Gaizki pentsatu eta…
Gaizki pentsatu eta… –
Japoniara joan ginenean, hau da, 2006ko azaroaren hasieran, Elkarri izeneko aldizkari bat argitaratzen zen hilero, eta, Iruñeko udaletxeraino ere iristen zen. Kontua zera da, Asiako uharte hartara joan baino lehen, Elkarri edo Lokarri (orain ez dut seguru gogoratzen) gizarte mugimenduko arduradun batek eskatu zidala, itzuli ondoren, artikulu bat idazteko Japoniari buruz, alegia, ikusitakoaren arabera, kontatzeko pixka bat hango ezaugarri batzuk, eta, beste gauza batzuen artean, jakina, adierazteko zer-nolakoak ziren Japoniako gizartea, elkarbizitza eta abar; esan bezala, Elkarri izeneko aldizkarian plazaratzeko.
Gauzak hala, Japonian ibili ginen egun haietan guztietan, arreta handia jartzen nion hango gorabehera orori, geroago, itzuli ondoren, aldizkarian funtsezko zerbait kontatu ahal izateko.
Eta, esan eta egin. Japoniatik itzuli eta gero, hainbat eta hainbat gauzatxo kontatu nituen euskaraz, Elkarri izeneko hilabetekari hartan, eskatu zidaten bezala; nik neure hitza behintzat bete nuen.
Bizpahiru aste igaro ziren, eta, egun jakin batean, udaletxeko korridore baten erdian, Ana Setienekin topatu nintzen -pertsona batzuen arabera, emakume hau, une hartan, Yolanda Barcina alkate andrearen eskuin eskua omen zen-, eta zera esan zidan, ironia aire batekin:
-Xanti, hilabete honetako Elkarri aldizkarian, ikusi diat zerbait idatzi duala.
-A bai, bai! Japoniari buruz idatzi dinat pixka bat, aldizkarikoek berek halaxe eskatuta-, erantzun nion. Kontuan hartu behar da, Ana Setien bera ere, gurekin joan zela Japoniara, nahiz eta bera zinegotzia ez izan, baina bai, ordea, Yolanda Barcinaren lagun mina, gorago azaldu dudan bezalaxe.
-A, bai? Auskalo zer-nolako txakurkeriak esan ote dituan gutaz!, ulertzen ez dugunez gero. -Hots egin zuen erdi txantxetan, erdi benetan.
-Txakurkeriak? Ez, ez, inondik ere ez! Ez txakurkeriarik, ez maltzurkeriarik eta ezta jukutriarik ere! Deus antzekorik ez! Kontatu dudana izan dun, Japoniako gizartean ikusitakoa; besterik ez! Eta fidatzen ez bahaiz, eskatu, ba, itzulpena udaleko itzultzaile profesionalei! -Esan nion.
-Ai! Badakik, Xanti, zer dioen esaera zaharrak: <Gaizki pentsatu eta asmatuko duk>.
-Ez, ba! -Erantzun nion nik irmo-. Gaizki pentsatu, baina ez dun asmatuko!
Bitxia da ikustea zer-nolako susmo txarra izaten duen jende askok, berea ez den beste hizkuntza batean hitz egiten edo idazten denean, bereziki hizkuntza hori gutxitua dagoenean!