Esanezinaz mintzo
Esanezinaz mintzo –
“Perpausak oro balio berekoak dira” (Wittgenstein, Tractatus logico philosophicus 6.4)
Hori zioskun Wittgenstein-ek Tractatus bere obraren azken aldeko 6.4. puntuko aitorrean. Eta aitortutako horretatik puska batez tira eginaz, hurren, zera ere esan genezake ezein erreparorik gabe; hala bada, esaldiak oro balio berberekoak badira, hau da, balio berbera badute, zinez eta egiatan deusik ere ez dute balio; berdin dio batek edo bestek; dioguna diogula, berdin-berdin, eta, hortaz, balioa beste nonbait egon beharko derrigor, eta ez inondik inora mintzairan.
Delako aitorpen horren atzean Wittgensteinen konbikzio muin-muinetariko bat dugu. Izan ere, berak, hizkuntzaren bidez (berorren nondik-norakoen mugapen egoki eta zuzenaren bidez) ea errealitateaz era zuzen eta egokian hitz egiterik ote genukeen galdegiten zion bere buruari. Buelta asko eman eta gero, baita zehaztapen ez gutxi ere eman eta gero auzi honen gainean, mintzairaren muga edo ezinarekin egin zuen talka; pentsamendu zein zientziaren baitako arazo guzti-guztiei soluzio bat aurkitutakoan ere, geure bizitzako kezkak eta zentzu-nahiak urrik ere erantzunda ez leudeke. Izan ere, azken kezka hauen berri ematea bera ere ezinezko zaigu, bene-benetan eta sakon-sakonean esanezin zaizkigu-eta. Kezka azalezinak ditugu, ez dira konpondu beharreko arazoak. Gure kezkagarri moduan agertzen zaizkigu, izan molde horretan bestetan ez, agertzekotan, ez baina inondik ere logikoki. Bere horretan diraute, iraun, eta iraute horretan hartzen dute bere izaera guztia. Intuiziozko gauzak dira, espirituaren zola sakonetiko mintzo lauso bezain temosoak ditugu, norbere “ni”tik ernaturiko sentimendu zehazgabe bezain errotuak…berauek eguneroko logikarekin elkarbizitzan irauten dute, berari interpelatuz atergabe, nahiz ez duen inoiz erantzun egokirik jasoko.
Logikak eremu honen baitako auzien gainean ezin deusik ere esan, ezin merezi duen deusik ere erantsi. Hala eta guztiz, berea ere egiten du logikak, berea egiten du gure eguneroko mintzaira arruntak; ezen, deusik ere ez esate horrek, berau tresna delarik ezintasun horretan, tresna aktibo-aktiboa izan ere, ezintasun aitortu delako horretan, zeharbidez bada ere, munduaren esentziaren, munduaren zerizanaren, berri ematen du, ondo eman ere.
Mintzairak beti egiten du bultza, eta bultza eta bultza eginaz azkenerako bere ezinaren mugarekin egiten du topo. Ezinbesteko dugu baina bere lana honekikoan. Mintzairak gertakarien berri ematen du, gertakariak ditu berezko jorragai eta berauei zor die fideltasunik, berorren berri ematea du jomuga eta eginkizun une oro. Halere, gertakariek, agitzen den orok, egitekoarekin, egin beharrekoarekin, dute zerikusirik, ez baina egiteko ororen azken jomugan legokeen soluzioarekin. Azken honi dagokionean, mintzairak azkenerako isilduaz du etsia hartzen ezinbestez.
Esandako guztien atzetik beti esan gabe geratzen den hori,
beti geratu behar den hori,
beti esan gabe,
agian noiz edo behin kasik, ia esankizun,
beti esateke baina,
hor,
bertatik bertara,
Isiltasuna…
……………………
Esan guztien bidelagun isila,
gertatu beharreko ikusgaitza,
jada gertatua,
eta halere beti gertatzeke,
beti hor.
Gertatu beharrekoa?
hortxe dago beti eta une oro gertatua.
…………………………….
Gurekin bat, ez
gure aurrez aurre ezta,
ondoan ez,
eta betiro hor,
hemen,
hemen baino honago,
isil-isilka,
isiltasuna
…………………………….
Inongo gertakari ezingo zaio gailendu,
ezein ekintza gainezarri,
ez eta hitz gainjarriko,
beti isilik ezin isildua,
hitz guzien erdiguneko Hitz Isil betierekoa.
……………………………………….
Gertakizun,
gertatu beharreko guztien,
jada, betitik, gertatua.
Gertatu beharreko jada gertatua,