[Erroztamendua] Langileriaren errogabetasuna VI
Langileriaren errogabetasuna VI –
Simone Weil filosofoaren testuaren itzulpen saioa
Ez dugu gure buruari ezta galdatzen ere, makina berri baten jartzeak kapital gehiago imobilizatuz, eta ekoizpen-prozezua zurrunduz ez ote duen azkenean langabeziaren arriskua areagotuko.
Zer balio du langileentzat, borrokatzearen bortxaz, ahalegintzea soldatak hobetzen eta lantegi-diziplina gizartiartzen, denbora berean berrikuntza-ofizina tekniko batzuetako injeniariek, den mendreneko xede txarrik gabe, langileen gorputzak eta arimak nekatzen dituzten makinak, edo arazo ekonomikoak larriagotzen dituzten makinak asmatzen baldinbadituzte? Eta zer balioko liekeen langilei, bada, haien lantegien nazionalisazio partzialak edo osokoak, ofizina tekniko horien izpiritua ez bada aldatzen? Eta egundaino, dakigunez, nazionalizatzea izan den herrietan, ofizina tekniko horien izpiritua ez da aldatu. Sobietar propagandak berak ez digu sekula jakinarazi makina-mota errotik berri bat asmatu zutenik, ustezko proletargo-diktaduraren kide batek erabiltzeko duin izango litzatekeenik
Marx-en obretan, segurtasun bat indar garaitezin batekin agertzen baldinbada hau da: klase erlazio-aldaketa ilusio huts egongo da, denbora berean aldaketa tekniko batek ez badu laguntzen, eta aldaketa hori kontzepzio berriko makina berrien existentzian gauzatzen ez bada.
Izan ere, langileen ikuspuntutik, makina batek hiru kalitate absolutuki eduki behar ditu:
Lehenik, kontzepzio berriko makina berri horiek erabili behar dira ginarriak, nerbioak eta langilearen beste organoak nekatu gabe, eta erabili behar dira gorputzaren haragia moztu edo urratu salbuespeneko kasu oso bakanetan baizik.
Bigarrenekorik, langabeziaren arrisku orokorrari dagokionez, makinak eta orokorkiago ekoizpen-aparatua osoa egon behar dira ahal bezain malguak eskaeraren aldaerei jarraitzeko gai izaiteko. Ondorioz makina bera erabilera anizkunekoa izan behar da, erabilera biziki anitzekoa ere ahal bada, baita, neurri batetaraino, erabilera zehaztugabekoa ere. Gainera, behar militarrarerako ere ekoizpen-aparatua gai izan behar da modu errazenean pasatzeko bake-egoeratik gerla-egoerara. Horrelako makina izanen da faktore bat laneko poza faboratuko duena, zeren horrela saihes dezakegu langileak hainbeste beldurtzen dituen monotonia, eragintzen duen asperdura eta nazkarengatik.
Hirugarrenekorik, horrelako makina, normalki, profesional kalfikatu baten lanari johan behar zaio. Beraz behar militarra da, eta gainera ezinbestekoa da langileen duintasunerako baita haien ongizate moralerako. Langile-klase bat kasik osoki profesional onez osatua ez da gehiago proletargo bat.
Beraz, makina automatiko, doigarri eta erabilera anizkunekoaren garapen erabakigarri batek hiru kondizio horiei erantzun behako lieke neurri zabal batean. Abaina arlo horretan, lehen gauzatzeak existitzen dira jadanik, eta nabari da aukera biziki handiak badirela norabide horretan. Horrelako makinek ezeztatzen dituzte makinako peoiaren postua. Renault bezalako enpresa erraldoietan, guti dira langileak lanean pozik ari direla diruditenak, eta pribilegiatuak liratekeen zenbaiten artean, aurkitzen dira kamekin doituriko tornu automatikoetaz arduratzen diren tornulariak.
Orduan funtseskoena da langileen ongizate moralari buruzko makinen arazoak hitz teknikoetan adieraztea. Behin arazoak planteatu eta, aski dituzte teknikariek berek soluzionatzea! Zailagorik ere asko soluzionatu dituzte jada, aski dute nahi izaitea. Horretarako makina berriak asmatzen diren ofizina teknikoak ez dira ordea osoki murgilduak izan behar interes kapitalisten sarean. Normal da estatuak haien gainean eragina izaitea subentzioen bitartez. Eta zergatik ez, langile-erakundeek ere sari batzuen bitartez? Ahantzi gabe dauden beste eragin eta presio modu guziak. Langile sindikatuak zinez biziberritzen ahal balira, kontaktu jarraiak izan beharko lukete teknika berriak asmatzen dituzten ofizina tekkniko horiekin. Horrelako kontaktuak fabora lezakete langilei buruzko giro baikorra jartzen injeneritzako eskoletan.
Egundaino teknikariek ez dute fabrikazioaren beharrak baizik buruan eduki. Hasten balira buruan atxikitzen fabrikatzen duten langileen interesak ere, ekoizpenaren teknika osorik eralda liteke piskanaka.
Antolakuntza industrialaren langileen beharrak erakaskuntza-gaia bilakatu beharko luke duen erakaskuntza gaia izan behar da ordea .
Ez lirateke menturaz abantailak baizik aurrerantzean abian emaiten baginitu arazo mota horiei buruzko ikerketak.
Ikerketa horien mamia erraza litzateke definitzeko. Aita saindu batek ez ote du erran: «materia nobletu eginda ateratzen da fabrikatik, eta langileak aldiz zikinduta ateratzen dira».
Behin Marxek berak burutapen hori ber-bera adierazi zuen hitz are gogorragoetan. Honen iritzian, berrikuntza teknikoak egiten ahalegintzen diren guziek buruan finkatuta atxiki beharko lukete egia hau: gaurko fabrikazioan aurki litezkeen mota guzietako arazoetan, bada bat zeinaren soluzionatzea urgenteena den, lanaren dorpetasuna da; horregatik ez da hasteko deus egin behar lanaren dorpetasuna areagotuko duenik, aitzitik dena egin beharra dago arintzeko. Aurrerantzean, pentsakera hau obligazio profesionalaren sentimentuaren parte izan behar da, eta industrian erantzukizunak dituen nornahiren ohore profesionalaren parte izan behar luke.
Pentsamoldea hau kontzientzia unibertsalean sarraraztea izan beharko litzateke, langile-sindikatuen betekizun funtsezkoetarik bat, bederen oraindik horretaz gai balira.
Egun on berriz ere, Beñat!
Teknikaren aldetiko idatziok zinez interesgarriak dira. Ikuspegi humanista hertsitik gizakia bere horretan hartzea oso ohikoa izan da, makineriarekin hartu emanean nola sortzen den kontuan hartu gabe. Laburrean, niretzat makina zurrunek gizaki zurrunak sortzen dituzte, makina malguek gizaki malguak. Arima eta adimenaren zurruntasun-malgutasunaz ari naiz, zer esanik ez gorputz osasunarenaz. “Langileak zikinduta ateratzen dira” eta ez da literalki hartzeko zerbait, kedarraren azpian giharrak eta borondatea hautsitako gizakiak aurkitzen direlako askotan.
Langabeziarenari dagokionean, susmoa daukat SW ez ote den iritzi produktibista batetik ari, baina garaiko inguruabarrean ulergarria dirudit. Niretzat langabeziaren auzia ez da teknika soilera mugatzen, ludistek egingo zuketen moduan, lan banaketari dagokio, lan banaketari eta soldataren duintasunari. Agian SWen ildotik urrundu naiz honekin.
Malgutasunaren idearekin jarraituz, SWek guda egoera baten abiapuntutik egiten du, estrategiaren beharrizanei begiratuz. Produkzioa eta fabrikak kontzentraturik egoteak etsaien esku edo bonben esku erortzea errazten baitu. Malgutasun hori, beraz, gudarako berebizikoa litzateke. Malgutasun horrek, ordea, gaurko egoerarako balio beharko liguke. Beharrizan lokaletara azkar adaptatuko litzatekeen teknologia produktiboa, azkar mugitzekoa, azkar muntatzekoa… Europan baino askoz areago garapen prozesuan edo momentuan momentuko oso behar espezifikoak dituzten herrialdeetarako balioko luke. Nolabait malgutasun horrek langileari artisauaren arima itzuliko lioke, SWek modu zeharkakoan ulertzera ematen duen zerbait, nire ustez.
“Langile-klase bat kasik osoki profesional onez osatua ez da gehiago proletargo bat.” Esaldiaren pisu moralarekin bat nator, baina tamalez, datuek adierazten dutenez, gainformakuntza handia dago, batez ere gazteen artean. Baliteke garaiko proletalgoa baino jasoagoa izatea egungo proletalgoa, baina langile kontzientziari dagokionean gutxiago daukala dakusat nik, orain arte izan dugun langile aristokraziaren erakusgarri izan daitekeen zerbait eta halaber utopien gainbeheraren sintometako bat. Ni pertsonalki ez naiz sindikatu zale handia, agian nik izandako esperientziagatik, baina haien beharra ulertzen dut, hau da, langilea bere lan-eremuan antolatzeko beharra. Sindikatuek haien betekizun historikoaz ahaztu direla dirudi batzuetan.
Enekorix, SWentzat langabezia zen muturreko zorigaitza, errogabetasun bikoitza. Horregatik, gainprodukzioko krisi ziklikoen beldur zen. Gainera ez ziren gaur bezala demandaren sustengatze politiko ekonomiko modernoarekin ohituak denbora horretan..
Uste dut Sw-entzat zuretzat bezala makinen eta antolakuntzaren malgutasuna baita lantegi handien zatitzea eta barreiatzea ere langileen alde pentsatzen zituela.
Iduritzen zait oroitzea langileen ikuspuntutikako lanaz eta makinen kontzepzioaz arduratzen zen injeniadore talde batetik hurbil zela.
Baina ez da ahantzi behar testu hau (De Gaullen) CNRk eskatu ziola etorkizuneko Frantzia librearen oinarri filosofikoa izaiteko. Eta nola lanaren erreforma horiek CNRi ere gustatzen ahalko zitzaizkion arrazoi militarrengatik “ideia saldu” nahi izan zion.
Sindikatuei dagokienez, egia da partiduak bezala sisteman integratuak direla eta orai sistema horren parte direla.
Orai, galdera bat: zertan datza zuretzat Swen produktibismoa?