Espekulazioa eta beste krimen akasgabe batzuk

Espekulazioa eta beste krimen akasgabe batzuk –

Duela 15 urte, 2009ko azaroaren 2an, hain zuzen ere, Jose Luis Lopez Vazquez zendu zen. Pertsonalki baderitzot aktore ikaragarria eta, batez ere, kamaleonikoa izan zela. Nahikoa da antzeztu zuen rol aniztasuna gogoratzea: «Fernando Galindo, un admirador, un amigo, un esclavo, un siervo…».

Espekulazioa eta beste krimen akasgabe batzuk

Datagatik aparte, “El pisito”-ko protagonista badatorkit burura, etxebizitza duina eskuratzeko ezintasuna salatzen dauden azkenengo manifestazioen berriak direla eta: horra hor gizarteak edozein unetan eztanda egin dezakeen beste josturetako bat; sabairik gabekoek M15 berri bat antolatu omen dezakete. Sabaia… Bereziki bitxia da euskarazko «sabaia» hitza. Etimologikoki sabelarekin lotuta dago, eta hori oso esanguratsua da: espazio inguratzailea eta babeslea da. Interesgarria da «zure sabeleko fruitua» bere alderdi erlijiosoa ere eta aragoieraz eta gazteleraz «sabaya» erabiltzea ganbara eta aletegia izendatzeko.

Baina bai, “El pisito”, 1958an estreinatu zen arren, gaurkotasun osoa berreskuratu du. 1950eko hamarkadaren Madrilera goaz: gerraostetik kostata ateratzen dagoen Estatuan, biztanleriak larrialdi ekonomiko itzelak ditu. Petrita eta Rodolfo (gure Lopez Vazquez) duela 10 urte baino gehiago bikote dira, baina pisu bat erosteko dirurik ez daukatenez, ez daukate ezkontzerik. Azkenean ere Petritari konponbidea ?edo? bururatuko zaio: Rodolfo Doña Martina atso gaixotuarekin ezkonduko da: halaxe, hura hildakoan, ondorengotzan hildakoaren etxebizitza jarauntsiko luke. Hala ere, ezkontza ondoren atsoa, printzipioz hilzorian omen zegoena, oraindik beste bi urtez biziko da. Hura zendu eta Petrita eta Rodolfok beraien helburua eskuratuko dute, baina jadanik ez du mereziko: haien arteko harremana biziki kaltetu, akitu, higatu du esperientzia horrek.

60 urte baino gehiago igaro badira ere, baliteke Idealista webgunean sabaipean bizitzea lortzeko argudio eta prezio surrealistagoak eta gordinagoak topatzea. Hain zuzen ere 2019an zinemetara heldu zen “Sense sostre” (“Teilaturik gabe”). Bere protagonistak ederki ezagutzen eta erakusten du goian zerua eta behean lurra besterik ez duen jendearen egoera. «Ez dago gaizki ondo ez etortzea; kalean bizi izanak aukera eman dit sintoma baten pertsonaia egiantzez interpretatzeko, eta pertsonen begiak errealitate horretara zabaltzen laguntzeko. Erraza izan zen, pixka bat birbobinatu besterik ez nuen egin behar izan», zioen Enric Molina, zortzi urtetan zehar kale gorrian bizi zenak eta etxegabearen papera antzeztu zuenak.

Literatura ere sartu da lorategi laberintiko horretan. Horra hor Italo Calvinoren “La especulación inmobiliaria” edo Isaac Rosa eta Cristina Buenoren “Aquí vivió: Historia de un desahucio” eleberri ilustratua. Ate joka dagoen Eguberri bera etxerik gabeko familia baten historia baino ez da; ukuilua da, gaur egun, Zorrotzaurreko pabiloi zahar bat.

Berezko sabaia izatea xede bihurtu dugu, eta halandaze gure etxea eskuratzeak bizitza hipotekatzen digu. Oso argigarria da higiezin eremuko hitz batzuek beste arlo batzuetan adiera beldurgarriak dituztela: hipotekatu (arriskatu, arriskuan jarri) edo, gaztelaniaz batez ere, «desahuciar» (etsipena hartu…).

Sekulako egonkortasuna ematen omen digu bikote ezkonduei hipoteka on batek. Ia umeek baino gehiago. Bikote askok konpromiso ekonomiko horri esker jarraitzen dute elkarrekin. Milioika dibortzio saihestu dituzte bankuek. Bai, hori errekonozitu behar zaie. 15 urte jada… En fin.

Espekulazioa eta beste krimen akasgabe batzuk  Espekulazioa eta beste krimen akasgabe batzuk

Irakaslea, idazlea; hurrenkera ez daukat batere argi.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude