Gabonak gabonaldian ospatu al daitezke egun?

Gabonak gabonaldian ospatu al daitezke egun? – 

Oraintsu arte, gurea bezalako jada giro aspaldiskotik sekularizatuxeetan, eguberriak, gabonak, partekatutako gizarte festa-ospakizuntzat onartu da, non, bai batzuek bere erlijio-zentzutik, bai bestetzuek hortik kanpoko giza edo gizarte zentzu orokor batetik, komunean partekatutako anaitasun sinbolo sentitu uste dugun beroiek. Urtean zehar egunerokotasuna gehien bestelakotzen duen ospakizuna dugu eguberrialdia gure gizarte modernoetan, eta parte hartzerik zabalena eragiten duena, hori zioskun J.Dumazedier-ek (Hacia una civilización del Ocio, cfr. 74, or.). Jende guztiaren ikusian ospakizuna erlijiosoa ez bada ere, bai, aldiz, gehienon ikusian, familia eta bereziki haurreria erdigunean duen ospakizuna da eta oraindik oso ere oso kolektiboa duguna.

Esanda moduan, are giro sekularizatuenetan eta, gehienetan, erlijiogabeenetan, ere, gabonak gogo onez anaitasun sinbolotzat onartu ohi dira, gizadiaren anaitasun kultur sinbolotzat (Xabier Basurko, Veinte estudios sobre el culto y la cultura, cfr. 395). Senitartekoen artean bat egiteko denbora eta, oro har, adiskidetze denboratzat jo ohi dira eguberriak oso modu natural batez. Horren adierazgarri-edo, urteetan eta urteetan Donostiako eliz barrutian Setien gotzainak bakegintzara propio dedikatu izana eguberri eta horren aurretikoak. Gabonak anaitasun, adiskidetze denbora izatea jada oso “cliché” ere bilakatu zaigu. Horren adibide oso adierazgarri-edo dakardan, esaterako, Martin Luther King-en segidako hitz hauek:

Zera amesten dut… egunen batean gizaki guztiek euren gainetik egon ahal izango dira eta elkarrekin, bat-bat eginik, anaidi handi batean, bizi ahal izateko jaioak direla ulertuko dute. Oraindik harako Gabonetako goiz horretan amesten dut… zeinean gizaki orok giza duintasun eta balioa errespetatuko ditu” (“I have a dream”).

Dena den, honekin guzionekin ere, eta esanda moduan, Eguberriek sinbolo diren aldetik, anbiguotasunaren arriskua dute hor betiro orpoz orpo mehatxuka, eta, oroz gain, manipulazioaren mehatxu ezin saihestuzkoa ate joka.

Gabonak, erlijio ikuspuntutik zein ez, historian zehar giza taldeetan kultur edo erlijio ordezkapen-segidaren baitan uler daitezke, eta Erdi Aroan neguko solstizioaren ospakizun paganoaren gainean eratu zen bezalatsu, egungo egunean zentzu erlijiosoaren gainean eraikitako ospakizun laikotzat jotzen dute batzuek, huts-hutsik, nahiz-eta, bestetzuok, batera, eta lehian sartu gabe, gizarte zentzu orokortu horrez gain, bere oinarri eta zentzu erlijioso sakona aitortu. Orduan, egungo egunean, eta orain artean behintzat, kultur mailako zentzu ordezkapen horren aurrez aurre gaude, hein batean, baina, bateratsu, bestalde, ospakizunaren bi zentzuen arteko elkarbizitza natural eta bateragarriaren aurrez aurre ere.

Bi zentzuren arteko elkarbizitza bateragarri hau oso naturala eta izatezkoa izan badugu ere orain artean, baditugu  berriki bateragarritasun horren kontra sutsu, oso saiatuki, ari direnak, eta berez, izatez,  eta beste ezeren beharrik gabe, diharduen bi zentzu hauen arteko harmonia hori txikitu nahi dutenak kosta ahala kosta. Gabonak guztiz hustu, erlijiogabetu beharko liratekeela aldarrikatu eta aldarrikatu ari direnak hor ditugu, gizarte guztiz laiko baten alde, omen. Interesgarria erronka-fenomeno hau, interesgarria azterketa ideologiko batetik begiztatzeko eta akademikoki aztertzeko, ikusteko bertatik bertara arrazionalismo ideologiko hutsetik bultzatutako gertakari artifizial bat bezala, eta interesgarria bezain artifiziosoa eta irrealismotik guztia daukana. Dena den, zer esan baina?, bada, zera baino ez dugula, jada ohiko eta ezagun ditugun beste “ismo”-etako bat… besteetariko bat baino ez, honako honetan baina, hain guztiz ideologikoa, eta bateratsu hain kultur apurrik gabekoa, non nekoso egingo zaion zinez gertakari gisa klub-gune oso ideologizatu  horren mugarriak gainditzea.

Antropologikoki, soziologikoki, baina, gabonekikoetan aztertu beharko genukeen gertakaria kontsumismoaren uholdarena da. Bigarren hau, gorago aipatutako gabonak guztiz laikotze alderako tema ez bezala,  bene-benetakoa da, berez jada egun ematen dena,  ekin eta ekin diharduena, guztiz  errotua dagoena gure artean. Izurrite dugu jada uholde kontsumista hau, gabonak zinez pozoitzen, hutsaltzen eta guztiz bestelakotzen dituena. Kristoren jaiotzaren ospakizuna izan baino lehen, ospakizun paganoa genuen egun hauetakoa, neguko solstizioa ospatzea xede zuena. Gurera begira jarrita, aurre-oinarri horri buruz ere mintzo gintezke, eta, Olentzeroarena aipatuta, beste horrenbeste egin. Bi geruza, eta gerora, ez dakit nik bada, ordezkapen hutsaz hitz egiterik ote dagoenetz edo, horretaz bainoago, bi geruzaren arteko gain ezartze bati buruz aritu beharko ote genukeen. Gabonak, beste zeinahi kultur gertakari bezala, bilakaeran eta atergabeko eraldatze prozesu batean ari dira. Ezin horri hesi jarri, huts-hutsetik, ex nihilo egindako ahalegin artifiziosoek porrota patu duten bezala. Baina ziztuz eta azkar batean eraldatuz doazen gabonei buruz zer esan genezake? Zer dugu egungo egunean gabonetan kristau-kristauak genituen harako horietarik? Zer dugu egungo egunean gabonetan gure sustrai pagano harako horietatik? Eta giza mailako anaidi espiritutik?… Eta geruza batetik, edo bestetik, edota bien edo hiruen arteko juxtaposizio bateragarritik, zer dugu jada gure egungo gabonetan?

Nik, geruza baten alde eginez, erlijio geruzaren aldeko hausnarketa bat hona ekarri eta, bide batez, neure egin nahian, honatx Kar Rahner teologoaren hitzak:

Gabonak gerturatzen ari dira, eta gizaki eta kristauak bezala, sentimendu oso nahasiez murgiltzen gara, urtero bezala, gain-gainean ditugun festa hauetan. Espero izatekoa denez, Gabonetako mugimenduek eta zalapartak pixka batean atzera botatzen gaituzte, dekoratu ezin kursiagoek, eta beroien baitan bor-bor deika ari zaigun kontsumitzeko deiak, zein oparitua izateko eta oparitzeko presioa ezin ekidinezkoak, eta mendebete eskaseko tradizioak duen ospakizun molde honek sortzen digun sentimentalismo burgesak, zintzoki hitz eginda, berez Elizak, ez bere irakatsiak, berez zabaldutakoa ez den sentimentalismo azaleko horrek… horrek guztiak beldur-izu pixka bat ematen digu. Kristauak garen aldetik, harri-harri eginda, sor eta lor, galdegiten diogu geure buruari behin eta berriz ea ahal ditugun edo behar ditugun (eta zer arrazoi tarteko galdetuta) Gabonetan Gabonak ospatu” (Karl Rahner, Dios con nosotros. Meditaciones, 41.or)

Behar al ditugu Gabonetan Gabonak ospatu?

Gabonak gabonaldian ospatu al daitezke egun?

Teologia ikasitakoa. Gai filosofiko eta espiritualetan jardunda.