Ez dakit noiz
Ez dakit noiz –
Txoli Mateos, NAIZen.
Familiako kide gazte bati jakinarazi diot gure senideak positibo eman duela antigeno-test batean eta hara zer erantzun didan: «Baina oraindik existitzen da birus hori?» Hitzez hitz. Aho bete hortz utzi nau. Planeta desberdinetan bizi garela pentsatu dut, baina gure artean ezberdina dena adina besterik ez da. Gazteak ez dira bizi gaixotasunaz arduratuta. Logikoa da. Inbidiaren ziztada igarri dut. Baina, ezjakintasun horretan, bat baino gehiago kutsatuta egon ahal izan da eta, katarro huts bat zelakoan, alaitasun osoz birusa zabaldu. Inbidiari beste zerbaitek hartu dio lekua belaunaldien arteko elkarrizketaren beharraz hitz egiten den garaiotan.
Harridura ere eragin dit nire adineko jendeak, baina, kasu honetan, haserrea gailendu da. Gaixoaren lagun batzuei esan diet hura ez zela joango aurrez antolatuta zuten hitzordura. Honatx erantzuna: «Hori gertatzen zaio testa egitearren. Egin izan ez balu, askoz hobeto». Etsiak hartuta, isilik geratzea erabaki dut. Zertarako ozpindu barre algara artean esandakoa. Ustez garrantzirik ez duen gaia bazter utzi dute berehala lagunek. Hori da, itxura batean, iraganeko osasun krisialditik atera dugun irakaspena: itsu-itsuan, birusari jaramonik ez egitea da onena. Eta, horrela, magiaren magiaz, existituko ez balitz bezala bizi gaitezke. Gazteak eta zaharrak. Alta, existitzen da. Gehienetan, katarro gogor samarra baino ez da. Hala ere, denok ez dugu osasun egoera bera eta batzuentzat arriskutsua izan daiteke. Elkarren zaintzaz berba egiten dugu, baina badirudi maila teorikoan geratu dela ideia. Egunerokotasunean, enpatia bera zer den ez dugu barneratu.
Eta ez dakit noiz izango garen bestearen lekuan jartzeko gai. Ez dakit noiz lortuko dugun jaia eta ardura bateragarri egitea. Ez dakit noiz konbentzituko dugun geure burua erantzukizun indibidualak ditugula, egiturazko arazoak arazo. Argi eta garbi esanda: ez dakit noiz ikasiko dugun gizarte hobeak herritar hobeak behar dituela. Itxaropena omen da galtzen den azken gauza.