Euskaldunok Europaren alde edo aurka?
Euskaldunok Europaren alde edo aurka? –
Europarakoko hauteskundeak ate joka, ate joka Europan, baina ate joka gurean. Eta hauteskundeetan edo hauteskunderik gabe, gurean zer Europarekikoan? Gaur egun, ez dakit, guretik, Euskal Herritik, Europarekiko sinismen-iritzian gure artean gehiegi bereizten gaituen deus askorik ote dagoen oraindik. Tamalez, gizarte mailako berdintze-homolagatze oldarrak honetan ere gubidagabe dihardu eta bere atergabeko ekitez, azaletik bederen, oso europarzale bilakarazi gaitu den-denok. Kontuak horrela ere, euskaldunak garen aldetik, orain artean, gure historian zehar ba al da Europarekikoan iritzi serio-sendorik inoiz egon? Baiezkora egingo nuke nik; gure historian iritzi-jarrera serio eta ezberdinak, elkarren aurkakoak ere, egon dira egon Europari dagokionean , nahiz-eta egun jada kasik sekula guztirako ahanzturara lerratuak egon, eta ziur jada gure inkontzientearen hondoan bizirik baino ez iraun.
Bi euskal iritzi-jarrera aurkakotu izan ditugu gure artean. Bateko, norbere bulatzagarriak bultzagarri, eta ñabardurak ñabardura, europarzaletzat joko genituzkeen horiek geneuzkakake, hala nola, Xabier Munibe (Peñafloridako kondea), Jon Mirande edo Koldo Mitxelena. Besteko, Miguel de Unamuno eta Orixe bezalako eurofobo edo sikiera euro-eszeptikoak geneuzkake.
Europa ondo ere ondo ederretsi zuten lehenengo multzokoek. Europarrak gara, zalantza izpirik gabe, esango digute, zuztar horretakoak garela, hor ditugula gure sustraiak. Euskal Herria betidanik egon da Europar kulturari atxikia, esango digute, antzina-antzinatik Europaren erasana jasoaz, ekonomikoa, erlijiosoa, kulturala, morala zein politikoa. Euren ikusian, Euskaldunak ez gara salbuespen izan, nahi edo nahi ez, gure kulturak Europatik du asko. Gurea europar zuhaitzaren adaska txiki bat baino ez litzateke, euren ustetan. Honen harira, Koldo Mitxelenak EGAN aldizkarian Asaba zaharren baratza saioko Europa eta gu izenburuko atal labur batean segidako hau ekarriko zigun:
“Europa haizeak onak ala kaltegarriak ditugun: hona orain piztu zaigun auzia. Berandu xamar gabiltza, gehienetan bezala, auzi hori 98-koena berbera denez gero. Gogora dezadan, beraz, aurre askoan ibili zela behin Euskal Herria gai honetan, Azkoitiko zalduntxoekin”.
Bere gisara, europarzalatasunaren alde egingo zuen aurrez Jon Mirande zuberotarrak, betiere euskalduna izatea europarra izateko beste era bat baino ez dela iritzita. Europar kultura bere soilean eman ez, baina koloreztatua hezurmamitzen da, tokian tokiko koloreaz, eta gurean geure euskal koloreaz. Hein horretan, Miranderen ustez, euskal kulturaren alde egitea europar kulturaz ere ohartun izatea da, ezinbestez:
“Egiaz ez da zuzen, nire ustez, euskaldun kulturaz mintzatzea, kultura hitzari bere adierazpen osoa ematen bazaio bederen. Europar kultura bat badago, gurean, beste herrietan bezala tokiko ikurra eta usaina duena, edo, nahi bada, europar “kultura ziklo” bat badago, eta herri bezala haren barnean gaude” (J.MIRANDE, Idazlan hautatuak, 42. or.)
Gurea ederretsiz, Europa txarretsi zutenak ere izan genituen gurean, gorago esanda moduan, nahiz-eta gure delako hori Unamunoren kasuan Espainia izan. Europarra kontresanezko gizakia zela zioskun Denis de Roougemontek. Unamuno izango genuke egonezin europar horren gure ordezkarik nagusiena. Orixe izango da Europartasunaren beste gaitzesletariko bat. Gaitzespen horen adierazgarri, esaterako, Txillardegiren Peru Leartza`ko kaleratu berritan Orixek botatakoak: “Leartza, liburu ontako giza-nagusia, europear biurtu zaigu, izurri gaizto batean, behintzat. Ez du hemen olakorik bear”.
Gurea, Euskal Herria, gauza eta toki askorekin dago komunikatua, eta toki batzuk bestetzuk baino arrotzagoak ditu. Europarekin, horrela, bere orokorrean, ez dakit nik ondo, edo horren ondo komunikatua dagoen, baina, onerako zein txarrerako, Europa den delako horrek ez gaitu aske utziko. Orain, hauteskunde hauek tarteko, Europaranzko gauden/dauden aldetik, Xalbadorren hausnarrak orain propio hona ekarriko nituzke nik; “zernahik ondo komunikatua egon behar duela nagusiki bere buruarekin, edo hobeki, bere baita osoarekin; arin, eroso eta merke egon behar duela toki batek komunikatua bere buruarekin eta bere zera guztiarekin; bere baitako joan-etorri eta harat-honatekin”. Non duzun erdigunea eta barne-muina, halakoxea ere komunikatua egote horren zer nolako eta zentzu guztia. Orain Europarako gaude, eta ez gaude fisikaz ari, ez gaude zinematikaz ari, A eta B puntuen arteko ibilbide hutsaz,… ez. Europarako gaude, baina Europarekikoan zer gaude? Harantz joanean hemendik? edo, aldiz, harantz bueltan hemendik pasata? Europan zer gara, “etorkin” edo “joankin”?
Nago eta gaude, eta Xalbadorrekin esanda, “gero eta arin, eroso eta merkeago” gaudela komunikatuak Europa den “horrekin” eta “bere zera guztiarekin”. Gero eta arin, eroso eta merkeago mugitzen gara hangoarekikoan, gero eta ideia eta kalkulu gehiago ditugularik hangoarekikoan, Europaren negozio handia dutenen botileroak izanda, hemengoarekikoan aldiz, Euskal Herriko kontuekin aldiz, gero eta merke-zurreango.
Joankin edo etorkin? Zer goaz Europara? Horren arabera, agian, hemen, ez europarzale, ez eurofobo, hemen geldi-geldi hobe!
Euskaldunok Europaren alde edo aurka?