Ez gaude hain gaizki
Ez gaude hain gaizki –
Alabak eta guzti esan dit, agure erretxinaren antza ari naiz hartzen antza. Beraz, urte hasiera honetan gimnasiora joan beharrean, ala erretzeari utzi beharrean beste erronka bat jarriko diot nire buruari; lantzean behin sikiera aho zapore gozoz utziko nauen zutabetxoa idatzi behar dut. Eta gaur bertan hasiko naiz, gero otsaila datorrela eta denok dakigu zer gertatzen den urte hasierako asmoekin.
Orain gutxi hitz egin nizuen Biolurrek egindako ikerketaren emaitzaz; penagarria gaurko egunerako. Baserritarrak diren lagun bi lan bila ari dira kalean baserria uzteko; baina hobeto hortik jarraitu ez. COVID garaian diputazioek diru-laguntza lerro berezia atera zuten, diru-laguntza jasotzeko kopuru minimoa ekoiztu behar zen, oraintxe Galizian ebatzi dute sistema horrek disbertsifikatuta eta txikiak diren baserriak kaltetu dituela; horren inguruan galdetuta Bizkaian argudiatu dute nekazal sindikatu historiko baten babesa izan dutela horretarako, beste herrialdetan erantzun ez, ez delako egon nork galdetu …; baina ez noa ondo, helburutik desbideratzen ari naiz.
Azken finean ez gaude hain gaizki, auzoko tabernan ardo bat hartzeko denbora ere ateratzen diogu lanari. Eta nik atzo bertan egon nintzen, bikotearekin lotuta nengoen, baina berandutu zenez tartea izan nuen ondokoen elkarrizketa entzuteko. (Bai, badakit ez dela batere polita esan berri dudan hau, baina ez pentsa zuk, zeharka ari zinena irakurtzen eta oraintxe arreta piztu zaizuna askoz hobeto ari zarenik …). Finean, laukote bat zen, neguko oporretatik etorri berriak, eta lotuak ziren, hara eta, udako oporrak planifikatzeko … hau marka, etxera heldu aurretik ostera be hanka egitean pentsatzen …
Suertekoak gara gu, gure lanean militatzen dugunok. Opor gutxi eta baldin badaude, bai, baina ez ditugu oporren arteko lan egunak zigorra balitz zenbatu behar.
Oporren bueltan ez omen dagoenez nahikorik oprimituko gaituen estaturik, Espainiara joateko pentsatzen ari ziren; Murtzia, ez dakit I ala II, horretaz ez nintzen jabetu. (Publikoan eta erdaraz ikasi banuen ere, nire Espainiako geografiaren ezagupenak espetxeen izenen haratago ez doaz, ez galdetu heziketa ez politizatuaren mugarria omen diren erreken izenak gero …).
Ez gaude hain gaizki beraz, gaur ere jarraituko dut merezi duen jendearentzako osasungarriak, elikagarriak eta eskuragarriak diren elikagaiak egiten. Gaur ere jarraituko dugu gure txikitasunetik elikaduraz sistema hau eraldatzen. Eta gau erdiko eztultzat hartzen bagaituzte ere, utzidazue pentsatzen gizarte berri baterako oinarriak finkatzen ari garela gure lanbidearekin disfrutatzen dugunok.