Ez da gauza bera argazkiaz ala gertatutakoaz jardutea.
Behin baino gehiagotan esana dudan bezala, World Press Photo sariak banatzearekin batera, beti sortzen da eztabaida; batzuetan infinituraino luzatzen den edo dugun eztabaida, batzuen ustez antzua den eztabaida. Aurtengo argazki sarituak ere, saria eman eta berehala sortu zuen ezinegona. Beno, argazkiak ez, argazkiari begiratzen diogunok sortu genuen debatea: erretokatuegia zegoela, ona zela, estetikak pisu gehiegi zuela kazetaritza izateko, postprodukzio lan handiegia zuela, bazela garaia WPPk ukitze digitala ontzat hartzekoa, horrek ez duela errealitatea isladatzen… Hemen bertan ere idatzi nuen zerbait horren inguruan.
Bada, argazkiaz edo argazkiaren polemikaz ahaztuta geundela zirudienean, hackerfactor izeneko webgune batean idatzitako testu baten ondorioz, berriro zabaldu da Paul Hansen argazkilariak ateratako irudiaren inguruko eztabaida. Idatzi honek, irudia hiruzpalau argazki ezberdinez osatuta egon zitekeela salatzen zuen XMP datuen, akats mailaren azterketan (ELA, Error Level Analysis) eta itzalen analisian oinarrituta. Eztabaida argazkilarion artean berehala zabaldu eta komunikabide ezberdinek eman dute haren berri, Hansen berak informazioa ezeztatu eta World Press Photo antolatzen duen taldeak esku hartu behar izan duelarik; irudi digitalen azterketa forenseetan jakintsuak diren espezialista batzuen parte hartzea eskatu eta argazkia erretokatua bai, baina muntai bat ez dela ofizialki esatera eraman eta polemika itxitzat eman duten arte.
Honek guziak, beste iritzi batzuek atera ditu plazara, argazkien azterketa hauek gehiegizkoak direla esan dutenak. Liskar hauek, gertatutakoaz ahaztu eta ELAz, RAWaz eta beste hitz tekniko batzuez eztabaidatzera garamatela salatu dute, eraildako umeez ahaztutzen garelarik.
Ni azken joera honekin ez nago batere ados. Alde batetik uste dut beharrezkoa dela prentsa argazkiek minimo batzuek betetzea, minimo horiek zeintzuk izan daitezken oso eztabaidagarria bada ere, kasu honetan WPPko oinarrietan argi asko azaltzen da zer dagoen onartuta eta zer gaitzetsia. Argazkiak ‘faltsuak’ diren ala ez eztabaidatzea osasungarria da lanbidearentzako eta irakurleek ikusten duten argazkietan konfiantza izan dezaten, ez konfiantza itsua, baina bai beti gezurretan ez gabiltzan ustea.
Bigarrenik, eztabaida hauek gertatutakoari arreta kentzen diotela salatzen dutela diotenean, uste dut ahaztu egiten dutela sariketa berak ere desbideratzen duela arreta. Oso gutxitan irakurri dut kritikari horien testurik sariak eman eta polemikarik sortu aurretik, zein argazki den onena eztabaidatzean, argazki horietan azaltzen diren gertakariak ahaztutzen ditugula salatzen dutenak.
Argazki horien toki naturala, prentsa da, sarekoa, egunerokoa, aldizkari, papereko, dokumental edo nahi duzuen formatoan baina prentsa, gertakariak azaldu, gertatutakoaren inguruko analisiak egin, gure iritziak azaldu, gertakariaren testuingurua argitara eman… egiten den tokia. Hortik ateratzen dugun momentuan eta argazkia ‘produktu’ bezala aztertzen hasten garen unean gertakaritik begirada aldendu eta argazkiaren osagai tekniko, estetiko, artistiko, modako, semiotiko eta ohiturazkoetan jartzen dugu begia. Beti. Baina hori berez ez da txarra.
Egia izan daiteke, Hansenen argazki honetan (eta azken urteetako polemika askotxotan), argazkiaren azterketan gure lanbidearekin kezka dugunon esparrutik atera eta publiko zabalera edo besterik gabe polemika sortu nahi dutenengana ailegatu dela, eztabaida bera ere garrantzirik gabeko debate eternoetan nahastuz; baina hori argazki lehiaketak ere, publiko zabalera hedatu direlako da. Eta egiari zor, inor gutxi ikusi dut nik protestaka, ezein egunkarietako azalean urte horretako WPP saria irabazi duen argazkia argitaratu dutelako, aurreko egunean Sirian izandako sarraskiari tokia eman ordez.