena. Hiritar otzandu horrek zera esango du berekiko: “ez dut deusik galdu; dena izan da irabazia; asko daukat; zer falta dut?”. Ez dihardu zintzoki baina; “erresonantzia kutxa batean bezala dihardu, sinetsi ez eta ahotan hartzen duen horren ohiartzunak ea, errepikatzearen errepikatzez, sorgorzten dion pixka batez bederen duen galdu mina. Alperrik baina honelako mamirik gabeko ahalegintxoak; izanez ere, beroiek min hori apaldu beharrean, justu kontrakoa eragin diezagukete, eta, hartara, mina zinez areagotu, biziagotu eta, hortaz, gehiago urduritu eta ezinegoneratu geure buruak.
Hau bai da bukatuko ez den erregimen bat; hau bai da inoiz ziklo berri baterako inongo atakarik utziko ez duena. Honetaz bizi da gure gizarte sistema, bukle honetan dago bete-beean sarturik; galdu izanaren sentipen horrek du atergabe elikatzen. Zer da, baina, alderdi guztiek oraintxe bertango kanpainian aldezten ari direna? Denak, are mutur iraultzaileenekoak izan ditugun horiek, deigarriki, “zentroan” dute jartzen euren eskaintza; eta Urkullu baino Urkulluago izango dira orain (euren galdu uste propiak ez baileuzkaten), eta Urkulluk berak, ustez, jada galdu zuen hori, orain, itxuraz behintzat, konpetentziak digu agintzen. Gerora, emaitzak emaitza, eta kanpora begirako kanpainak eskatutako antzespenak antzespen, ahuntz guztiek dute mendirako joera, eta galdu-izan mota ezerdinak daude, egon, eta bere parrokianoen galdu-izan suerteak parrokia bakoitzak ezaguntzen ditu bertatik bertara.
Ez gaitezen engina baina; artalde otzanaren ezaugarria dugu galdu izanaren sentipena; artzainak, berriz, ez du inoiz deus galdu eta dena du irabazteko.
Igor Goitia
Galdu izanaren sentipenak gaitu otzantzen, bizitzan zein gizartean