Esaiozu

Esaiozu –

Karmele Jaio, Noticiasen.


Bizitzan zenbat aldiz zalantza bera: esango diot ala ez diot esango? Askotan egoten gara zalantzati, norbaiti zerbait esan ala ez ezin erabakita. Batzuetan barkamena eskatu nahi diogu iraganean gertatutako zerbaitengatik, baina iruditzen zaigu denbora gehiegi igaro dela eta agian ez dituela ondo hartuko gure hitzak; eta, azkenean, beranduegi dela erantzungo digun beldurrez, ez diogu ezer esaten. Zenbat aldiz gertatu zaigu baita ere erakartzen gaituen pertsona bati gustukoa dugula esan ala ez erabaki ezinean ibili eta azkenean ezer esan ez, ezezkoarekin edo harridura aurpegiarekin erantzungo digun beldurrez. Zenbat aldiz esan nahi izan diogu norbaiti oso garrantzitsua dela gure bizitzan, baina geure burua hitz horiek esaten imajinatzearekin bakarrik lotsatu eta ez diogu azkenean ezer esaten… Beldurra, beti presente, lotsa sentitzeko edo barregarri geratzeko beldurra.

Hitz asko irentsi ditut bizitzan (beste guztiok bezala, suposatzen dut), baina gero eta argiago daukat merezi duela arriskatzea. Merezi duela barregarri geratzeko edo espero ez dugun erantzuna jasotzeko arriskua hartzea. Izan ere, zure hitzak zintzoak badira, ezin dira hor barruan geratu. Gezurrez betetako eta gero eta azalekoagoa den mundu honetan, ezin ditugu egiazko hitzak geure baitan ezkutatu. Egiazkoa dena kanpora atera behar da, agian ingurua kutsatuko du eta.

Hiletetan negar asko egiten da esan gabe geratu diren hitzengatik, joandako pertsonari bizitzan esan ez genizkion hitz horiengatik. Beraz, ez zalantzarik izan. Norbaiti zerbait esateko beharra baldin baduzu, esaiozu. Barruan geratzen diren hitzak bizitzan arrastaka eramango ditugun harri astun bihurtzen baitira. Esaten ditugun hitz zintzoek, aldiz, arintasun baketsua ematen digute, egin behar genuena egin izanaren lasaitasun-sentsazioa. Gure hitzok zelan hartuko dituzten, hori ez dago gure eskuetan. Baina esatea, bai. Beraz, zalantzati bazaude, esaiozu.

Esaiozu
Arg: MabelAmber

Esaiozu

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude