Espainiako erregimen demokratikoaren aje sakonak

Espainiako erregimen demokratikoaren aje sakonak –

Alejandro Lerroux, Juan Vila Reyes, Juan Guerra, Luis Bárcenas. EL CORREO

Autodeterminazio erreferendum lotesleak egiteko aukera ukatzea da aje handi bat, Katalunia eta Euskal Herriari, baina hemen ez naiz aje horretaz arituko. Politikarien ustelkeria eta hori ahalbidetzen duten legeak izango ditut begipean, sistema judizialaren zulo beltzak barne. Victor Aldamaren adierazpen salatzaileak daude orain boladan, hots, “Koldo” auzia delakoa (PSOE). Luis Roldan ahaztezina ere alderdi horretakoa izan zen. Urteetan, Gürtel auzia izan da ustelkeriaren errege (Correa, Bárcenas,…, Zaplana (Naseiro), hots, PP alderdia); 1984tik 1991era NFEko presidente izandako Gabriel Urralburu (PSOE-PSN) eta PNVtik Arabako bigarrena izan zen Alfredo de Miguel eta, ahaztu gabe. Lehenago Franco bera, ustelik handiena eta haren kideak (XIX. mendean, Maria Kristina Borboi-Bi Sizilia, XX.aren hasieran, Alfonso XIII.a; geroxeago, usteletan ustel koroaduna, Juan Karlos Borboiko errege emeritua…) eta erregimen frankista ustelak erraztu eta indartutako ustelbideak, Franco hil ondoan ere, gaurkotu eta modernizatu direnak.

Gutxi edo asko ezaguna da hori guztia, baina 1978ko Konstituzioak eta hauteskunde-legeak alderdi politikoei ematen dizkien gehiegizko abantaila eta eskumenak?, haien egitura hierarkikoak, alderdikraziaren ajeak, eta sistema judizialarenak? Joaquim Bosch epailea izango dut gidari (“La patria en la cartera”. Ariel. 2022); orainean ere interesgarria delakoan, eta etorkizunean ere, egunen batean erregimen politiko propioa izango bagenu, zer saihestu beharko genukeen hausnartze aldera!

1978ko Konstituzioan, alderdi politikoek lehentasunezko tokia eta funtzioa dute: “Alderdi politikoek aniztasun politikoa adierazten dute, herri-nahia eratu eta azaltzen dute, eta politikan parte hartzeko oinarrizko tresnak dira.[…] Haien barne-egiturak eta jardunbideak demokratikoak izan beharko dute”. Izan beharko dute…, eta funtzio garrantzizko horri dagokionez, alderdi politikoen finantzaketa ere publikoa da, %80a izateraino -gainerakoa, afiliatuen kuotak-, nire jakin-iturria zuzen badago.

Erakunde politiko bat beti gutxiengo batek zuzentzen du (Zuzendaritza Batzordea), eta hor boterea handitzeko edo mantentzeko joera sortzen da. Kudeaketaren zailtasunek burokratizazioa eragiten dute langile espezializatuen baitan, eta horrek barne-boterea indartzen du. Eta kudeaketaren eraginkortasuna barne-demokrazia ezabatuz edo mugatuz lortzen da -kongresuak eta primariak oso gutxitan eginez, kasu!-. Arrisku handia dago alderdi handiak burukide gutxi batzuen menpeko hauteskunde-makina bihurtzeko, eta ez barne-hausnarketetan edo gizarte-eztabaidan sakontzeko erakunde.

Espainiako erregimen demokratikoaren aje sakonakArrisku horri erantsi behar zaio, egun Espainian indarrean dagoen hauteskunde sistemaren zenbait berezitasun, Europan ez daudenak. 1977ko ekaineko bozak baino lehentxeago sortu zen hauteskunde-legea eta 1985ean berretsi zen. Frankismoan kargu inportanteak izandakoek sortutako UCDk eta APk diseinatu zuten. Pentsatu zuten boto gehiago lortuko zutela landa-eremuetan, eta horregatik landa-eremuko hautes-barrutiei ordezkaritza gehiago ematea erabaki zuten, jakinik ezkerreko alderdiek hiri eta herri handietan jarraitzaile gehiago zutela. Horren ondorioz, gurera etorririk, eta EAEko autonomi estatutuaren arabera, Arabar baten botoak Bizkaiko batenak halako lau balio du kasik, edo gipuzkoarren bi eta erdi, hiru lurraldeetako bakoitzak 25 eserleku dituelako Gasteizko Legebiltzarrean. Eta horrek ez dakar berekin landa-eremuen alderako mesederik, nekazari eta abeltzainen protestek frogatzen digutenez.

Horrekin ohituta gaude baina Europan ez da batere ohikoa; estatu gehienen irizpidea proportzionala da, hots: pertsona bat, boto bat. Fama ona duen hauteskunde sistema bat Alemaniakoa da. Bundestaga osatzeko, hautesle bakoitzak bi boto izaten ditu; batekin, berak aukeratutako hautagaiari ematen dio botoa, bere barruti uninominalean; bestearekin, bere gogoko alderdia aukeratzen du. Izen bakarreko hautes-barruti horietan diputatuen kasik erdiak aukeratzen dira, eta beste erdia alderdiei zuzenean ematen zaien botoaren arabera. Sistema horrek aukera ematen du zeuk nahiena duzun hautagaiari botoa emateko lehenbizi, eta gero alderdiari. Hemen, zerrenda itxiekin, ez bezala. Espainiako zerrenda itxi eta blokeatuen sistemak alderdien zuzendaritzak indartu ditu, eta eragin negatiboak ekarri ditu. Parte-hartze demokratikoa mugatzeaz gain, alderdi politikoen zuzendaritzei ahalmen itzelak ematen dizkie. Horrek guztiak ere eragin du herritarren desatxikimendua politikarekiko -bizimodu indibidualista eta espezializazioan zentratuak ez ezik-, eta hedabideetan sustaturiko showaren politikaren goraldia.

Jakin ustelkeria zabal dabilela; eta, halere, bozak etortzen dira eta ezin behar bezala zigortu, aukerak oso murritzak direlako eta alderdikrazia sakonean bizi garelako. Eta hori larria bada, sistema judizialaren kargu gorenen izendapena alderdi politiko horien goi karguek izendatzen badituzte, Espainian Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiarekin gertatzen den bezala? PP alderdiaren blokeoagatik bost urte luzean berritzeke egon ondotik, azkenean, 2024ko urte honetan bertan, itun bat egin dute bi alderdi nagusiek baina, kasu, alderdiek erabaki dute eta ez epaileek, edo modu mistoan, nola egin berritze hori.

Botere politiko eta judizialaren arteko interferentziei helduz gero, ezin aipatzeke utzi Francoren erregimeneko TOPetik, trantsizioan, Auzitegi Nazionalera nola pasa diren hango magistratuak, horrek ekarri dituen ondorio tamalgarri guztiekin, nagusia: disidentzia politiko edo politiko-militarra irizpide politikoekin zigortzea.

Hortik aparte, Joaquim Bosch valentziarrak dioenez, epaileen artean ustelkeria kasu gutxi gertatzen dira baina arrisku nagusiak alderdietako goi karguek auzitegietan egiten dituzten esku-sartzeetan daude, norberaren onurarako edo/eta alderdiaren onurarako. Bereziki, hirigintzako birkalifikazio eta obra handien kontratazioen esleipen publikoetan, direlako %3 edo %4ko “eskupeko” desiratu eta ustelgarriekin.

Epaileen organo gorena erabat Parlamentuak izendatzea Europan anomalia bat da. Hogei estatutan dagoena hautaketa mistoaren sistema da, zati bat epaileek izendatua eta bestea Parlamentuak. Beste ardi beltza Polonia da, duela gutxi Espainiako legean oinarritutako esku-hartze alderdikoiko sistema baten alde egin baitu, esku-sartze politiko handiagoarekin, eta horrek Europar Batzordearen zehapen-ohartarazpenak ekarri dizkio.

Laburbildurik, Espainiako erregimen demokratikoan -Hego Euskal Herrian haren mendean gaudelarik- alderdi nagusien zuzendaritzen gehiegizko boterea gailen, epaileen organo gorena ere bere baitan hartzen duena, hiru botereen banaketa teorikoa soilik bihurtuz, eta ustelkeria kasu etengabeekin zamatua eta hondatua; eta bien bitartean, herritarren desatxikimendu handia. Noizko euskal sistema propio eta demokratikoago bat, ustelkeria politikoa gutxieneko proportziora ekarriko duena?

Finaleko 14 (h)au-dio  Finaleko 14 (h)au-dio  Finaleko 14 (h)au-dio  Finaleko 14 (h)au-dio  Finaleko 14 (h)au-dio
Espainiako erregimen demokratikoaren aje sakonak  Espainiako erregimen demokratikoaren aje sakonak  Espainiako erregimen demokratikoaren aje sakonak  Espainiako erregimen demokratikoaren aje sakonak

Saiakera-idazlea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude