Gaizki eta hobeto

Gaizki eta hobeto –

Aste batzuez atseden hartu dugu, tarte batez behintzat, atsedena hartzeko pribilegioa dugunok. Hirugarren batentzat lan egiten baduzu, irakurle, ordainaren zati bat erabiliko du horretarako, zure eskubidea delako. Zure kasa lan egiten baduzu, aurreztutakotik tira egin duzu, zure eskubidea delako. Oraindik lanaren munduan barneratu ez bazara, litekeena da gurasoen edo auskalo noren sostengua behar izatea astetxo hori egiteko adiskideekin. Kontua “nola” da, ez “zer”. Huskeria dirudi, baina jauzi handia da. Gure aiton-amonek ez zuten sekula oporrik hartu, lana eta bizitza bat eta bakarra zirelako biziraupenaren sokan. Gaur egun atseden hartzeko aukera badugu (ongi irabazita, dudarik ez), kolektiboki beste askok egindako lanari esker izan da.

Gaizki eta hobeto
Arg: aNto

Beste horrenbeste esan genezake, adibidez, oinarri-oinarrizkotzat jotzen ditugun beste aurrerabide globalez. Munduan, batez beste, kapaz izan gara luxua ziruditen lorpen asko bideratzeko. Ikuspegi historikoari esker errazago antzematen da hori, urrutira begiratzeko betaurrekoak jantzi behar baitira eguneroko miseriek eragiten diguten miopia gainditzeko.

Datu makroekonomikoek esaten digute muturreko pobrezian bizi direnen kopuruak beheranzko joeran jarraitzen duela, salbuespenak salbuespen. Oinarrizko hezkuntzaren adierazleek berdin, eta baita garapen teknologikoak ahalbidetu dituen beste zenbait arlotan ere. Bai, baina ez da nahikoa.

Batak ez du bestea kentzen, dio herri-jakintzak. Ongizate globalean lortu dugun garapenaren maila pentsaezina zatekeen, adibidez, duela mende bateko gure aurrekoentzat, baina ez gara gai izan milioika pertsona pobretzen jarraitzen duten korapiloak askatzeko, bidezkoagoa eta solidarioagoa zatekeen bizitza denontzat egiteko. Posible da, baina ez dugu asmatu.

Eskerronekoa naiz, baina ez inozoa. Baikorra naiz, baina ez itsua. Munduko leku askotan, eta gurean bertan antzeman ditzakegun beste mundu txiki askotan, bidea egiteke dago oraindik. Eskubideek luxu bat izaten jarraitzen duten bitartean, desberdintasunek justizia sozialik ezaren ispiluaren aurrean jartzen gaituzten bitartean, ez da nahikoa izango. Aurrerapena ez da lineala eta ez da unibertsala, nahiz eta gure pribilegioetatik begiratzen dugunean halaxe iruditzen zaigun. Ulertzen dut giza-garapenaren onurez ahopeka hitz egiten dugula, adibidez, munduko miseriari aurrez aurre begiratzen diogunean.

Oporretara joan gara, baina munduko ankerkeriek ez dute atsedenik hartu. Denbora dezente behar izan dut oinarrizko zerbait ulertzeko: gauzak ez daude ondo, baina hobeto daude. Edo nahiago bada: gauzak hobeto daude, baina ez daude ondo.

Ahal baduzu, irakurle, atseden hartu, lan asko dugu eta. Bi gauzak aldi berean posible dira.

Bikiak

Gaizki eta hobeto

Kazetaria. Idazlea lantzean behin. Enpresa-komunikazioa, berrikuntza, dibulgazioa eta poesia lantzen ditu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude