Ezer espero gabe, esperantza hutsean tinko. Ispiluaren irudia
Ezer espero gabe, esperantza hutsean tinko. Ispiluaren irudia –
Bizitzako gauza zinez inportanteak, pisutusuak, sakon eta egiatan onartuz gero, beroien onarpenean ezin da gatazkarik egon, baina ezta egindako hauturik. Dagoen “hori” dago, eta solik dagoen “hori”, aurrez aurre dugun eta garen “hori” baino ez, besterik ez. Hor dugun “horrekin” egingo dugu bat, baina ez berez berorrekin nahastuko dugulako geure burua, baizik-eta bertatik bertara dugun “hori” kokatua deneko mailadiz kanpo gaudelako, egon. Den “horrek”, dagoen “horrek”, objektiboa den aldetik, ezin du nire “ni supra-objektibo eta esentziaz hustu” horrekin talka egin.
Onartze huts-huts eta ez-baldintzatuaz aritu nitzen, aurretiazko “zain egote” huts eta objekturik gabea abiagune zuena. Mailaz mailako aurrerabide horretan ispilua hartu nuen sinbolotzat. Ispiluak ez du desik beretzen, den “horri” bera berau izan dadin uzten dio. Ispiluak islatu baino ez du egiten. Halatsukoak ginateke gu, baldin-eta mutur aurrean ditugun gauza-gertakariak, interpretazio subjektiboez aurrez galbahetu beharrean, eta hortaz, beraiei harrera on edo txarra egin beharrean, hori ez, eta beraiei diren modu-modukoak izaten utziko bagenie. Horretaz mintzo zaigu ispilua, hautabiderik gabeko begiradari buruz, begirada baino ez denaz. Opzio-hautabiderik gabeko begirada hutsaz ari gara, baina, halarik ere, begirada mota hori ezin da gerora opzio-hautabide bilakatu. “Ez” eta “bai” zirela nioen azkenen bi artikuluetan, biak ala biak batera; onartze hutsa den aldetik, “baizezkotik” du; “ezezkoak”, aldiz, ezta egindako onartze hori ere ez onartzera ginderamatzake (ezen, bestela, zerbait objektiboa onartu nahiko genuke eta onartu egingo genuke).
Ispiluak antzo, ez hautatzea ez da kontua, ez eta “ez hautatzearen” alde egitea, alegia, ez eta “ez hautatzea” hautatzea ere. Besterik da kontua baina. Izanez ere, horrelakorik eginez gero, amarru batera lerratuko ginateke, berriz ere eguneroko nahimenaren aginte-erreinu gupidagabera lerratuko ginateke guztiz. Hau baina oso bestelako kontua dugu, oso bestera ulertu behar dena: hautatze oro edo ez-hautatze oro, zein epaitze edo ez-epaitze oro, bagarelako eta guzti-guztia baldelako uste sendo ez hautatuan datza, eta hor du bere oinarria.
“Zain egote hutsa” eta “onartze hutsa” ditugu kontua. Ezer espero ez duen esperantzak baino azaldu ezin ditzakeena. Ez berez, “ezer” espero ez duelako, baizik-eta ez “hau”, ez beste “harako hura” espero gabe ere, espero hutsean dirauelako tinko erroturik. Esperantza hutsaz, itxaropen hutsaz ari gara hemen. Esperantza honek bizitasun, adore eta sakon-sakonak diren gauzetara jakitzea luzatzen dizkio psike-arimari, non, han itxaroten duenaren ondoan, eguneroko guztia lehorra, iharra, hila eta baliogabea dirudien, eta halakoxea da, izan ere. Eguneroko jantzi guztiez biluztuko da norbera, bere bihotza ezertan jarri gabe, han dagoenetik edo egongo denetik ezer itxaron gabe. Horregatik, bihotza eguneroko gauzetatik hain gora jasoa duen horri ezingo zaio bihotza ukitu, ez eta bere barne bakea batere aztoratu sekulan.
Igor Goitia
Zain, ezer espero gabe
Zain, ezer espero gabe II