Etxekalte?
Etxekalte? –
Joan den astean, Bilbon elkartu zen munduko pentsio-sistemen inguruko foroa, Global Pension Programme delako ekimenaren argitan. Hamaika herrialdetako erregulatzaile, akademiko eta arduradun politiko bildu zen bertan eta guretik ere ordezkaritza zabala izan da. Zahartzen ari den mundu garatuko populazioaren kezka nagusienetarikoa da erretiroaren adinera iristean zer gertatuko den eta kezka horretara iritsi ez den munduko herriak falta baziren ere, ikuspegi aski zabala eman da. Nobel saridunak eta Mondragon unibertsitateko ikasleak gurutzatu dira karrajuetan, adibidez; bitxia eta metaforikoa.
54 urte bete berri ditut, eta hasi naiz pentsatzen zahartzaroa ez dela urrutiko estazio bat, gero eta hurbilago zaidan helmuga baizik. Nire lan produktiboaren ordainaren zati bat horretarako zuzendu dudanez gero, erretirora iristean hileroko errenta gisa baliatu ahal izango dudana kopurutxo bat izatea espero dut, horretaz arduratzen diren erakundeek beren lana txukun egiten badute, behintzat. Historiako beste uneetan ez bezala, etorkizuneko “ni” hori zaintzea ardura partekatua da gaur egun: zati bat niri dagokit, baina beste bat estatuaren zereginen artean jartzea adostu genuen aspaldi. Ez da beti horrela izan: antzinean komunitateak eta familia arduratzen ziren lan egiten ez duten kideen beharraz, baina XIX eta XX. mendeetan estatuen esku utzi genuen, eta gaur egun eskubide aitortua da herri ia guztietan.
Bizitza produktiboan zehar pilaturikoaren parte bat berez zor zaigu, baina bizialdia luzatu eta bizi-kalitatearen maila emendatzearekin batera, zalantzak sortu dira sistema horren jasangarritasunaz. Erretiroa iristean bizi-maila duinari eutsi nahiko nioke eta badaezpada, aurreztuz joan naiz urtez urte eta aurrezki horrekin osatuko dut etorkizuneko “ni” apetatsuak eskatuko didana. Ongi baino hobeto dakit pribilegiatua naizela: erabaki hori hartu dezaket eta itsulapikoa betetzen joan naiteke, apurka-apurka. Luxua da hori gaur egun, inondik ere jende ororen esku ez dagoena. Beraz, hortik hasi beharko genuke: oinarrizko pentsio duina bermatzetik. Aitortutako eskubidea izateaz gain, ezinbestekoa da sozialki jasangarri izango bagara.
Egunotan jakin dut gurean 45 urteren bueltan hasi ohi dela erretiro-pentsioa osatzen duten aurrezki gehigarriak egiten, egiten diren kasuetan. Ez da beti posiblea (eta beharko luke), baina aukera izanez gero, objektiboki ona da etorkizunean izango ditugun beharrak argi izatea eta horri begira aurreztea. Gutxik egiten dute, baina, eta egiten den kasuetan, berandu hasten gara.
Ekonomia tradizionalak esan zigun gure interes propioa lehenesten duen izaki ekonomiko arrazionala garela, baina ebidentziak besterik dio. Daniel Kahneman, Amos Tversky, Richard Thaler eta beste batzuek homus economicus arrazional hori, interes partikularra hotz-hotzean lehenesten zuen izaki ekonomiko hura, akabatu egin zuten etxekalte diren erabaki ekonomiko horiek zergatik hartzen ditugun esplikatuta. Ekonomia tradizionalak erabaki eta portaera arrazionalak baino ez zituen ulertzen, edo bestela esanda, ez zuen giza-esperientzia bere horretan kontuan hartzen.
Jokabide-ekonomiak esaten digu “orainaren alborapenaren” biktima garela, edo esaera zaharrak dioen bezala, gerokoa, hobe ustezkoa, nahiago dut on oraingoa. Etorkizuna urrutiegi geratzen da eta beraz, hara begira gaur hartu behar diren erabakiak geroratzea, ulertzekoa da. Etxekalte izan daiteke, baina jokaera-ekonomiak erakutsi digun bezala, orobat pertsonok nahiago izaten dugulako galera bat saihestea irabazi bat lortzea baino.
Aurreztea lortu dugun apurra oporretan inbertitzen dugu etorkizunerako gorde beharrean, ez ergelak garelako, gizakiak garelako baizik.