[Errogabetasuna] Arimaren premiak VII
Arimaren premiak VII –
Simone Weil filosofoaren testuaren itzulpen saioa
Erantzukizuna
Ekimena eta erantzukizuna, balios izaitearen edo are gehiago ezinbestezkoa izaitearen sentimendua giza-arimaren hil ala biziko premiak dira.
Sendimendu horren erabateko gabezia gizaki langabetuaren kasuan gertatzen da, baita jateko, beztitzeko eta aterbea izaiteko lagundua baldinbada ere. Izan ere, sentitzen du ezer ez dela aktibitate ekonomikoan, eta aktibitate politikoan bere bozka-paperaren ekarpenak ez du zentzurik harentzat. Ez da peoiaren egoera doi bat hobea baizik.
Premia horren asetzeak exigitzen du gizakiak problemak soluzionatzeko erabakiak maiz har ditzan. Soluzionatu beharreko problema horiek izan daitezke tipi ala handi. Arrotzak izan behar dira bere interes propioekin, baina bere burua konprometitua sentitu behar du problema horien soluzio-bilaketan. Gizakiari esfortzuak ere eskatu behar zaizkio jarraituki. Bere kolektibitatearen obra osoaz gogoz jabetzeko ahalbidea behar du, baita sekula erabakitzeko edo jujatzeko aukera ez dituen aferetan ere. Horregatik kolektibitatearen obra hura ezagutarazi behar zaio gizakiari, hari arreta emaiteko eskatu behar zaio, haren balioa sentiarazi behar zaio, handitasuna ere ahalbidea denean, eta sentiarazi behar zaio berak bertan hartzen duen partea.
Asetze horiek bere kidei eskaintzen ez dituen edozein motetako kolektibitatea maingu da eta sendatu egin behar da.
Piska bat kementsu den pertsonalitate ororen baitan, ekimenaren beharra agintzeko beharreraino doa. Tokiko eta eskualdeko bizitza trinkoak, heziketa-erakundeek, eta gazte-mugimendu elemenia batek bizitzan noizbehinka agintzeko aukera eman behar dio gai den gizaki orori.
Igualtasuna
Igualtasuna da gizakiaren arimaren hil ala biziko premia. Igualtasuna, instituzioek eta ohiturek zinez adierazitako aitorpen publiko, orokor eta benetakoan datza. Aitorpen horrek finkatzen du errespetu eta adeitasun neurri ber-bera zor zaiola gizaki orori. Izan ere, errespetua zor baitzaio gizakiari, gizaki den ber, eta errespetu horrek graduaziorik ez dauka.
Horrenbestez, gizonen arteko diferentzia saihestuezinek ez eiki dute sortu behar inolako errespetu-maila diferenziarik. Giza-diferentzia saihestuezinak ez daitezen errespetu-maila diferentetzat sentituak izan, oreka jakin bat beharrezkoa da igualtasuna eta desigualtasunaren artean.
Igualtasunaren eta desigualtasunaren arteko konbinazio edo oreka ahalbideen igualtasunean datza. Esaterako, nornahi irits baldinbadaiteke gai den funtzioari dagokion maila sozialera, eta hezkuntza aski zabaldua baldinbada nehor ez dadin izan baztertua gaitasun batetik bere sortzearen arrazoi soilagatik, orduan esperantza bera dago haur guzientzat. Horrela, esperantzari dagokionez, gizon bakoitza beste nornahiren iguala izanen litzateke, bai beretzat gaztetasunean, baita bere haurrentzat ere gerora heldutasunean.
Baina konbinazio horrek berak bakarrik eragiten baldinbadu, ez eta faktore guzien arteko beste faktore batek bezala, orduan konbinazio hori bakarrik ez daiteke oreka bat izan, eta konbinazio horrek lanjer larriak gordetzen ditu barruan. [1] Esaterako, peko mailan dagoen eta horretaz sofritzen duen gizakiarentzat ez da kontsolamendua jakitea ezgaitasuna dela bere egoeraren arrazoia eta hori jende guziak badakiela. Alderantziz samindura bikoiztuko zaio; bakoitzaren karakteren arabera, batzuk lurjota egon litezke, beste batzuk krimenera ere bultzatuak izan litezke.
Ezinbestez, gizarte-funtzionamenduan sortzen da goruntzko mugimendu bat ponpa xurgatzaile batek eragiten balu bezala. Orduan, gaixotasun sozial bat gerta daiteke beheruntzko mugimendu bat ez bada sortzen goruntzko mugimendu hori orekatzeko. Horrelako gizartean, etxemutil baten semea egun batean gobernu-sailburu izan daitekeen bezala, halaber gobernu-sailburu baten semea egun batean etxemutil izaiten ahal behar da. Bigarren kasu honen ahalbide-maila ezin da biziki handia izan gizarte hertsadura-maila biziki lanjerosa inpostu gabe. [2]
Igualtasun mota honek berak bakarrik baldinbadihardu eta mugarik gabe, ekartzen du bizitza soziala desegiten duen jariakortasun-maila bat. [3]
Metodo gutiago larriak ere badira igualtasuna eta desigualtasuna konbinatzeko. Horietarik lehenbizikoa da proportzioa. Proportzioak definitzen du igualtasunaren eta desigualtasunaren arteko konbinazioa edo erlazioa, eta unibertso guzian orekaren faktore bakarra da. [4]
Proportzioaren ideia oreka sozialari aplikatuz, proportzioaren legeak gizon bakoitzari inposatuko lizkioke haren potentziari eta ongizateari egokitzen zaizkien karguak. Arriskuak ere pairaraziko lizkioke haren ezgaitasunaren edo faltaren kasuetarako. Adibidez, ezgai izango liraatekeen nausiek, edo haien langilei buruz hobendun izango liratekeen nausiek, beren ariman eta aragian gehiago sofritu beharko lukete ezen ez eta ezgai liratekeen edo haien nausiari buruz hobendun liratekeen langileek baino. Gainera, jende xume guziek jakin beharko lukete bizi diren gizartean horrela dagoela.
Horrek arriskuen banaketa jakin bat inplikatzen du, eta zigor-zuzenbidean inplikatzen du gaztiguaren kontzeptzio bat zeinean, neurri zabalean, maila soziala zirkunztantzia larriagogarri gisa kontuan hartzen den gaztigua hautatzerakoan. Oraindik arrazoi gehiagoz, kargu publiko altua daukanak erantzukizun-arrisku pertsonal larriak eduki behar ditu.
Igualtasuna diferentziarekin bateragarria bihurtzeko bada beste jokamolde bat, hau da, diferentziei ahal bezainbat kantitate-ezaugarri kentzea. Izan ere, izaera-diferentzia dagoenean bakarrik, eta gradu-diferentziarik ez, orduan desigualtasunik ez dago
Dirua, egintza guzien edo kasik egintza guzien mobila bihurtuz, halaber dirua gauza guzien edo kasik gauza guzien neurri bakarra bihurtuz, desigualtasunaren pozoia orotan sartu dugu. Egia da desigualtasun hori mugikorra dela; ez da pertsonei itsatsia, zeren dirua irabazten eta galtzen baita. Hala ere, ez da horregatik gutiago erreala.
Badira bi desigualtasun-mota, zeinek eragintzen baitituzte bi bekaizkeria-pizgarri mota. Bata, desigualtasun guti edo aski egonkorra, Frantzia zaharrekoaren antzekoa da, eta sortzen ditu goikoen alderako idolatria—ezkutaturiko egiazko herra batekin nahasia baldinbada ere—baita sumisioa ere goiko haien aginduen aldera. Bigarrena, desigualtasun modernoa, mugikorra eta jariakorra da, eta honek sortzen du gizarte-eskalan igotzeko gogoa. Desigualtasun hau ez da igualtasunetik desigualtasun egonkorra baino hurbilagoa, eta galgarria da hura bezala-bezalaxe. Bere igualtasuna inposatuz, 1789ko Iraultzak, azkenean, ez du desigualtasun zaharra desigualtasun berriarekin trukatzea baizik kontsakratu.
Gizarte batean, igualtasun gehiago izan eta orduan inportantzia gutiago dute bi desigualtasun motekin loturiko pizgarriek. Horren ondorioz beste pizgarri batzu behar dira.
Igualtasuna are handiagoa da giza-baldintzak soilik diferenteak ikusiak badira ez eta batzuk besteak baino gehiago balira bezala: Meatzariaren ofizioa eta sailburuarena bokazio diferenteak baldinbadira bakarrik, hala nola poetarena eta matematikariarena; Meatzari-kondizioari dagozkion bizitzako zailtasunak jarriak badira zailtasun horiek bizitzen dituztenen ohorearen kontuan.
Gerla-garaian, armada batek behar duen ezpiritua baldin badu, soldadoa pozik eta fier izaten da fronteko suan egoteaz eta ez agintzatokian; generala pozik eta fier izaten da batailaren zorteak bere pentsamoldetik dependitzen duelako; eta denbora berean soldadoak generala miresten du eta generalak soldadoa. Horrelako orekak igualtasuntzat balio du. Gizartean igualtasuna legoke, kondizio sozialetan horrelako oreka hori egongo balitz.
Oreka horrek giza-kondizio bakoitzarentzako inplikatzen ditu propio zaizkion errespetu-markak, gezurrezkoak izango ez liratekeenak.
[1] Bestela esan da liberalismo klasikoaren suerte-igualtasuna (erdaraz égalité des chances adierazten dena) ez ta nahikoa igualtasunaren giza-premia asetzeko.
[2] Le degré de cette seconde possibilité ne peut être considerable sans un degré tres dangereux de contrainte sociale. (SWek gauza guzietan limitaren kezka du beti).
[3] Cette espèce d’égalité, si elle joue seule et sans limites, donne à la vie sociale un degré de fluidité qui la décompose. (Ez dut ongi ulertzen esaldi hau).
[4] Makur ez banaiz, hemen, Antzinako Greziaren Matematikari egiten du erreferentzia.
Ene Castorene:
Eskerrik asko Simone Weil-etaz egiten ari zaren zabalkundearengatik. Zure itzulpenak oso gustora irakurtzen ditut gainera. Ederki atzematen dute Weil-en pentsakeraren gardentasuna eta indarra.
Emakume honek munduko jira-bira politiko guztiak igaro zituen, marxista izan zen (Trosky-rekin izan zituen eztabaidak) , anarkista (gerra zibillean Durruti batalloian egondakoa), eta azkenean bukatu zuen kristau-komunitarista izaten.
Bere pentsakerak eragin handia du, hemen dugu berari buruzko artikulu bat ingelesez, oso argigarria:
https://lareviewofbooks.org/article/simone-weil-for-americans/
Zure eskerrak partikulazki preziatzen ditut batez ere zurekin beti ados ez naizelako. Baina funtsean SWen alderako zure interesak ez nau batere estonatzen.
Egia da 34 urtetan hil zen pentsalari horren ibilaldi intelektual lasterra.
hautemangarria dela.
Nik berriz ez nuke jira-bira hitza erabiliko. Berak zioen bizitzan aurreratu zela hainbat borta berri zabalduz baina beti norabide berean beti fidel egoiten zela gauza inportantenetan, batez ere egiaren bilaketan eta ahuleenen defentsan.
Trotskyrekiko eztabaida famatu horretan ez zen harekin adostu ahal izan eta dena aditu zuen honen andreak nerabe oso gaizki hezia jujatu omen zuen.
Durruty batailloko egonaladi oso laburrean segituan ulertu zuen anarkistek ere masakratzen zutela eta gaizki portatzen laborariekin.
Aldiz ez dakit zer erran nahi duzun “kristan- komunarista”horrekin.
Itzulpengintza ihesbiderik ez daukan diziplina da: Bortxatzen gaitu, gostarik gosta, lehenik autorea ulertzera eta gero besteei ulertaraztera. Batean edo bestean, kausituko ez dudanean seinalatuko dut behereko nota batean.
Milesker loturarentzat baina denbora piskat beharko dut irakurtzeko.
Ene Castorene:
Eskerrik asko aintzakotzat hartzeagatik nire erantzuna.
Bi hitz Weil-i buruz. Bata “kristau-komunitarista” esan dut, zer esan nahi du horrek?
Berak hitzegiten du arimako premietaz eta bere ustez eta berarentzat Jainkoa zen hori. Arimak behar duen gauza funtsezkoena konfidantza, esperantza eta maitasuna dira eta berarentzat Jesukristo zen horren oinarria.
Zuk oso ondo aipatu duzun bezala, Weil-en bidea ez zen izan han-hondik jirabiraka ibilitako batena, baizik eta progresio bat dakar bere ausnarketak. Berak Marxismoarekin eta Anarkismoarekin bat egin zuen arazo soziala larrutik bizi eta horretaz gogoeta egin zuelako. Gizarte teknikoak sortutako deshumanizaziioa pairatu eta urkoan ikusi zuen.
Egia da ere berak diola betidanik sentitu izan zela kristaua eta ez zuela kezka hori bestearen kontrako ikusten, aitzitik baizik, biak elkarren osagarri zirela. Alienazioa, azken batean, ideia erlijiosoa da, lekuz kanpo egotearena, deslekutua, errorik gabe. Gizakia errotzea zuen Weilek helburu. Hortara dator komunitarismoarena, guk euskaldunok euskararen iraupen eta biziarekin sentitzen duguna eta berak gizartean kohesio gisa, izpirituz eta gizakien anaitzaz, ulertzen zuena.
Segi hazi hor ereiten euskaldunoi ondo etorriko baizaigu jakitea nondik datorkigun irauteko eta loratzeko indarra.
Hobeki ulertzen ditut kristau- komunarista eta komunitarismoa.
Nik ulertu diotanez, harentzat arimaren premiak– gure ohiko eskubideak ez bezala– nozio unibertsalak dira nehork nehori ukatu ezinak. Horregatik nahiago ditu ohiko eskubideak baino esleitzen dituenaren aitorpenetik dependitzen direnak.
Premia horien artean bada komunitate batean (edo hainbatetan) izaitearen premia. Berak komunitate baino kolektibitate hitza erabiltzen du momentuz baina iduritzen zait gauza bera dela.
SW oso laster aurreratu da bere ibilbide intelektualean zeren bere pentsamoldea nahi izan baitzuen errealitatearekin alderatu beti. Arriskuak hartuz. Lantegietako produkzio kadenetan, nazien Alemanian, gerla zibilako Espanian… Erizain parakaidista komando ere nahi zuen osatu zuzenean parte hartzeko gerlaren frontean, baina bereosasuna eta estruktura fisiko eskasa ikusita ez zioten utzi gauzatzera.
Berantetsia nago ikusteko zuzeutarren erreakzioa ikusiko dutenean “Gaztigua” arimaren premiatzat.
Itzul gaitezen pasarte honen ideia garrantzitsu batera.
SW gizartearen eta giza arimaren soegile zorrotza da. Ongi daki hasieran denak ez garela berdinak eta denek ez ditugula gaitasun berak baina badaki ere gutien dohatu eta ikasiak ere baduela igualtasunaren egarria.
Orduan hemen entseiatzen irudikatzen giza- desberdintasunetik abiatuz nola asetzea gizaki ahulenaren igualtasun egarria.
Ene ustez mezua ardurak dituztenei zuzendua da lehentsaunez. Hausnarketa honek adinik ez du, eta balio du edozein erregimen politikorako. Egia dateke edozein erregimenpean, baina batez ere honetan zeinean indibidualismoa eta arribismoa kalitateak bilakatu baitira. Nork ez du bere laneko ibilaldian sekula kurutzatu zuzendari perbertso- narzizikorik bere botere gosearen eraginez lankide gutiz gehienak ipurdi-milakatzaile ala asaldatu negatibo bihurtzen zituena. Fenomeno hau gerta daiteke multinazioletan gure kooperatibetan bezala.
Lantegietaz gain, politika munduko partiduetan edo beste erakundeetan ere ote da horrelakorik.
Pasarte honetan iratzarrarazten gaitu boterearen ariketaren hausnartzeari. Zer ote da modernagorik ?