Ezer ez da dirudiena

Ezer ez da dirudiena –

Astelehena berriro… gezurra dirudi.

Asteartea. Igogailuan, hirugarren solairuko emakume adinduaren alabarekin topo egin dut. Duela egun batzuk ikusi ez dudan amaz -Nieves- galdetu diot. Esan dit ospitalean dagoela erori egin zelako; aldaka apurtuta daukala. «Beno, ez dakigu aldaka hautsi zitzaion erori egin zelako edo erori egin zela aldaka hautsi zitzaiolako. Medikuek ez daukate argi: hasieran bazirudien hezurra hautsi zitzaiola erortzean, baina orain ematen du erori egin zela hezurra hautsi zitzaiolako», azaldu dit. «Azken finean, berdin digu», gehitu du igogailutik atera zelarik. Zazpigarren pisuraino igo naiz istorio horri bueltak ematen; bai, apurtxo bat zorabiatuta. Supertuesday Estatu Batuetan…

Ezer ez da dirudiena
Arg: Thomas_C_Rosenthal

Asteazkena. Egun ikaragarria: hotza, euria, haizea. Gainerakoan, asteazken honi ezin zaio ezer leporatu. Gainerako egunetan bezala, bere orduak, bere minutuak, bere segundoak izan ditu; bere goiza, bere arratsaldea, bere gaua. Beharbada, batentzat baino gehiagorentzat, arrazoi oso desberdinengatik, data ahaztezina izango da; askorentzat, beste egun bat gehiago. Denborak, Karmelo Iribarrenek gaztelaniaz dioen bezala, oroimenean nahastuko ditu egunak, eta ez dugu jakingo astelehen hura osteguna zen ala alderantziz. «Ez zaitzatela engaina, ez dira diruditen bezain gutxi: maitasuna garaitzen dute». Bai, egun arruntak oso arriskutsuak dira: «Suelen poder con el amor».

Osteguna. Eguraldiko esatariak dioenez gaurtik domekara arte Erresuma Batutiko hainbat frente helduko zaizkigu. Elurra ere izango dugula. Elurrak, zerutik erortzen den substantzia zure hori ere, gezurra dirudi. Txingorrak ere bai; agian elurrak bezainbeste. Ez nuen espero Borja Semperren bilakaera hori; ez zuen ematen… Bazirudien…

Ostirala. 2 mailako ikasleoi ohartarazten diet «Me gusta el cine» esaldian «me» hori ez da dirudiena, subjektuaren itxura badu ere. Azkenean zinemaz eta Netflixez hitz egin dugu. «Kontuz ibili behar da perpaus inpertsonalekin, pasibo erreflexuak diruditelako», azaltzen diet Batxilergokoei. Ez fidatu beraiez… Badirudi Gazan deklaratzear zegoen su-etena atzeratu egingo dela. Sine die.

Larunbata. Gomendatu diguten jatetxean arrautza frijitu bat zerbitzatu didate; beno, egia esanik, arrautza frijitu baten itxura duen zerbait. Platerean daukadana arrautza frijituaren «trampantojo» bat da. Ez du sekretu handirik: plateraren hondoan jogurt greko bat hedatu eta jogurtaren gainean melokotoi baten erdia jarri. Sagar bat zatitxoetan moztu patata frijituak balira bezala. Trampantojo. Espero izatekoa zen, kartan postreen artean agertzen baitzen, erabat lekuz kanpo. Portzierto, iruditzen zait, agian, «riñonera» -ri izena aldatzeko garaia dela jadanik: inork ez darama bere izenak adierazten duen lekuan. Martxoak 11ko sarraskiaren hogeigarren urteurrena egun batzuk barru. Hogei… Ez zirudien hainbeste denbora igaro zenik.

Igandea. Ez dakit irakurtzen dudan loak hartzeko edo loak hartzen nauen irakurtzen dudalako. Gauero moduan mesanotxean daukadan –“El olvido que seremos”- eleberriko orrialde batzuk irakurri ditut begiak itxi zaizkidan arte. Halaxe, badira hain erreala den istorio horren zati dezente tanta onirikoz zipriztinduta daudenak; logureak desitxuratutako pasarte eta pertsonai ugari. «Hain zoriontsu ziruditen…», dio nire emazteak oheratzean, dibortziatu berri diren lagun bikote batez gogoratuz.

En fin.

 

AsteRkaria

Irakaslea, idazlea; hurrenkera ez daukat batere argi.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude