Ezertarako balio ez duena, guztiz ezinbesteko
Ezertarako balio ez duena, guztiz ezinbesteko –
Aurreko artikuluan jada aurreratu nuen moduan, gizarteak euren balioek bultzatuta daude bizirik, beroien bultzadaz. Ezin konta ahala balio positibo horien ahultzea, eta, denboraren poderioz, gizartean sorturiko hutsuneak bete-konpentsatzea du xede legeen existentziak. Legeek hor egon behar dute, ezin uka, baina, nola edo hala, beroien explizitazioa gure gizartearen baloreek ehuntzen duten bizikidetzaren mihise baztergabearen gero eta pitzadura gehiagoren isla baino ez dugu.
Halaber, jada aurrekoan erdi ulertarazita moduan, “norbere onuraren kalkulua” (cálculo de utilidad propia) nabarmen nagusitu eta gailendu izanaren ordaina dugu gure gainontzeko beste baloreen aipatu ahultzea. Dena onuraren arabera baloesten da, eta ez zeinahi onura, baizik-eta merkatu-zenbatgarritasunaren irizpidearen arabera soilik zenbatu-kalkulatu daitekeen hori. Bien bitartean, lehengoan esanda moduan, gainontzeko guztia, bestelako balioak, alperrikakoak dira, baliogabekoak (inútiles). Alabaina, hauek behar-beharrezkoak ditugu; horiek ezean, pikutara den-dena, pikutara bizikidetza, pikutara komunitatea, pikutara are eta itsu-itsurik hain maite duten merkatua bera ere…
“Norbere onuraren araberako kalkuluaren” (eta bere zuzen-zuzeneko plasmazio ekonomikoa) kolonizazio orohartzaile errukigabe hori dugu gure gizartearen ahulgune gehienen eragile: kalkulu horren arabera, zergatik bultzatu konbikzioz euskara?, zergatik aldeztu bete-betean denontzat izan litekeen hezkuntza eta osasungintza publiko bat?, zergatik pentsatu Donostiako hirigunean kiroldegi bat egin behar izatean? Zergatik zenbait eta zenbait gauza egin?, baldin-eta ikuspegi ekonomikotik guztiz irrazionalak badira? Zergatik?
Etekinak (etekin ekonomikoak) areagotzea (normalean gutxi batzuena) gailenduz joaten da gainontzekoaren gainetik. Irizpide bakar horrek ezarriko digu betiro zer dugun arrazionala eta, zer, aldiz, guztiz irrazionala. Ikuspegi orohartzaile horren kolonizazio guztizko horri baina, behaztopo-harria bat agertuko zaio berehalakoan, bizikidetzarako beharra hain justu. Paradoxikoa eta kontresankorra eman belezake ere, halaxekoa dugu kontua; bateko, eta esanda moduan, bizikidetza dugu guzti-guztia (merkatu kalkulatziale eta hotza barne) gertatu ahal izan dadin aurre-baldintza; baina, besteko, merkatuaren gose aseezinak gora eta gora egin ahala, bizikidetza bera eta bere eskakizunak zaizkie oztopo, merkatu-distortsioen eragile gisa ikusiak dira. Gupidabeki nagusituz eta nagusituz doan kalkulu ekonomikoaren arrazionaltasunaren ikusian, bizikidetza eta berorren eskakizunak distortsioak baino ez dira, eta guztiz etsaitzat dituzte.
“Ezinbestekoak ez du ezertarako balio” esanak eman zion buru nire aurreko arituluari. Eta zer dugu, ezinbestekoa dugun hori, bada? Maitasuna, komunitate-harremanak, elkartasuna, neurria, ingurugiroaren errespetua, aisialdia, doakoa dena, denbora galtzea…Tamalez, den-dena baliogabekoa, den-dena, aipatu onuraren kalkuluaren arabera, den-dena baliogabe, non eta ez den merkaturako merkantzia bilakarazi. Ezinbestekoari dagokionean, berorren alde gutxien egiten duen hori da eskuarki onuren aldetik garaile ateratzen da beti.
Indian badago istorio-ipuin oso interesgarri bat, bete-betean eta oso ondo aideraz dezakeena zer gertatzen den honelako arrazionaltasun (irrazionaltasun?) baten batek den-dena bere baitan hartzen duenean? Honatx:
Gizon urtetsu bat lo seko geratu zen 25 urtez. 25 urtez ez zen behin ere esnatu. Bere senitarteko eta lagunak oso-oso kezkatuak zeuden. Ez zekiten zer egin, norrengana jo. Azkenerako, herriko jakintsu batengana jotzea erabaki zuten, berak zer esango zain.
Jakintsu hau gizona sakon-sakon aztertu ondotik, segidako konklusio honetara ailegatu zen:
Zera esan zien jakintsuak: Bere burmuinaren sakonean aritu naiz aurrena, gerora bere bihotz barrenean, betiere honen zergatiaren bila. Kostatu zait, baina azkenerako horren kausa aurkitu dut. Gizon hau etenik gabe esna dagoela amesten ari da eta horregatik hain justu ezin da esnatu.
Zenbait eta zenbaitetan gure ekonomialariek ere, gure politikariek ere, esna daudela amestu ez ezik, arrazionaltasunaren jabe bakar-bakarrak direla ere uste dute.
Igor Goitia
Ezertarako balio ez duena, guztiz ezinbesteko
Balioak, ezertarako balio ez dutelako ditugu ezinbesteko
Zientzian ere horixe gertatzen da oinarrizko zientziarekin: ezertarako balio ez duenaren balioa. Eta ezertarako balio ez dutelako askotan finantziazio gabe gelditzen dira, merkatuak zientzia aplikatua lehenesten duelako. Baina oinarrizko zientziarik gabe, etorkizunik ez.