Ezjakintasun sokratikoaz harago
Ezjakintasun sokratikoaz harago –
Gelassenheit delako hori lortze aldera, norbera ezertxori ere lotuta ez egotea lortu behar da. Eta desatxikimendu delako horrek, erabatekoa baldin bada, guztizkoa baldin bada, nork bere burua ezerez sentizea dakar berekin, bai eta norberak ezer ez dakiela sentitzea ere. Jarrai dezadan pixkatxo bat “ez jakite” delako horren gainean.
Zerbait honako “hau” eta beste harako “hura” dela ziurtzat emateari uko egitea da “ez jakite” delako hori. Areago ere, are zerbait, edozer, badela ere ziurtzat emateari uko egitearekin lotuta ere legoke aipatu “ez jakitea”. Honekin nolabait edo besteko lotura du Wittgenstein-ek bere Tractatus-en adierazitako honako honek: mundua zer-nolakoa den ez, baizik-eta mundua badela du arretagai mistikoak (WITTGENSTIEN, Tractatus, 6.44). Bista-bistako izanik, ezin bistakoagoa izanik, agian horrexegatik hain justu jada ikusgai ez dugun huraxe berriz ere aukitzearekin, une oro ber-aurkitzearekin dago hertsiki lotuta “ez jakitea”. Ustezko eta itxurazko ezereza, izan, baden orori atxikia dagoela ikustearekin dago lotuta. Zerbait, izan, badelako harrituta egotea eragin beharko liguke “ez jakiteak”
“Eta zerengatik daude izakiak, eta ez ezereza?” (HEIDEGGER, Que es la filosofía, 42. or.)…”Harridura jakinduriaren egunsentia dugu. Irmoki eta hutsik egin gabe harritzea benetako bide espiritualarekin (Sadhana-rekin) dago lotuta” (NISARDAGATTA, Yo soy Eso, 851. or.)
Eckhart Maisuak ahotan hartutako “ez jakiteak” ez daki ezta ez dakienik ere. Horregatik hain justu ere ez da inondik ere ez jakite sokratiko hutsa (“ezer ez dakidala baino ez dakit”). Nire “ni”aren gainean eraikitako nire ego-a ez dela horren trinko eta gotorra jakin ahala, errealitatearen zapore antzemaezinaren suma geure baitan areagotu ahala, orduan hain zuzen, ezertxo ere ez dakigula sumatzen hasiko gara, ezertxo ere ez dakigula gero eta argiago ikusten hasiko gara. Goranzko “argi” honek itzalak gero eta nabarmenago bilakaraziko ditu, harik eta, argi honek, behin bere gorenera ailegatuta, azkenik itzalak oro disolbatuko dituen arte eta eurak ametsezkoak, irudimenezkoak, baino ez zirela erakutsian jarri arte. Finean, aipatu argi honen agertzeak bestek ez digu ahalbidetuko ezer ez dakigula esan ahal izatea eta horregatik, hain justu, dugu berau jakinduriarako hastapen eta abiagune.
Alabaina, hasieran behintzat, burutan hartzen ari garen “ez jakite” hau orainik “jakitearen” ifrentzua baino ez dugu izango, eta, bateratsuki, “ez-jakitearen” ezagutza berri hau ezjakintasunaren aurkakoa, guztiz kontraesankorra badirudi ere.
Areago noa baina, askoz harago. Indiako jñAna hartzen ari naiz burutuan, gnosis, edo sophia (jakinduria) direlako horiek. Izanez ere, beroiek ezagutza eta ezagutza-faltaz askoz harago daude. Jakite berri honen baitan ez dago jada makuraraziko gaituen ezagututako ezer, ez dago lotuko gaituen ezagututakorik. Ezagutza berri honen arabera, ordura arteko “jakitea” eta “ez-jakitea” bat eta berbera den horren aurki eta ifrentzua baino ez ditugu izango; ezagutza honek, jakin, ondo dakielako ez dagoela jada ezer “berez” ezagutzerik, ez dagoela bere “berezkotasunean” ezagutzerik; jakin, ondo dakielako “berez ezagutze hori”, are gauzarik ñimiñoena denean ere, ez dela posible, ez dagoela ezeren berezkotasunik antzematerik. Antzeman ezin honen bitartez baina, den horrekin, edo den beste dena delako harekin, bat egiteko aukera luzatu-zabaltzen zaigu. Hortaz, dena delako hori jada antzeman ez, bai baina berarekin bat egiteko aukera izan. Horretan datza hain justu “ez jakitearen” misterioaren baitan dagoen ezagutzarik gorenaren paradoxa.
“..Misterioa ez dugu berau azalduz eta berau azaleraziz ezagutuko, baizik-eta, misterioa den aldetik, misteriotzat jota, berau ondo ere ondo zaindu eta babesturik” (HEIDEGGER, Intepretaciones sobre la poseía de Hölderlin, 24. or).
Igor Goitia
Ezjakintasun sokratikoaz harago
Gelassenheit, ez dakit ezer