Euripeko norbere barne dantza
Euripeko norbere barne dantza –
Atzoko lerroen bidez jada aurreratutakoarekin (zuzeu.eus/euripean-goxo-goxo) bat eginez gaurkoan ere, eta eguraldi txakurrak bere horretan darraiela aprobetxatuz, darraigun guk geuk ere beltz zorro atmosferiko honetatik, giroa belzten digun gizartearen maindire kolektibo beltz honetatik, ez dakit ihes egiten, baina sikiera ipurdia gutxienez ateratzen ahalegintzen.
Azaleko kontua zela nioen, dena eta denon aldartea bustitzen duena eta belzten, baina, zinetan eta zintzoki kontu egiten baldin bazaio, finean eta azken batez, gain-azaleko kontu hutsa baino ez dena.
Azaletikoa beltzetik doakigun egun euritsu ilun horietan hain justu larruazaleko krema koipetsua guztiz alperrik dugu; zer egingo diogu bada! Azkarra dugu-eta larruazala; Jakin badaki, ondo jakin ere, dantzara inondik deitzen ez duten azaleko, azaletiko, egun kaskar hauekiko zin-zinetan sentikaitz dela berau.
Eguraldi txakurreko egunetan, egotekotan, benetako dantza, barne dantza da, eta, hor, % 50eko protekzioa eskasa da, eta %100ekoa beharko dugu, ez krema formapean, noski.
Barne eguraldia zait inporta,
nire baita baitakoenean eguzkiak joko ote duen zait zinez inporta,
eta horretan, egia esan, ez dago kanpo eguraldi-iragarle beharrik,
ni bainaiz nire niaren muinotik nire barrunbeko lautadako eguraldia ikusten eta aurreikusten duen bakarra.
Ez soilki nire barrunbeko lautadako eguraldiaren ikusle eta aurreikusle soil huts eta sinplea,
bai, baina, horrekin batean ere, berroren zaintzaile eta aldaratzaile interesatuena.…
Beti eguraldiaren iragarpenek zer esango zain,
beti kanpoaldekoak zer-nolako bisita egingo digun zain,
eta bien bitartean, zinez inporta duena, gura barnealdeko eguraldiri, kasu zipitzik ez,Beti ea bihar egun eguzkitsu datorkigun,
noiz eta gu, barrutik, ekaitza beltz erdi-erdian gauden.…
Egun urdin, oskarbi, eguzkitsuenetan,
batzuek barrunbea ere oso garbi eta oskarbi,
bestetzuek, ostera, kanpoaldekoa horrelakoa ere, barrunbea hodeitsu, lainotsu edo are ilun beltz ere.Batzuek, egun umel hodeitsu eta ekaitzazkoenetan ere, lehengo berean berdin-berdinki diraute.
Eguraldia gris-beltza ere, beraiek barrunbea garbi eta oskarbi…
Eta bien bitartean, lehengo berean besteak ere, bere horretan, oraingoan kanpoaldearekin bat eginik, barnealdez gris, lainotu, ilun eta goibel.…
Bat batean gaur trumoi-tximista batek nire barrunbe barne barnekoenean zartada burrunbatsua egin du.
Nire golkoan ekaitz beltzaren abisua emana izan da, iragarria jada.Halere, oraindik, ekaitza gainean dudanik ezin esan.
Halarik ere, emeki-emeki gerturatzen ari zait…
Eta ni, artean, saiatu eta saiatuki direnak eta ez direnak egiten ahalegintzen naiz,
kosta ahala kosta ari naiz nire indar guztiaz bidean urreratzen airi zaidan egoera beltz hori uxatze aldera,
Ekaitz beltza izan litekeen huraxe azkenekoz egun oskarbi bilaka dakidan,
Zaparrada eta haize ufaden astinaldiak beharrean, eguzki garbiak dirdira egin dezan nirean azkenean.