Ezlekuetan geure buruaz atseden hartzen

Ezlekuetan geure buruaz atseden hartzen –

Ezlekuetan geure buruaz atseden hartzenErraz eta arin usoek hegan. Guk, aldiz, gizakitxook lurra dugu lotura, lurra dugu sostengu eta ahalbide, eta, horrekin batera, lurrak gaitu izanarazten eta baldintzatzen. Gure lurrarekiko lotura, finean, espazio horizontalekiko loturan da hezurmamitzen. Gu gara gu, noski, garen horiexek gara gu, eta garen modu-modukoak. Alabina, geure nortasunarekikoez aparte, leku batekoak gara beti, toki bat edo batzuekikoak. Horren arabera, hemen eta han ibili ohi gara, eta ez. aldiz, horko leku horietan edo harako horietan. Testuinguru zehatz baten batzuetan mugitzen eta jarduten dugu, horietakoak gara. Horietarik kanpo, gureak espero izatekoak ez diren testuinguruetan, gu ez garela ematen du; ausaz-edo inoizko batean beroietan geure muturra sartzen ausartuz gero, ez dagokigun leku batean ez ezik, gure “nia-ri” dagokion itzaletik kanpo ere (guretik kanpo antzo) arituko gara.

Kontuak horrela, guretzat testuinguru horietariko batean harrapatzen gaituztenean, alegia, ezleku horietariko baten batean, “kanpoan” ikusi giatuztela esango digute. Gu geu, horren ohartun izanez gero, “kanpoan lagun batek ikusi nau” esan genezake. Ikusi nau, bai, ezleku batean harrapatu nau. Baina hain egin zaio arraro ni hor, horrrela, horretan, ikusi izana, ni neu nintzenik ezin izan zaiola unean burutik ere pasa. Gerora, ni ikusi kasik bezain pronto, ondoan nire bikotekidea ere ikusi du dena delako lagun horrek. Azken honek eman dio azkenerako bene-benetan ni naizelako bermea. Kuriosoa da gero kontua. Nire laguna da bera eta ez berez nire emaztearena eta, hortaz, ni ezagutzen nau askoz hobeto bera baino. Bada, halarik ere, bi-biok, batera, ikusi behar izan gaitu, horietariko bat zinetan ni nintzela ziurtatu ahal izateko. Kasualitate handiegitxoa litzateke ez soilik batek, baizik-eta bi ala bi horiek gure antza izatea.

Gerora, baina, harridura adierazpenak segituko dira; “Nola hi hemen?, Zer egiten duk hik hemen? eta beste…Ezlekuan gaude eta, hori, konturatu izan ez banaiz ere, ondo ere ondo emango didate jakitera. Ezlekuan nago, edo, batek jakin, niretzat espero izatekoa den leku normaltxo batean, baina desorduan; “Nolatan hi orain hemen” eta antzekorik segituko da horrelako baten aurrean.

Badirudi gu geu izateari utzi egin diogula denbora tarte batez, gure ikusirako, baina, batik bat, besteon ikusirako. Ez da ezein tranbestismoraino ailegatzen, baina hortik zipriztin batzuk-edo badituenik ezin ukatu. Nolabait edo besteko lasaitu bat eman lezakete noizean behingo lekualdetze hauek. Geure buruez tarteka atsedentxo txikiak hartuko bagenitu bezala, horrelako lekualdatzeak eginez gero. Gogortxo-edo gerta baitakiguke gu-geu, garen modu-modukoak atergabe eta inongo atsedenik gabe izan behar izatea, derrigor eta bestelako aukerarik gabe gu geu izan behar izatea. Geure bizialdian zehar, urtean zehar, gutaz, geure buruaz, betekada izan dezakegu eta izan ohi dugu maizenean.

Gainera, honelako lekualdatze terapeutikoak tarteka eginez gero, gerora, geure ohiko lekuetara bueltan, berriz ere gu geu izaten jarraitu ahal izango dugu. Izanez ere, behar baino gehiagotan, gure ohiko lekuetan luzaroan egoten garenean, luzez eta inongo atseden-abandonurik gabe, azkenerako gu geu izateari utz diezaiokegu agian, edota, bestela esan, “geure buruaren antzik ez dugula” egoteraino ailegatu.

Nolanahi ere den, dena, are terapeutikoa den lekualdatze sendagarri beharrezko horiek ere, neurrian, tamainan, egin behar dira. Tamainan eta betiere jakinda zertan ari garen. Terapia guzti-guztiek, bere egitekoa egin dezaten, horren onuradunaren oharmena dute ezinbesteko; jakin behar dugu zertan ari garen, berez terapeutikoa den dan delako hori zinetan halakoxea izan dadin. Egungo eguneko mugikortasunaren eta turismoaren hazkunde geldiezina, baina, hain bilakatu da ohikoa, hain ohiko kontsumoko beste apetetariko bat, hain oharkabean eginda eta zinez geure burua ohiko lekuetara atxikia egoteari utzi gabe egindakoa…ezen, gero eta gutxiago baikara ez gu-geu, ni-neu, hemen egon, han egon, zein nonahi egon. Pena.

Ezlekuetan geure buruaz atseden hartzen

Teologia ikasitakoa. Gai filosofiko eta espiritualetan jardunda.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude