Eta indarkeria matxistaren biktimak zer nahi dute?

 

Eta indarkeria matxistaren biktimak zer nahi dute?

Iñigo Errejonek politikagintza utzi du, jarrera matxistak aitortu eta geroAstebete baino gehiago daramagu hedabide eta sare sozial guztietan Iñigo Errejoni indarkeria matxista batzuengatik egindako akusazioei buruzko iritziak entzuten. Horrekin batera, eztabaida asko sortzen ari dira: nola salatu behar dugun emakumeok, nolakoak izan behar duten gure sexu-harremanak, onespena, zerbait zekitenen isiluneak… Guk bizi izandako indarkeria desberdinei buruzko testigantza ematea erabaki duten emakumeengan egin nahi dugu gogoeta.

Duela lau urte Cristina Fallarás “Indarkeria matxisten aurrean memoria eraiki” jardunaldietan izan genuen. Espazio horretan abstrakzioaren eta identifikazio-mekanismoen arteko aldea irakatsi zigun. Nola indarkeria matxistaz edo genero indarkeriaz modu abstraktuan hitz egiten dugun, eta horrek indarkeria ulertzea zaildu egiten digu eta gertatzen zaizkigun kasuak identifikatzea ere. Esparru horretan, #cuéntalo proposamenak, #metoo bezalako aurrekariarekin, emakumeok gure bizitzan jasaten genituen edo gure bizitzan jasan izan genituen indarkeriak konta genitzan sustatzen zuen, indarkeria horiek ezagutu, partekatu, gorpuztu eta entzuteko, despertsonalizatu eta enpatiarik sorrarazten ez dituzten zifrak gaindituz.

Jada garai hartan, milioika, bai milioika, munduko hainbat lekutako emakumeek erantzun zioten hashtag honi. 2018an tiraka hasi zen hari horrek oihartzuna izaten jarraitzen du, ez bakarrik sare sozialetan, Errejonen aurkako akusazioak publiko egiten hasi ziren gunea izan da.

Hasieran esan dugun bezala, bizi izandako indarkerien testigantza eman duten emakumeengan pentsatu nahi dugu. Salaketarik jarri ez duten emakumeak, indarkeria horien berri ematea erabaki duten moduagatik zuzenean edo zeharka zalantzan jartzen ari dira espazio askotan. Anonimatuan mantentzeagatik. Zalantza horiek hierarkia bat islatzen dute biktimen artean: salaketa jarrita “ondo” egiten dutenak, “aurpegia ematen dutenak”, biktima onak direnak eta gauzak “egin behar diren bezala” egiten dituztenak.

Indarkeriari aurre egin dioten emakumeak indarkeria horren biktima dira, salaketa jarri ala ez. Biktimak, ez pasibotasunaren edo protagonismo ezaren ikuspegitik, kaltearen aitortzatik baizik. Salaketa biktimek edo biziraun dutenen eskubidea da, baina hartu beharreko bidea aukeratzea indarkeria hori bizi izan duenaren erabaki autonomoa da. Indarkeria horri aurre egin dionak erabakitzen du nola egin, eta baita berak erabakiko du bere narratiba hura partekatzeko orduan.

Esparru horretan, emakume askok seguruak sentitzen dituzten espazio eta bideetan kontatzea erabakitzen dute, lagunen artean, talde feministetan… edo, azkenaldian gertatu ari den bezala, sare sozialetan, bozgorailu espazioak direlako, beste batzuen testigantzekin batera, kontakizun kolektibo bat eraikiz eta hedatuz.

Nolanahi ere, salatu dutenentzat ere epaiketa soziala izan da, euren salaketa ordu batzuen buruan birala egin zen eta morboa gertatutakoagatik, helduen sexu-gustuei buruzko xehetasunetara sartzeak edo hori publiko egiteko denborei buruzko eztabaidak, zalantzan jarri dute berriro ere emakumeen ahotsa, eztabaida politiko eta eremu politiko eta sozial guztietan indarkeria matxistei aurre egiteko estrategien analisia lokaztuz.

Emakume guzti hauen ausardia aitortu nahi dugu, askotan zalantzan jartzen baitira. Isiltasuna haustea erabaki duten guzti haien aitortza, jakinda kasu gehienetan lankide, senide edo lagunak salatzearen testigantzak publiko egitea zaila dela. Nahi duten moduan kontatzeagatik beren balioa aitortzea, memoria kolektibo hori eraikiz eta emakumeen testigantzak zalantzan jartzeari aurre eginez. Jasan dituzten indarkeriak kontatzea erabaki duten milioika emakumeen balioa aitortzea, ekintza indibidualetatik indarkeria matxista emakumeak kontrolatzeko eta menderatzeko mekanismo gisa egiaztatzera igaroz, gaur egun oraindik ere oso indarrean baitago.

Interesgarria litzateke fokua aldatzea. Geure buruari ez galdetzea zer gertatzen zaien emakumeei ez salatzeko, emakumeak berriro errudun ez egiteko, baizik eta erakunde publikoek beren buruari galde diezaiotela zer ez diren ondo egiten ari emakumeek salaketarik ez jartzeko.

Genero-indarkeriari buruzko europear inkestaren datuen arabera ikusten dugu nola Europan indarkeria fisikoa edo sexualaren biktima diren emakumeen %25ak baino gutxiagok jarri zutela salaketa. Testuinguru horretan, ikerketa askotan egiaztatzen da gizarte-, polizia- edo justizia-zerbitzuetan emakumeak berbiktimizatzen direla. Biktimentzako eta biziraun dutenentzako babesa izan beharko luketen espazioak, zalantzan jartzeko, baliabide egokirik ez izateko eta indarkeria instituzionala erreproduzitzeko leku bihurtzen dira.

Azken urteotan egia, justizia eta erreparazioaz askoz gehiago hitz egin dugu. Kasu honek, beste askok bezala, aurrerapen batzuk agerian uzten ditu, baina oraindik emakumeentzako eskubide horiek bermatzearen aldeko apustuan gabezia asko ere.

Egia, emakumeen ahotsa sinestea. Emakume izate hutsagatik bizi ditugun etengabeko eta eguneroko indarkeriak mahai gainean jartzen dituen mugimendu globala, zalantzan jartzeri utzi.

Justizia, justizia feminista baten alde egin, hausnarketa antipunitibista batetik abiatuta biktiman zentratuko dena eta ez zigorrean, berbiktimizatzen ez duena eta bere aniztasun osoan indarkeria matxisten aurkako mekanismo arin eta eraginkorrak praktikan jarriko dituena.

Erreparazioa, errekuperazio eta erreparazio integraleko eskubidea aitortzea, eta baita berriro ez errepikatzeko bermea ere.

Guzti horretarako, geure buruari galdetu beharko genioke zer erantzukizun instituzional eta sozial dugun erreparazio hori lantzeko eta eraldaketarako. Eta biktimek eta biziraun dutenek zer eskaera dituzten. Hau litzateke egin beharreko lehen galdera. Zer nahi duzu? Nola sentituko zinateke erreparatua? Kasu batzuetan, agian, zabalkunde publikoa nahikoa da; beste batzuetan, epaia lortzea izango da behar dutena, edo dimisio bat garaiz egitea edo barkamen argi eta publikoa… Biziraun dutenen adina aukera egongo dira.

Nolanahi ere, arreta integraleko ereduen eraikuntzan eta indarkerien aurrean dituzten erreparazio-eskaeren definizioan, ohikoenetatik muturrekoenetaraino ere, biktimak eta biziraun dutenak protagonista eta ardatz izan behar dute.

Besteoi zer dagokigun ikus dezagun.

María Viadero Acha
Mugarik Gabe

Eta indarkeria matxistaren biktimak zer nahi dute?

Garapenerako GKE, justizia sozialaren alde egiten dugu lan.

4 pentsamendu “Eta indarkeria matxistaren biktimak zer nahi dute?”-ri buruz

  • Amonamantangorri 2024-11-07 20:39

    Cristina Fallarasek, kasualidadea, “No publiques mi nombre” liburuaren argitarapena iragarri du Iñigo Errejonen biktimaren testigantza Instagramen argitaratu duen garai beretsuan. Cristina Fallarasek, anonimoki jasotako sexu-erasoen testigantzak liburu horretan jaso ditu, poliziari jakinarazi beharrean,

    Errejon Kasuaren ingurumari eta akzidente batzuk ez ditut aipatuko: hala nola, Cristina Fallarás Podemosen ingurukoa dela eta Iñigo Errejonen behin betiko likidazioak Podemosi mesede egiten diola. Hori esatea oso gustu txarrekoa iruditzen zait eta beraz ez dut esango.

    “No publiques mi nombre” (dagoeneko salgai) liburuak eman litzakeen irabazi ekonomikoak ez omen dira Cristina Fallarásentzat izanen, baizik eta osorik Elkarte feminista batentzat izanen omen dira: Acción Comadres elkartearentzat. Cristina Fallarás Acción Comadreseko kidea da.

    Berdintasun Ministerioak 2023an, Irene Monteroren garaian, 100.000 EURO esleitu zizkion Acción Comadres elkarteari. Elkarteak azkenean ezin izan zuen dirulaguntza jaso, Acción Comadresek ez baitzuen CIF zenbakirik eta ez baitzegoen elkarte gisa erregistraturik. Alegia, juridikoki existitzen ez zen eta batere paperik ez zuen elkarte bati 100.000 EUROko dirulaguntza onartu zion Espainiako Gobernuak.

    Bukatzeko, Errejonen biktimak jarritako salaketa dago. Istorioaren gorabehera nagusiak honezkero ezagutzen ditugularik, biktimak berak kontatuta (Whatsappeko elkarrizketa eta guzti), argi dago auzitegi batean ez duela zer eginik. Iñigo Errejonek gaitzespen morala jaso dezake alderdikideen eta herritarren aldetik, lerdejario prepotente manipulatzaile bat izateagatik, eta amante txoil baldarra, beste gauzen artean. Baina ez dago juezik ez fiskalik, deliturik ikusiko duenik.

    https://x.com/nurygglez/status/1850919132188848531

  • Nire semea tortura mental bat jaso ondoren eskolatik, esaten dit gizonak matxistak garela esaten diotela, baina gizonek ere sufritzen dutela. 4 emakumetik 1ek erlazioren batean indarkeria jasan du. 5 gizonetatik, 1ek. Ez dute hauek inporta? Hildako gehienak gizonak dira ere, hauek ez dute inporta? Nola azaldu behar diot semeari gizartearentzat bere ikastolako neskak garrantzitsuagoak direla bere bizitza baino? Ez du babesik merezi? Gelditu erokeria mesedez behingoz!

  • “Salatu dutenentzat ere epaiketa soziala izan da”. Eta hala behar du, interesak egon daitezkelako eta nahiz eta antipunitibistatzat duzuen zuen burua, salatuak heriotza sozialera eramaten baititu, askotan deliturik egon gabe.

    Eraso bat jasatea ez da justua, hasieratik. Ezta poliziari eta epaileari berriro dena kontatzea ere, baina biktimak justizia nahi badu, bere ardura da (berak nahi gabe sortu zaion ardura) prozesu judizial batetik pasatzea. Eta frogatu egin behar dute salatua benetan erruduna dela. Findu daiteke prozesua, baina ez da inoiz xamurra izango, inorentzat.

    Eta Errejonek ez dit inolako penarik ematen, berak hazi duen munstro batek jan duelako.

  • Utz dezagun emakumeak umeak bailira tratatzeari. Elisa Mouliaak (salaketa poliziaren bitartez egin duen bakarra) publikoki onartu du geratzeko esan zionean Errejon geratu egin zela. Bera geratu zen Errejonekin, bere borondatez joan zen honen etxera eta honekin sexu-harremana hasi. Bere ardura ere bada hor egotea. Ondoren ez zitzaion gustatu honen jarrera, eta zilegi da, baina ez da delitu.

    Ba noski salaketa hauek sozialki epaitu behar ditugula, ez dutelako ez hanka ez buru.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude