Ez ditut klubak gustoko

Ez ditut klubak gustoko –

Ez dakit zer naizen, baina naizen horretatik gero eta gehiago naiz!

“Ismo” guzti-guztiek dute beren arriskua. Gatibualdi modukotxo bat dakarkigute ismoek euren baitan barne hartzen gaituztenean, normalean, droga menpekoari antzo, gustora eta oharkabean eraman ohi baditugu ere. Bada, “ismo” horien azaleko bilgarriak euretatik segitzen diren definizioak ditugu. Gerora, galderak segituko dira definizio horrelakoetatik. “Hi zera, harako zera, al haiz?”, “ez al haiz hi ba euskalduna?”, “ez al haiz hi bada abertzalea?”…. ”Ezdakitzerduna ez al haiz hi, bada?” Segituan eta kolpe batez erantzutea ez zaigu beti horren samurra egiten eta, zenbaitetan, definizioaren ofizialtasunak eskatzen duen zorroztasunak kontrako eztarritiko joate nolabaiteko batto eragiten digu. Intimidatzaile izan dakizkiguke askotan geure burua horren sinple eta borobil definitze alderako galdera bortitz samar hauek. Horrelatsuko estualditxoetan baina, eta, batik bat geure burua gehiegi edo ezertxo buzti nahi ez badugu, erantzunari emandako tonuak salba gintzake, edo salba lezake gure erantzun nahi eza: “nolaaaaaaaa ez naiz izango ni ba ezdakitzerduna?” (Nor bakoitzak jar diezaiola guratako tonua galdera letreetaratuaren tonuezin honi).

Alabaina, ez ditugu garai onak bizi definizio bat edoren baten barrukotzat nork bere burua jotzeko edota onartzeko. Gero eta zailagoa dugu kontua eta horretara estutzen gaitiuztenero gero eta handiagoa izan ohi sortzen zaigun atzerakoa. Are, esate baterako-edo, inozo, sinple bezainbait kaltegabe dirudikeen “gizaki”, “bizidun” edota antzekoen haritik interpelatzen gaituzten galdera horietan ere, are horrelakoetan ere, puff, puff gero eta handiagoek barne-zeharkatzen dituzte gure gorputzak. “Zer nahiko ote dute hauek!, horrelako zaku-gaderekin nigana etortzeko…”, eta horrelatsukoak pasa ohi zaizkigu burutik.

Denetarik dugu baina, mundu honetan. Eta baditugu definiozale amorratu-amorratuak direnak ere. Are goian aipatu kaltegabeko definizio inozo-itxurako horietakoren baten aurrean ere, zentzurik batere ez duten aitorpenak egiten dituen gizajendea dago, eta, esaterako, zera bezalakoak esatera ausartzen dena: “bai, gizaki sentitzen naiz”. Bada, ez, hori ez da posible, inondik ere ez. Hori sailkapen bat da, label bat, biologo-zoologoek darabiltzaten horiek bezalakoak. Baina, egiari zor, inork ere ezin du bere burua gizaki edo izaki bizidun sentitu. Hori ezinezkoa da. Klasifikazio zientifikoetan bai. Baita, agian, aireportu batean ere: european? bai!, ekipajeduna? bai!… Baina besterik da nork bere burua horrelako zeradun sentitzea. Hori ezinezkoa da eta kitto.

Bada, esanda moduan, zinez, ez da posible nor bakoitzak horren edozein definizioren pean bere burua sentizea. Hori sentitzeari dagokionean, baina sentitzearena pixka bat bazter utzirik ere, eta gogoetatzeari ekinda (hori arriskua hori!), beste horrenbeste. Definizioek “finito” delako hori daramate beren baitan. Dena delakoa, definitzen duten horixe, muga-azkeneraino eraman izana du berezko definizioak. Eta zer? Horrekin, azkeneraino eskatzen digun horrekin konpromisorik hartuko al dugu? Horretarako gauza izango al gara? zaila, zaisko. Izanez ere, igual, agian, definizioari hasiera eman zion eta hastapentzat jo zuen nolabaiteko horrekin egin genezake bat. Horraino agian bai, baina, horraino baino ez. Hortik hara baina, nekez, egia esan. Nor bakoitzaren auto-definizioek eskatzen duten azkenerainoko bat-egite horri nola eutsi? Ezen, hor, egia esatera, ezina bietara ematen da. Bateko, definizioak berez baditu urrutitxo-edo kokaturiko mugarriak, kasik baztergabe eta azkenik gabeko bilakarazten dituena. Baina, besteko, definizioaren norainokoari gehiegi erreparatu gabe ere, dena delako horri sutsu, sendo, azkenerainoko konpromisoz eustea eskatu ohi zaigu. Hortaz, oneski, zintzoki, onena nork bere burua horrelakoen definzioen gatibutzetara ez lerratzea.

Nik nahiago klub zaletasun honi muzin egin.

Igor Goitia

Ez ditut klubak gustoko

Teologia ikasitakoa. Gai filosofiko eta espiritualetan jardunda.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude