Gaindosiak gaixotu gaitu
Gaindosiak gaixotu gaitu. Garbi ez daukadana da baieztapen hori diagnostiko bat edo autopsia bat den.
Ezin baita barneratu plazaratzen diren albiste-bonben hedatze-uhin eskasa.
- Ameriketako Estatu Batuek zartarazi zuten Nord Stream gaseoduktoa, presidentearen aginduz eta Norvegiaren laguntzarekin. Alemaniaren eta Errusiaren aurkako eraso zuzen bat, Ukraniako gerra hasi baino lehen mahai gainean zegoena. Eta?
- Pfizerrek milioika txerto saldu zituen aurretik koronabirusaren aurka behar bezala funtzionatzen zutela frogatu gabe. Eta?
- Saltzen dutena inoiz baino garestiago saltzen dutenek inoiz baino gehiago irabazten dute, urtero. Eta?
- eta abar, eta abar…
Ukabilkada gehiegi dira, krotxeta masailezurrean, gantxoa kokotsean, golpe baxua sabelean… eta horrela ez dago bururik altxatzerik.
Sumintzeko gaitasuna duen herria garela esango nuke, denagatik ezin dena sumindu bestela ezingo litzatekelako bizi, ados, baina batetik erantzun eta bestetik bide propioak urratzeko kapazitatea duena. Boxeo kontuekin jarraituta, hanka joko eder bat baliatu beharko dugu oreka berreskuratu eta, uneren batean, kolpeak itzultzen hasteko. Bestela bizitza duinak hanka egingo digulako.