Gabonak Gandiagaren ikusian, arnas berriko egunak
Gabonak Gandiagaren ikusian –
Gabonei zentzu erlijiiosoa eman edo ez, familarte giroko egun bereziak ditugunik inor gutxik jarriko du zalantzan. Senitartekoen faltan, teorian poza beharko luekeen horrek, guztiz kontrakora eginez, pena eta oso nekez eramateko egun bilakarazten ditu Gabon-egunak. Dena den, pozetik hartzera, zinez ospakizunerako eta pozerako eguntzat zituen Bitoriano Gandiagak Gabon garaiko hauek:
“Abendua gerturatu zaigunerako, nor ez da Gabon-jaiekin oroitu? Eta Gabonekin oroitu orduko, pozak nori ez dio barrutik kilimatu?” (Hitz lauz idazten, 97. or).
Ez da edonolako poza Gandiagak Gabonekin lotzen duen hori. Azaletiko poza izan ez, eta bizitzatik bizitako poza hartzen du burutan Gandiagak. Bizitzaren, norbere bizitzaren, zentzuaren gaineko hausnarketatik bizitzeko egunak ditugu Gabonetakoak, bere ikusirako:
“… nahiz-ta figuratxozko belenik ez egin, bakoiza norbere barruko belena egitetik inola ere ezin gindezke aldendu. Ta, ordua da aurreneko prestakizunak egiten hasi gaitezen” (Hitz lauz idazten, 98. or).
Norbere bizitza begiztatze huts soil arin bat izan beharrean, patsadaz baina sakon eta nolabaiteko balioeste kritiko batetik egin beharrekoa litzateke dena delako bizitza hausnarketa hori, non zer argiturik eta zer garbiturik ere topatuko baitugu:
“Norbere belen honek bere akatsak baditu, ta, lehenengoa, bakoitzak ikusi dezakegula bakarrik; baina irudiak-eta erosten ez du lanik, ezta etxeari baxterrik ostu beharrik ere. Horregatik belen hau bakoitzak nahi bezelako haundia ta ugaria egin gene-zake. Baina, beharbada, hori bai: gure barruko irudi hoiek ere garbitu ta argitu preminan izango gera” (Hitz lauz idazten, 98. or).
Dena den, behe eguzkia, egunak labur eta eguraldi kaskarra tarteko, sasoi honetako kanpo iluntasunaren eta Gabonei berez darien argiaren arteko kontrastean jartzen du azpimarra Bitorainok. Kanpoaldea ilundu ahala, barnealdea argituz doa, eta, hartara, zinez giro berezia sortuz. Kanpoko ilunak gorena jo duen horretan, zer eta barruko, familiarteko, etxeko behe suko argia urtean zeharreko inoizkorik gorenen ikusiko du Gandiagak:
“Zulo bat egingo dut. Aldia dut zulatuko aspaldian zehar, harik eta haurtzaroko Gabonen bazterra ikustera heldu arte. Gabon-bezperako airean intxaur apurtuen usaina ere badago, baina intxaur-saltsa egiteko arazook eta amak berak hartzen zituen gu kanpoko zereginetan genbiltzan artean. Kanpoko argia laburra da Gabon-bezperan, suertez. Inoiz bada, gaur dugu guk sutondorako gogoa. Ilunabarrak ere bai, baina batez ere sukalde-an amak ari dituenek garamatzate barrura. Gaur zeharo ilundu baino lehen du amak karburoa biztu eta inoizko alaien du esan gabon. Gabon erantzun diogu sekulako pozik. Kanpoa ilundu ahala, barrua doa argituz hemen. “Aita, Hariztileunetik ekarri genituen mukurrek bai su ederra!”. Irribarre zabal batez erantzun dit aitak” (Gabon dut anuntzio, 309. or.)
Kontraste garaia dira Gabonak, Gandiagaren ikusian. Eurena baina, ez da hala moduzko kontrastea. Etenetik ernatutako kontrastea baizik dugu berau, eta, bateratsuki, kontrastetik sorturiko etena, bi-biak. Egunorokoan, gure bizitzaren joanean, urtean zeharreango betibateko horretan, etenaldiatxo batean sartu ohi gara Gabonetan. Beti kanpora bizi behar izate horri hesi modutxoko bat jarri, eta barrualdera, eta etxe barruraka, eragiten digute Gabonek, familiartera, gertukoenengana, egunorokoaren beharrak behar beste zaindua ez dugun “intimotasun” horretara, bai eta, finean, nork bere burua barne-biltze aldera ere. Eta barne aldera egite horren ondorenez, berez ilun den urtaroa, buzti eta umel diren egunak, gris eta kolorebako dugun egunerokotasun itogarria, argitsu, disitirant, abegikor eta epel dira bilakatzen eta dena betibateko diren egunek behar duten arnas bizigarria hartzen dute, euren ibilbidea urratzen jarrai dezaten berriz ere.