Felipe Juaristiren Harrizko Gaitz Hau-ren harira… heriotza den zuloa (VI)

Felipe Juaristiren Harrizko Gaitz Hau-ren harira…heriotza den zuloa (VI) –

Felipe Juaristiren Harrizko Gaitz Hau-ren harira...heriotza den zuloa (VI)Nekez teorizatu daiteke heriotzaz gertutik zin-zinez ukitu gaituen arte, nekez berorretaz mintzatu, nekez berorretaz idatzi… nioen, Felipe Juaristiren Harrizko Gaitz hau-ren harian, heriotzak utziriko zulo baztergabera zer edo zer hurbildu asmoz, horrelakorik hitzetaratzerik balego!… Zulo ezin esanezko horretara hurbilpen temoso bezainbat geniala eskaitzen digu Juaristik bere olerkien bitartez, honaino aski azpimarratua dudana seigarren dudan artikulu honen aurretikoetan. Heriotzari eta berak utzitakoari nekez egin ahal izan zaio beharko litzaiokeen kontua. Utzitako zuloak gainezka egiten digu alderik alde. Bizitzakoak, mundukoak, egunerokoak, ezdeus, hutsal, zentzubako geratzen dira momentuz. Eta hor, norbera, bizitzen jarraitu beharraz, dena handi-handi geratzen bazaio ere, dena eramanezin, eta, halarik ere, bizi beharraz. Mina baztergabe bezain norberarena da. Berorri mugak eta tamaina jartzea kasik bezainbat zaila, berori, parte batean bederen, hurkoak bere larrutan senti dezan.

“Mina zauri denenean
ez dago eskurik
halako amildegia
tentalditik urruntzeko,
ezta hainbat gorputz ere
hondamendi hori estaltzeko”
(JUARISTI, Felipe, Harrizko gaitz hau, 22. or., Balea zuria)

Galdu-joandako maitatu horren diosal fisikotik biko kotraesan bat segitzen da; bateko, fisikoki jada guztiz joandako hori gradualki doakigu, joankizun bati ekin eta ekin bailebilen, arian-arian urrunduz; besteko baina, absente horren presentziarik inoizkorik handi-pisutsuena dugu geure baitan sentitzen, sekula santan izan gabea. Fenomeno kontraesankor honek zuloa du ezaugarri, berekin du eta berezko du “kabugabeko zulo hori”. Zuloa da dena arrotz, kolorebako, aurre egin ezin, bilakarazten duena. Dena dago soberan, eta ohi-ohikoenak ere huts egiten duela dirudi:

“GELDITASUNA jazarka,
oinkada bakoitzak
zaitu ezeztatzen,
arnasaldiak zauritzen.

Babesten zara azkenik
zeure odolbilduan”
(JUARISTI, Felipe, Harrizko gaitz hau, 23. or., Balea zuria)

Partekaezin egiten da egoera ezin mingarrago hau. Zuloak dena geldiarazten du, dena leku-gabetzen, dena mundu-gabetzen, eta, finean, dena momentuz zentzugabetzen. Gelditasun ezin jasanezko hori noiz abian jarriko irrikitan gaude, tarteka, oso tarteka oraindik. Inoiz bazter utzi ez dugun Itxaropen horren zain-esperoan gaude, noiz hasiko zaigun berriz ere mintzoka. Agur berriaren min bi-biziak guztiz entzungor gaitu oraindik. Etsi gabe, oraingoz, itxoin behar!

Felipe Juaristiren Harrizko Gaitz Hau-ren harira…heriotza den zuloa (VI)

Teologia ikasitakoa. Gai filosofiko eta espiritualetan jardunda.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude