Ezin arin bizi, ezin sakontasunik onartu, nihilismo beltza mehatxu

Ezin arin bizi, nihilismo beltza mehatxu –

Arinkeriak eta sakontasun gehiegi ezak bizi gaitu gure garaian. Horrelatsukoak entzutera usatuegiak ditugu belarrizuloak. Ez dakit nik baina, horren-horren horrelakoa ote den kontua, edota apez zibilen agintekeria gosez eraikitako argazki faltsua ote dugun. Izanez ere, ideia hau hona ekarri bezain pronto, segi-segituan dudak-edo hartzen nau. Ez dakit nik bada horren-horren horrelaxekoa ote den geure biziera. Arinetik bizi omen gara, sakontasun faltaz, nonbait, intsentsu, jada gehienbat intsentsu zibil, usaiko kontrolatzaile-zikiratzaile hauen ikusian.

Ez dakit, bada, aitorpen hau ez ote den izango oso aitorpen arina eta jende-saldoaren harrerarako merkeegitxoa, erraz eta borobil irensteko moduko horietarikoa, eta bera berau ere ez ote den  oso otzantzaile eta hortaz arinkeriara bihurtzaile ere. Gizakiak, berau izango bada, zer edo zertan sinetsi behar du. Muturrekoenean ere, zera zioskun Nietzschek, gizakiak ezerezean sinetsi nahiago zuela, ezen ez ezertan ez sinetsi. Are merkatuan eta berorrek luzatzen digun bizizaletasun difrutatzaile itxuraz azaleko horretan bestetan sinetsiko ez bagenu ere, are horrelako egoeran ere, delako horrek sinesmen moduan iraungo badu, geure baitan sakontasun sustraiak beharko ditu. Merkatuarena, dena den, oso kolonizatzailea da. Arian-arian dena hartzen du azkenerako; ezertan sinesten ez dugulako susmo apurñorik edukiz gero, berehala beregantzen gaitu eta berorretan sinestera lerrarazten. Ezertan sinesten ez den lekuan, merkatuak hartzen du bere tokitxoa.

Gure garaian sinesmenak ez daude oso modan, egia esatera. Sinesmenek jardun, badihardute, guregan beren funtzioa eginez. Alabaina, nekez ohartuko gara beroietaz, nekez izango gara beroien ohartun kontzienteak. Eta, oroz gain, nekez onartuko dugu ezeren sinestunak izan gaitezkeenik. Baina, esanda moduan, honek ez du esan nahi maizenean sinetsi-sinetsi ezertan sinesten ez dugunik. Nahita, edo nahigabe, oharkabean joaten zaigu kontu hau, eta hala dela uste eta sinetsita baikaude maiz askotan.

Halere, ezein sinesmenik onartu ezean ere, arin edota arinkeriatik bizi garenik ezin onartuzkoa zaigu, guztiz. Zeinek onartuko du bada arin eta azaletik bizi dela? Zeinek bada? Batean gaizki, eta bestean beste horrenbeste. Sakontasunetik iheska, ezin arinkerian amildu. Ezinetik ezinera ibiltze honek baina badu bere antidoto sendagarririk, nihilismoa. Ez edozein nihilismo baina, ez zinezko nihilismoa. Izanez ere, benetako nihilismoak ezertan ez sinestera ginderamatzake, ezer-ezertan ere ez.

Guztiz bestelakoa da baina gizarteak usatu ohi duen nihilismo suertea. “Nihilismo beltza” esan zion behin-edo Iñaki Segurola zenak berorri. Baina nihilismo beltz delako hau ez da edonorentzako modukoa; soil-soilik gorputzaldi txar eta umore eskasarekin uztartzen da ondo. Badirudi nihilismo beltz hau ezin konta ahala ezin eta nahigabe beltzen pilatzetik ernatzen dela. Badu baina huts handi-handi bat; belztasun horretara, asko-askotan izankizun besterik ez bada ere, animatu animatzen gaituela, horretara lerrarazten gaituela bere indar adaptatzailea ere ondo eskainiaz. Nihilismo suerte honen arabera, errealitate printzipioa jan, ondo digeritu eta bapo libratzera bestetara ez da mugatzen, azken-azken finean. Kontuak horrela, printzipio honi lotzen zaion gizarte suertea lizateke hain justu nihilista beltza, daukan edota espero duen gorputzaldi edo umore berezi horri esker. Eta hortik aurrera, gauza handirik ez.

Nihilismo suerte honek baina ez du harro egoteko arrazoi handirik, merkatu edo kultura produktu gisa baino ez baitu ematen ondo, edo izugarri ondo, baina ez inondik ere bizitzan.

Igor Goitia

Ezin arin bizi, ezin sakontasunik onartu, nihilismo beltza mehatxu

Teologia ikasitakoa. Gai filosofiko eta espiritualetan jardunda.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude