Galderak

GalderakGalderak –

Ze nolako estatua ote Carma Forcadell, Jordi Cuixart edo Oriol Junqueras bezalako pertsona on-onak kartzelan sartzen dituena?

Zertan ari ote dira euskal herritarrak estatu horretan bertan bizi eta txintik ere ez ateratzeko?

Zein da arrazoia (hego) euskal herri honetan urteetan euskaldunak pertsegitu, atxilotu, deserriratu, kartzelatu eta zanpatu dituen estatu berak Katalunian pertsona on-on horiek bezalako jende asko pertsegitu, atxilotu, deserriratu, kartzelatu eta zanpatu ondoren bere desadostasun erabatekoa eta elkartasun azkenik gabekoa adieraztera mugatzen denean?

Ez al da aukera aparta galtzen ari haiek handik bultzaka eta gu hemendik bultzaka, berez amildegira doan estatuaren akaberan laguntzeko eta horrela munduari egitura ustel eta autoritario baten lekuan gizarte justuago batzuk eta kultur adierazpide batzuk eskaintzeko?

Ze interes klase ote dago (Hego) euskal herri honetan Katalunian urteotan gertatu den guztia isildu, itxuraldatu eta Madrileko ahots berberaz kontatzeko ?

Zergatik halako tema Espainiako estatua (orain arte izan den plantan, bederen) azkenetan delako ideia isilpean gordetzeko, ez bada, batzuen interesak hil-hurren den marko horretan erabat lekututa daudelako?

(Hego) euskal herritar bakoitza benetan desio zein duen barne-barnean begiratzen atrebituko balitz ez al litzateke gehiengo osoz aterako Katalunia gurekin gelditzeko nahi erabat eskizofrenikoa, alegia estatu guztiz lokatza jotako bati segida emateko desira lotsagarria?

Neoliberal porrokatuek esaten dutena esaten dutela, hain garbi dagoenean gizarte justuago bat eraikitzeko euskal errepublika batean aukerak biderkatzen direla, estatu guztiz endekatu batean segitzeko nahi ezkutatu horrek ez al du zer ikusirik euskara hegemonikoa litzatekeen euskal errepublika batean bizitzeko izu laborri endemiko batekin?

Ez al da hain justu ere, hizkuntzarekiko eta kulturarekiko dugun harremana Kataluniarekin dugun ezberdintasunik handiena, alegia haiek berenean gizarte guztiz kultua eta jantzia denean gu gurean gizarte erabat inkultua eta analfabetoa izatea?

Nola ulertuko ote dugu mundua hari begiratzeko dugun modu bakarra zenbakien, matematiken, legeen eta ekonomiaren betaurrekotik pasatu behar baldin bada eta betaurreko horiek kenduta zein miopeak garen konturatzen garenean?

Kataluniak honezkero deskonexioa egina duela hain garbi dagoenean ez al da hain justu ere izan Katalunian zurkaitzak -hizkuntza eta kultura- ederki jarrita eta guztiz sendotuta zituelako izan, gu oraindik ere, lehenbiziko harria jarri gabe dugunean eta ondorioz erabat konektatuta gaudenean?

Ez al da gauza jakina munduan deskonektatuta ez dagoela egoterik eta beraz deskonexioa esaten dugunean beste zerbaitetara konektatzera doala esaten ari garela eta denik eta konexiorik naturalena, justuena eta baketsuena, konexioa nork berearekin egitea dela, Katalunia kasu?

Berrogei urteotan gure agintarien politika nagusiak konexioa erabatekoa gauzatzera bideratzearen ondorioz ez al gara egun inoiz baino espainolagoak?

Katalunia errepublika independentearen sorreraren ondoren ze plana dute gure agintariek edo oposizioa egiten dieten horiek, transferentziak eskatzen segitu, akaso, nori eta bere buruari eusteko gai ez den estatu zerraldo bati?

Ez al daude agintari horiek, eta oposizioa egiten dieten horiek, herritar xumeoi azalpenak ematera behartuta?

Bota dudan lehenengo galdera ez al da memelokeria handia kontuan harturik Sokrates, Mandela, Gandhi … bezalako pertsona on-onak izan direla beti pertsegitu, atxilotu, deserriratu, kartzelatu eta zanpatuta izan direnak?

Galderak

9 pentsamendu “Galderak”-ri buruz

  • Kataluniak herrigintzan eta naziogintzan jardun du azken berrogei urteotan, estatugintzaz sobera arduratu gabe, 2006ko zaplaztekoa jaso zuten arte. Herrigintza eta naziogintza sendotuta zituztelako iritsi da aipatzen duzun deskonexio hori. Hemen aldiz estatugintzan jardun dute batzuk eta “enkajegintzan” besteak, baina biak ala biak herrigintza eta naziogintza kezka nagusitzat hartu gabe, herri eta nazio izatetik apurka baina etengabe urruntzen ari garela erreparatu gabe. Orain haiek bizkotxoa dute eta guk putzopila.

  • Nik ez dakit zer araua erabiltzen duzu, Hartsuaga, esateko katalanak primeran direla eta gu oso gaizki. Katalanak enbarrankatu egin dira Estatuaren kontrako borroka batean eta orain hauteskunde berriak datozenean estatu mailan ikusiko dugu zer izango duten aurrean. Ikusita dago sozialisten aurrean independentisten jokoa zer izan den, Sanchez erortzen uztea alegia. Vox, Ciudadanos eta PP boterera iristen badira, orduan izango ditugu, Orioko balearen aurrean bezala, biba eta txaloak. Eta putzopila partituko da Kataluniako eskola guztietan espainolek Kataluniako autonomia bigarrenekoz ezeztatzeko aukera egiten badute.
    NIk uste dut Espainiako tribunalak ez direla batere zuzenak eta seguru asko beren legediaren arabera Forcadell, Junqueras eta Cuixart ez liratekeela gartzelan egon behar. Baina horretara iristeko historia piska bat egin behar da: estatua probokatzea hauteskunde faltsu batzuekin, zeintzuetan gainera Kataluniako erabakitzeko eskubidea kolpatu egiten den, eta independentzia adierazpen erren batekin, hori dakar, estatuak estatu arrazoia erabiltzea bere aurkako arriskua ekiditeko. Junqueras, Puigdemont eta Gabrieltarrak, aberri ikuspegi batetik, inkopentente hutsak dira, Katalunia estatuaren erasoen pean utzi dute, beren gizartea zatitu dute, kriston kezka sortu dute eta honen soluzioa bide anker berdinetik jardutea omen da batzuentzat. Badakigu gure herrian zeintzuk diren hautu desastroso horren aldekoak.
    Goiko artikulua idatzi duen tipoak gainera nahiko luke euskaldunok eta abertzaleok gurutzada espainiar batean murgiltzea “estatu espainola” ondoratzeko. Eskubia eta eskubi muturra boterera igotzen direnean, nola egingo da hori, ene anonimo maitea? Biblian bezala estatuaren harresiak tronpeta hots batez eroriko al dira? Estralurtarrak gure laguntza etorriko dira? Edota Madurok interbentzio azkarreko gorputz bat du prest?
    Deskonexioa da erabiltzen duen hitz magikoa. Bai, sistema kapitalistatik deskonektatu behar omen dugu milenio polita azaldu dedin….
    Gure herritarrak mesianismo ustel horretaz agitz akiturik dira eta lotsagarria iruditzen zait norbaitek aintzakotzat hartzea horrelako gehiegikeri ustel eta arriskutsu bat. Katalanak ez dira eredu, barkatu, bai eredu dira, egin behar ez dugunarena, izan ere.

  • Ez nintzen ari azken bi urteotan hartu dituzten erabaki politikoez, aurreko hogeitamabost urteetan garatu duten herrigintzaz baizik. Nahiko garbi adierazita dagoela uste dut. “Hobe daudenik” ere ez dut orokorrean esan (gustura hartuko lukete Kontzertu Ekonomikoa zalantzarik gabe), herri izateari dagokionez baizik. Herriaren oinarria hizkuntza eta nortasuna badira, herri bezala guk urruti dugun koesioaren jabe direnik ezin uka. Hauek zehaztuta, ez nekike zer esan hartu duten bideari buruz. Bizitzan eta politikan, irabaztekoak diren pleitoetan baino ez sartzea komeni da. Baina ez dakit Katalunian une honetan nor ari den pleitoa irabazten. Espaniaren zigor anker honek zer eragingo duen ikusita esango dizut. Herria sendo badago eta indepentisten kopuruak datozen urteetan gora egiten badu, Espainiaz erabat gogaituta, itzulbiderik gabeko joera garbi batean, independentzia erdietsiko dute Europaren eskutik. Alta, Espainiaren indar erakustaldiak independentzia-zaletasuna ahultzea lortzen badu, gizartean zabalduko den frustrazioa latza izango da. Zernahi dela eta,nabarmendu nahi nuena da, gure kasuan egoera horretara iristeko aukerarik ere ez legokeela, herri bezala ez dugulako haien sendotasunaren laurdenik ere.

  • Ene Hartsuaga, katalanen kultur arazoa Espainiarekiko agitzez ahulagoa da gurea baino zeren eta beren hizkuntza eta kultura Espainikoaren oso antzekoa baita. Gure kultur arazoaren larritasuna horretan datza, bai hizkuntzaz eta bai pentsakeran politikoan oso urrun egon garela eta garela Espainiatik. Herri txikiagoa izaki, espainiar olatuak errazago jan gaitzake, gainera.
    Independentistek ez dute batere zintzo jokatu herriarekin, independentzia adierazpen bat egin baitute herriaren aldekotasunik gabe. Eta Katalunia bitan zatiturik dago. Independentisten kopuruak gora joko duela hori ezin daiteke baieztatu zeren eta igaro dira zenbait hauteskunde eta proportzioa egonkorra baita. Gizarte bat horrela etengabeki erdibitua edukitzea ez da inongo aurrerapena. Dakiguna eta gertatu dena zera da, guztiz kontrakoa, estatuak aitzaki bat aurkitu duela eta autonomia ezabatu egin duela. Datozen eskubitar espainolek hori dute buruan boterera iristen direnean. Bai, esango didazu horrelakorik gertatuko balitz orduan independentisten kopurua… Bitartean gizarte oso bat kezka eta noraeza inpresioaren azpian bizi beharko da eta bitarte hori etengabea izan daiteke.
    Gure arazoa larriagoa da gure diferenteago garelako. Euskal belaunaldi bakoitzari dagokio bere nortasuna gordetzea egoera berri baten aurrean. Nola egin hori? Hortxe dago kakoa.

  • Ez dago dudarik: katalanek errazago eduki dute bi hizkuntzen elkarbizitza linguistikoki askoz hurbilago daudelako elkarrengandik. Tranpa handia litzateke baina, hori geure burua zuritzeko erabiliko bagenu. Nik biren arteko aldeetan hauetxek azpimarratuko nituzke:
    -Berrogei urteotan eta askoz lehenagotik ere katalanek haien hizkuntza eta kultura zaintzeko eta babesteko egin duten lanak ez du parekorik gurean, eta emaitzak hor daude.
    -Gurean, berriz, XVII. menderako guztiz finkatuta zen egun indarrean den ohikeria, izurri, gaitz guztiz hilgarria: Gure jauntxoek negozioak egiteko gaztelania apain bat lantzea, prestigiatzea eta hedatzea; euskara maitasun idiliko baterako utziz eta politikoki behar zenean tiraderatik ateratzeko aldarri sutsuak egiteko. Gure egungo jauntxoen portaera ikustea besterik ez da behar gauzak zein gutxi aldatu diren konturatzeko.
    -Euskaldunen gutxitasun konplexua halaxe sortu zen orduan eta ederki garatuta iritsi da gure egunetara.
    .-Berrogei urteotan gure agintarien jardun guztia Espainia eta espainiar nazionalismoarekin elkarlanean, enpresariago potoloaren mesedetan ekonomia neoliberal gogorra ezartzea izan da, eta horretarako hizkuntza eta kultura errekan itotzen uzteko batere eskrupulurik ez dute izan.
    -78. urte hartatik aurrera aukera aparta bota zuten putzura, esaterako, honako hauek egiteko: Instituzio politikoak eta klase politiko osoa modu progresiboan euskalduntzeko, hezkuntzan eskolarekin batera etxea eta kalea bere baitan hartuko zituen murgiltze programa sendo bat antolatzeko, euskarazko unibertsitate bat eraikitzeko, proiektu handi horretan tresna funtsezkoa beharko zukeen EITB bat eratzeko, euskarazko komunikabide sistema gotor bat sortzeko, literatur eta itzulpen sistema indartsu bat finkatzeko, teknologia berrietan euskarazko agerbideak ez zokoratzeko e.a.
    Hori guztia ez egiteak, Madrilekiko negozioei lehentasun guztizkoa emateak herriaren lausotze, murrizte, higatze eta denborarekin desagertzea dakarte. Katalunia herria da urteetan lan handia egin dutelako, gu “zein ondo gauden” mantra errepikatzearen errepikatzeaz herria desegin eta inor baino espainolagoak bihurtzen ari gara.
    Katalunia herria da, guk lehenbiziko harriak jarri gabe dauzkagun bitartean. Katalunia herria delako tiburoi handi horrek ez daki letaginak nondik sartu ere, katalunia herria delako(egunotako epaiketa lekuko). Gurekin berriz tiburoi handiak nahikoa du buztankada leun bat hala behar denean, gurean ez baita herria.
    Izan ondo.

  • Euskaldunen eta espainol/katalanen arteko kultur eta politika diferentzia aipatzea ez da tranpa handia, egitate handi bat, baizik. Itsaso latino baten erdian bitxitasun antzinako baten irla gara euskaldunak, eta ez bakarrik hizkuntzari dagokionez. Zuk, Harrigarri, kualitatiboa dena kuantitatiboa bihurtu nahi duzu, ez dakit zer funtzionatu izan ezpalu gure herrian eta ordea Katalunian bai. Ba ez nago batere konforme.
    Euskaldunok negozioak egin behar bazituen gaztelarrekin gazteleraz hitzegingo zuen, eta euskaldunekin euskaraz. Batez ere bestela egitea ezinezkoa litzatekeelako. Beldur naiz, Harrigarri, gaur egungo inpresio faltsu bat iraganera proiektatzen ari zaren. Izan fidelago historiaren egitateekin.
    Euskaldunon gutxitasun konplexua gauza agitzez modernoagoa da eta erdal hezkuntza foruak kendu eta gero sortutakoa. Beraz (Iparraldea hartuta) XVIII-XIX mendean irakasle espainolek ala espainolzaleek sortutakoa.
    Euskal nortasuna eta euskal kultura neoliberalismoa eta enpresarien kontrako borrokarekin nahastea ankasartze itzela da, harrigarri, eta gainera ez du ondorio txarrik besterik ekarri. Ezker abertzalearen lorpenen ekarria begiratzea besterik ez dago horretarako.
    Azken berrogei urteetan sortu baldin bada euskal eskola, unibertsitatea, telebista eta abar zuk kritikatzenn dituzun horiengatik izan da, eta ez neoliberalismoaren aitzakiz jendea hiltzen zutenen aldetik.
    Euskalduntzea gauza progresiboa da eta jauziak ez dira gertatzen. Gaur egun Bigarren Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza erabat euskaldundurik ditugu. Begira zazu 78an nola zegoen euskal hezkuntza eta ikusiko duzu gure gurasoek pentsa ez zezaketen aurrerakada.
    Katalunian klase politiko batek bai egin dituela negozio borobil eta ustelak katalantasunaren kontuan. Eta katalanak oso egoera txarrean dira. Bihar bertan, Vox-PP-Cs hezkuntza interbenitzen badute eta autonomia ezabatu, orduan ikusiko ditugu itzelezko aurrerapenak, baina kontrara.
    Izan ondo zu ere.

  • Tira, honekin gehiegi luzatu nahi izan gabe, honatx:
    1-Katalanek linguistikoki errazago eduki dutela neronek azpimarratzen dut, eta tranpa, uste dut garbi uzten dudala, hori esatea ez baizik eta hori beste gauza asko (egin direnak zein egin ez direnak) estaltzeko erabiltzea dela tranpa. 2-Nik ez dut kritikatu gaztelauekin negozioak egin behar baziren gaztelera erabiltzea, nik garai hartako jauntxo haien portaerak gazteleraren prestigiatzea eta euskararen ezestea ekarri zituela azpimarratu dut. 3- Nik ez dut euskal kultura eta neoliberalismoa nahastu, nik esan dut enpresarien mesedetan neoliberalismo gogorra ezartzea izan dela gure gaur egungo jauntxoen lehentasuna eta horretarako ez dutela eskrupulurik eduki hizkuntza eta kultura bazterrean uzteko.4- Eskola? Unibertsitatea? Telebista? Tira, ez dakit lurralde berean bizi garen baina, hara: Eskola, oraintxe eskandalizatu berriak gara segregazioa garbia sortarazten duen ereduen ereduako D ereduak ere ez duelako euskalduntzea ziurtatzen. Raxoik berak Kataluniako kritikatzen ari zela jarri zuen eredu hezkuntzaren baskongadiletako sistema. Unibertsitatea? Ez, ba, berrogei urte pasa ondoren euskarazko unibertsitaterik ez dago.Telebistaz? EITBz ari zara? Hobe tele5, tele6, eta tele4, hizkuntza bera eta programzioa hobea. Ez gaude, ez, ezertan ere konforme baina estimatuko nizuke ondo leitzeko testua erantzun aurretik. Izan ondo, bentazar!

  • Ene Harrigarri, tranpa dena katalana eta euskara artean soziolinguistikoki konparazio bat egitea da. Jauntxoen kontua, lehen esan dizut, balio dizu gaurko “ustezko” jauntxoen jarraipena aipatzeko. Baina Harrigarri, kontatuko dizut, frankismoan, ikastolen mugimendua EAJko jendeak eta EAJko maistra-maistruek hasi zuten. Iraganari dagokionez, gauza berdina, euskaldunen konplexua erdal heziketa inposatzen denean gertatzen da, behin foruak galduta. Horren aurretik, euskal eskolak baziren eta euskal erretorikarako irakaspenak ematen ziren eliza eta seminarioetan. Euskal historia beste antiapar euskaltzaleagoekin begiratu beharko zenuke, eta anti-jauntxismoaren jauntxokeria baztertu.
    Ekonomiaren sektore pribatuaren, hau da, enpresarien eraginkortasuna bultzatzea eta hizkuntza-kulturaren politika ez dira kontrajarriak. Kontuan izan, Harrigarri, euskal enpresa euskal familia eta euskal etxearen emaitza dela. Barkatuko didazu baina euskal eskola Euskadin euskaldundua dago. Eskolak ez du, noski, euskalduntzea ziurtatzen, gizakia baita horren erantzule eta, egia da, baditugu 100000 euskaldun inguru euskara ahaztu dutenak, Saizarbitoriak bere liburuan esan bezala. Baina hori gizakien burujabetzaren ondorio da. Eskola euskaldundua dago zure ustezko jauntxo horiengatik, “erradikal”-marxista-antineoliberalek jendea hiltzen zuten bitartean.
    Berrogei urte pasa ondoren badago euskal unibertsitatea eta euskal telebista. Bi mundu desberdinetan bizi gara, itxura denez. Ebidentziak ukatzea argudiorik gabe, hori da dakusadana zure testua ondo irakurri eta gero. Ondo izan zu ere.