Gabonak, betekadaz hustu bidean

Gabonak, betekadaz hustu bidean –

Oraintsu arte, gurea bezalako jada giro aspaldiskotik sekularizatuxeetan, Eguberriak, Gabonak, partekatutako gizarte festa-ospakizuntzat onartu da, non, bai batzuok bere erlijio-zentzutik, bai bestetzuek hortik kanpoko giza edo gizarte zentzu orokor batetik, komunean partekatutako anaitasun sinbolotzat baitugu. Urtean zehar egunerokotasuna gehien bestelakotzen duen ospakizuna dugu Eguberrialdia, eta parte hartzerik zabalena eragiten duena, hori zioskun J.Dumazedier-ek (Hacia una civilización del Ocio, cfr. 74, or.). Jende guztiaren ikusian ospakizun hau jada erlijiosoa ez bada ere, gehienon edo guztion ikusian, sikiera familia eta bereziki haurreria erdigunean duen ospakizun guztiz kolektiboa bada. Are giro sekularizatuenetan eta, gehienetan, erlijiogabeenetan, ere, Gabonak gogo onez anaitasun sinbolotzat onartu ohi dira, gizadiaren anaitasun kultur sinbolotzat (Xabier Basurko, Veinte estudios sobre el culto y la cultura, cfr. 395). Senitartekoen artean bat egiteko denbora eta, oro har, adiskidetze denboratzat jo ohi dira Eguberriak oso modu natural batez.

Gabonak, erlijio ikuspuntutik zein ez, historian zehar giza taldeetan kultur edo erlijio ordezkapen-segidaren baitan uler daitezke, eta Erdi Aroan neguko solstizioaren ospakizun paganoaren gainean eratu zen bezalatsu, egungo egunean zentzu erlijiosokoaren gainean eraikitako ospakizun laikotzat jotzen dute batzuek, huts-hutsik, nahiz-eta, bestetzuok, batera, eta lehian sartu gabe, gizarte zentzu orokortu horrez gain, bere oinarri eta zentzu erlijioso sakona ere aitortzen jarraitzen dugun.

Bi zentzuren arteko elkarbizitza bateragarri hau oso naturala eta izatezkoa izan badugu ere orain artean, baditugu berriki bateragarritasun horren kontra sutsu, oso saiatuki, ari direnak, eta berez, izatez, eta beste ezeren beharrik gabe, diharduen bi zentzu hauen arteko harmonia hori txikitu nahi dutenak kosta ahala kosta. Gabonak guztiz hustu, erlijiogabetu beharko liratekeela aldarrikatu eta aldarrikatu ari direnak hor ditugu, gizarte guztiz laiko baten alde, omen. Arrazionalismo ideologiko hutsetik bultzatutako gertakari artifizialtzat jo beharko genuke berau, eta, egi-egia esatera, ziurrenik, interesgarria soziologikoki aztertze aldera, baina artifiziosoa oso eta, betiere, irrealismotik dena eta guztia daukana. Ezagun ohi ditugun beste “ismo”-etariko bat baino ez azken finean… honako honetan baina, hain guztiz ideologikoa, eta bateratsu hain kultur oinarri apurrik gabekoa, non, gertakariari nekoso, zail eta ezinezko egingo zaion “ismo” beteko klub-gune oso ideologizatuaren mugarriak gainditzea.

Kontsumismoaren uholde itsua eta merkatuaren ezin asetuzko gosea geneuzkake baina Gabonen aipatu bi zuentzu sakoenen (elijiosoa zein intimoa edota familia mailakoa) izatezko eta zinezko galbide eta ustelgarri. Izurrite dugu jada uholde kontsumista, gabonak zinez pozoitzen, hutsaltzen eta zentzuz guztiz bestelakotzen dituena. Gabonak, beste zeinahi kultur gertakari bezala, bilakaeran eta atergabeko eraldatze prozesu batean ari dira eta arituko dira, ezin uka. Ezin horri inondik hesi jarri, huts-hutsetik, gorago aipatu dudan ex nihilo bultzatutako ahalegin artifiziosoen porrotarekin gertatzen den ez bezala. Alabaina, merkatu gupidagabearen erasanez, barne-barnetik Gabonek, eduki, zeukaten, zentzu sakonaren (izan erlijiosoa, izan sekularra) husteltze eta huste erabateko hau ez nuke nik aipatu kultur ordezkapen-bilakaeraren kate-begitzat joko. Guztiz bestetara baizik, Gabonak berez jada obratzen ari ziren eraldaketa-bilakaeraren behin betiko etena eta akabera ekar lezakete luza gehiegi gabe.

Nik, besteen hautuarekiko errespetu osoz baina ez horregatik nirearen alde egiteari uko eginez, erlijio geruzaren aldeko hausnarketa bat hona ekarri eta, bide batez, neure egin nahian, honatx Kar Rahner teologoaren hitzak:

Gabonak gerturatzen ari dira, eta gizaki eta kristauak bezala, sentimendu oso nahasiez murgiltzen gara, urtero bezala, gain-gainean ditugun festa hauetan. Espero izatekoa denez, Gabonetako mugimenduek eta zalapartak pixka batean atzera botatzen gaituzte, dekoratu ezin kursiagoek, eta beroien baitan bor-bor deika ari zaigun kontsumitzeko deiak, zein oparitua izateko eta oparitzeko presioa ezin ekidinezkoak, eta mendebete eskaseko tradizioak duen ospakizun molde honek sortzen digun sentimentalismo burgesak, zintzoki hitz eginda, berez Elizak, ez bere irakatsiak, berez zabaldutakoa ez den sentimentalismo azaleko horrek… horrek guztiak beldur-izu pixka bat ematen digu. Kristauak garen aldetik, harri-harri eginda, sor eta lor, galdegiten diogu geure buruari behin eta berriz ea ahal ditugun edo behar ditugun (eta zer arrazoi tarteko galdetuta) Gabonetan Gabonak ospatu” (Karl Rahner, Dios con nosotros. Meditaciones, 41.or)

Igor Goitia

Gabonak, betekadaz hustu bidean

Nola zaude?

Teologia ikasitakoa. Gai filosofiko eta espiritualetan jardunda.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude