[Erroztamendua] Langileriaren errogabetasuna VII
Langileriaren errogabetasuna VII –
Simone Weil filosofoaren testuaren itzulpen saioa
Langile gehienak kalifikazio altuko profesionalak izango balira, nahikoa usu trebetasuna eta ekimena erakutsi beharko lituzkeenak, beren ekoizpenaren eta beren makinaren arduradun izango liratekeenak, orduan oraiko lanaren diziplinak ez luke gehiago existitzeko arrazoirik. Langile batzuek etxen lan egin ahalko lukete, beste batzuek kooperatiba moduan antolaturiko tailer tipi batzutan. Egungo egunetan, lantegi tipietan autoritatea aplikatzen da lantegi handietan baino oraindik modu latzagoan, baina horrela da tipiek handiak kopiatzen dituztelako. Baina horrelako tailerrak ez lirateke lantegi tipi horiek bezalakoak izango, ez bailirateke kontzepzio berriko entitate industrialak baizik, zeinetan izpiritu berri batek ufatuko bailuke; nahiz tailer tipiak izan, haien artean izango lirateke lokarri organiko nahikoa sendoak, denen artean enpresa handi bat osatu ahal izateko. Izan ere, haien akats guziengatik ere, bada oraindik enpresa handietan langilei gustatzen zaien mota bereziko poesia bat.
Behin langileen kasernaratzea ezeztatua izanez gero piezakazko ordainketak ez luke gehiago desabantailik. Izan ere, ordainketa modu horrek ez luke gehiago kosta ahala kostako zalutasunaren obsesioa sorraraziko. Eta ordainketa modu hori ere lan libreki burutuaren ordainketa-modu normal bat izango litzateke. Orduan obedientzia ez litzateke gehiago izango segunda bakoitzeko menpekotasuna; langile batek edo langile-talde batek izan ahalko luke eskaera kopuru jakin bat burutzeko epe finkatu batean. Langileak berak hautatuko luke bere lana nola antola. Hautatu beharko luke iradokitzen dugun egoera berri hau, edo orai artinoko egoera hori zeinean langileak agindu batek inposatu jestu bera beti errepikatu behar baitu segunda zehatza artio non beste agindu berri batek inposatuko dion beste jestu berri bat ezagutzen ez duen iraupen baterako; bi egoera hauek alabaina erabat desberdinak dira. Ez ote? Izan ere badute denborarekiko bi erlazio erabat desberdin, bata bizigabeko gauzei ongi dagokiena, eta bestea kreatura pentsalariei.
Kooperatibak izan ala ez, tailer tipi horiek ez lirateke kasernak (kuartel militarrak) izan behar. Noizean behin, langile batek bere andreari erakusten ahalko lioke nun egiten duen lan, bere makina, 1936ko ekainean lantegi okupazioen denboran zein pozarekin egin ahal izan zuten bezala. Haurrak, kurtsoen ondotik etorriko lirateke aita ikustera eta harekin lan egiten ikastera, beraientzat lana jokorik interesgarriena den adinean. Geroago, aprendizgoan sartzeko orduan, kasik ofizio baten jakitun izango lirateke, eta hautatzen ahalko lukete ala ofizio horretan perfekzionatzea ala beste bat ikastea. Lana, bada, ume zoramen horiei esker poesiaz argitua egongo litzateke haien bizi guzirako, amesgaizto kolorekoa egon beharrean lanarekiko lehen talkaren esperientzia latzarengatik.
Gaurko etsipenaren erdian ere, laborariek ez dute langileek bezainbat pizgailuen akuluaren beharrik jarraituki agertzen, eta beharbada diferentzia hori gaztetako lehen lanarekiko esperientzia horretatik letorke. Bederatzi ala hamar urtetan, haur bat landetan jada maluros izan daiteke, baina harentzat kasik beti izan zen lehenago une bat zeinean lana iduritu baitzitzaion handiei erreserbatu josteta miragarri bat.
Horrela, langile gehienak bilakatzen balira guti edo aski uros, hainbat arazo iduriz funtsezkoak edo larriak zirenak ez lirateke soluzionatuak bainan desagerraraziak; arazo horiek soluzionatuak ez izanik ere, ahantziko ginuke existitu zirenik ere. Izan ere, zorigaitza, hazkuntza-salda bat da arazo faltsuentzat. Obsesioak sorrarazten ditu eta.
Ohartuko zaretenez, langileriaren kondizioaren kezka omnipresentea da filosofoaren hausnarketan. Kezka hau, alde batetik, garaiari zor zion — langileria populazioaren portzentaia esanguratsua zen eta partidu komunistaren eta batasun sobietikoaren eraginak garrantzitsua gatazka politikoan– eta bestetik bere pentsamoldea errealitatearekin alderatzeko asmoz langile xume gisan industrian egin zuen esperientza gogorrari ere. Hortik datorkikegu, seguraz ere, SWen “ouvrierismo”a. Inpresio hunek jarraituko du datozen orrialdetan ere.
Baina, hasierako anarko-sindikalismoaren ideiei uko egin gabe, arimaren premien asebetetzearen izenean, langilearen kondizioa eraldatzeko SWen proposamenek aise gainditzen zituzten zituzten orduko erreformaren eta iraultzaren ikuspuntu klasikoak.
Horregatik, seguraz ere, betidanik arrakasta eskasa izan du partiduen eta sindikatuen aparatuetan mugimendu alternatibo jakin batean beti lortu duenarekin alderatuta.