Ezjakintasun sokratikoaz harago II
Ezjakintasun sokratikoaz harago II –
“..Misterioa ez dugu berau azalduz eta berau azaleraziz ezagutuko, baizik-eta, misterioa den aldetik, misteriotzat jota, berau ondo ere ondo zaindu eta babesturik” (HEIDEGGER, Intepretaciones sobre la poesía de Hölderlin, 24. or).
Aipu horrekin buru eman nion aurreko artikuluari (https://zuzeu.eus/buruari-bueltaka/ezjakintasun-sokratikoaz-harago/), guztiz bestelako pentsatze molde bati buruz ari banintz bezala. Ezeri eta den guzti-guztiari arrunt ulergaitz generitzoke hortik hara. Eta, hartara, ezer hauteman ezin horren bitartez, errealitatearen mihise nolabaiteko bat zabalduko zaigu, non badirudien den-dena batera eta bat orohartzaile horren parte baino ez dela.
Arraroa da guztiz horrelako erabateko ez-jakintasunera lerratzea. Eman beharreko “jauziaz” (“Sprung”) mintzo da Heidegger, guztiz bestelako pentsatzera eramango gaituen jauziaz jarduterakoan. Pentsatu modu arrunt eta egunerokoak jada egon bagaudeneko toki horretara eraman ohi gaitu. Aipatu jauzi honen bitartez baina, emandako maila-aldaketa kualitatiboa dugu. Betidaniko, ohiko eta eguneroko pentsatze moldetik erauziko gaitu guztiz. Deserrotzeak, ordura artean esku artean genuen orotik geure burua des-atxikitzeak (izan ondasunak, izan sinismenak, ziurtasunak, desira edota nahiak) arrunt bestelako pentsatze molde honetara bultzatuko gaitu, jada aurreko hiru artikuluentan aipatuta moduan. Bada, orain, pentsatze berri honen atarian behin gaudelarik, ordura arteko pentsatze molde ohiko geure-geureari egingo diogu uko; are orain arte pentsatzetzat genuen horrekiko ere des-atxikiko dugu geure burua.
Benaz deusik gabe geratu izanaren sentipena esperimentatzetik gertu legoke, nonbait, bizipen berri hau. Deblauki, ohiko pentsatze moldetik erauziak eta kanporatuak sentituko dugu geure burua, bat-batekora jaurtikiak baikinan, geldiezinki beti guztiz berria den horretara jaurtikiak. Aurrerantzean, hemendik hara, erro bakar bat ere ez izaten ariko ginateke ahalegintzen; ezin izango gatzaizkio deusi lotu aurrerantzean.
Ez hau ez beste dena delako hori pentsatzen edo gogoetatzen, baizik-eta pentsatzea bera izango dugu ikaskizun. Bide hau guztiz zailtzat du Heideggerrek, ez da bide batere erraza, bere ikusirako. Luze eta zailskoa izan ei da. Gehien-gehienetan urrats urri batzuk baino ematera ez gara ausartuko, onenera jota, aipatu pentsatze berri horren atarira bestetara eramango ez gaituzten urrats urri batzuk ematera soil-soilik. Akaso atarira baino ez gaituzte eramango, baina zeharkatze hori ezin-ezinbestekoa izango dugu, eta horraino ailegaturik, salto egin beharko dugu derrigor.
Gure orain arteko gogoetatze arrunt-ohikoan ibili-ibilian, arian-arian, kontzeptuz kontzeptu joan gara pixkaka gero eta gauza gehiagoetara hurreratzen. Hartara, joan ahal izan gara gauzaz gauza eta erralitatez errealitate, eta ibilbide horretan barna beroiek bakoizka xehatzen eta zehazten. Alabaina, ibili-ibilita ere, eta ezagutza deritzogun horretan barna aurrera eginda ere, gauzetara hurreratu bai, baina oso era sorgorrean, eta, finean eta buruan, sotengu den dekoratua inoiz batere aldatu gabe.
Guzitz-guztiz bestelakoa dugu baina orain kontua. Emandako jauziak bat-batean den-dena guztiz ezberdina den eremu batera eramango gaitu, haibesterainokoan, ezen bertan den-dena izango baitzaigu guztiz arrotz. Handik hara, dena zaigu bat-batekoa bezainbat arrotz, den eramanezin eta aldapan gora, eta, bateratsu, ertzeraino, amildegi aurreraino, ailegatu garelako sentipen nolabaiteko batez-edo.
Horri eutsi ahal izateko errealitatea bere zabal-zabalean hautemateko prest egon behar dugu, horrela onartutako ohiko iritzi-opinioez haraindi hesirik gabeko eremu baztergabean barna abiatu ahal izateko.
Gelassenheit-ekin lotua dagoen lasaitasun-naretasuna ez da inondik inora orain artean ezagun zaigun lasaitasuna. Honako hau gauzekiko, errealitatearekiko, lasaitasuna dugu, atxikimendu berri bat ahalbidetzen duena, atzean utzitako etxeko sutondora bueltatzea ahalbidetzen duena:
“Gurean, gure baitan, gauzekiko arimaren ekuanimitatea ernatzen denean, eta, horrekin batera espirituak misterioari harrera egiten dionean, orduan, lurzoru eta lurralde berri batera doan bidea urratzen hasiak gara” (HEIDEGGER, Gelassenheit, 26. or)
Artikulu ederra eta zehatza. Mila esker.