[Errogabetasuna] Arimaren premiak VI
Arimaren premiak VI –
Simone Weil filosofoaren testuaren itzulpen saioa
Libertatea
Giza-arimarentzako hazkurri ezinbestekoa da libertatea. Zentzu konkretuan hartuta, libertatea hautatzeko ahalbidean datza. Egiazko ahalbideaz ari gara araiz. Baina, elgarrekin bizi nahi dugun une guzietan, ezin da ekidin onura komunak inposaturiko arauek hautatzeko ahalbideak muga ditzaten.
Baina libertatea ez da handiagoa edo tipiagoa hautatzeko mugak hertsiagoak edo zabalagoak direnean. Izan ere, libertateak bere osotasuna lortzen du muga horiek baino neurtzeko zailagoak diren beste baldintza batzuengatik.
Gizarte-arauak izan behar dira aski arrazoigarriak eta aski sinpleak, arreta-gaitasun ertaineko gizakiak, eta ulertu nahi duen gizakiak uler dezaten zein onura komunari dagozkion, eta zein errealitate-egoerak inposatzen dituen. Arau horiek jendeei etorri behar zaizkie arrotz edo etsai iduritzen ez zaien autoritate batetik, hau da, beraiena izan balitz bezala maitatzen duten autoritate batetik. Arauak izan behar dira aski egonkor, kopuruz aski guti, eta aski orokor gizaki batek beretu egin ditzan behin betikotz, eta ez dezan haiekin talka egin erabaki behar duen aldioro.
Baldintza horietan, gizarte-arau hauiek izanik ere, borondate oneko gizonen kontzientzientzat libertatea osoa dago, nahiz faktuetan mugatua den. Arau horiek beren kontzientzetan sartuak izanez gero, debekaturiko aukerak ez zaizkie burura jiten ere, eta horregatik ez dituzte gibelarazi egin behar ere. Hezkuntzak sarturiko ohitura bat, adibidez gauza nazkagarriak edo lanjerosak ez jatearena, gizaki normal bati ez zaio agertzen hazkurriaren arloko libertate murrizpen denik. Izatekotan, umeak bakarrik luke murrizpentzat sentituko.
Borondate txarrekoak, edo ume egon direnak ez dira sekula aske izanen inolako gizarte-motan.
Izatez, hautatze-ahalbideak sobera zabaltzen direnean onura komunari kalte egiteraino, gizakiek ez dute libertatea egiazki gozatzen.
Izan ere, edo gizakiak erantzugabekerian aterbetu behar dira, umekerian, axolagabekerian, zeinetan ez baitira azkenean aspertuko baizik, edo erantzukizunagatik lehertuak sentituko dira zirkontztantzia orotan urkoari kalte egiteko beldurragatik. Horrelako kasuan, libertatea badutela erruz sinetsita, eta hala ere gozatzen ez dutela sentituta, gizonak joan daitezke libertatea ongi bat ez dela pentsatzeraino.
…
Obedientzia
Obedientzia da giza-arimaren hil ala biziko premia. Obedientzia bi motetakoa da: bata da ezarritako arauei buruzko obedientzia, eta bestea, zuzendaritzat hautatu gizakiei buruzko obedientzia. Bigarrena ez da agindu bakoitzerako adierazi behar dugun onarpena behin-betiko onarpena baizik, norberaren kontzientziaren exigentziarekiko adostasun bakarraren baldintzapekoa. Obedientzia ez dadin sekula mendekotasuntzat ager, aitortu behar dugu, batez ere zuzendariek dute aitortu behar adostasuna dela obedientziaren arrazoi nausia, ez ordea zigorraren beldurra, ezta sariaren amuzkia ere,
Ezagun izan behar da agintzen dutenek ere obeditzen dutela beren aldetik. Eta hierarkia guzia zuzendua izan behar da helburu batera, zeinaren balioa eta handitasuna ere denek sentitu behar baitute, gorenetik behereneraino
Obedientzia arimaren hazkurri beharrezkoa izanez gero, obedientzia sekula ezagutu ez duen gizakia oro gaixo bat da. Horrenbestez, nehori obedientziarik zor liokeen lehendakari batek zuzendua den kolektibitatea gaixo baten eskuetan dago.
Horregatik, gizaki bat bizitza guzirako gizarte-antolakuntzaren buruan egoiten denean, ikurra bakarrik izan behar da, Ingalaterran erregea bezala, ez eta egiazko agintaria; Gizaki berezi horri egokitasun-arauek libertatea mugatu behar diote populuko edozein gizakiri baino gehiago. Izan ere, agintariek, egiazko agintariak izan arren, behar dute norbait haien gainean; bestalde autoritatearen jarraitasuna jada norbaitekin segurtatua izanez gero, boterean diren egiazko agintari horiek elgar ordezten ahal dute, eta horrela bakoitzak obedientziaren bere partea esperimentatzen du.
Bortxaketa eta krudelkeriaren bitartez giza-osteak menperatzen dituztenek hil ala biziko bi hazkurri kentzen dizkiete haien menpekoei, hau da, libertatea eta obedientzia; Izan ere giza-oste horiek ezin diote haien barne-onespena eman pairatzen duten autoritateari. Berdin, irabaziaren pasioa eragile nausia den egoerak sortzen dituzten arduradunek obedientzia kentzen diete gizonei, zeren obedientziari doakion printzipio bera den onespena ez baita sal-eros daitekeen zerbait.
Mila seinalek erakusten zuten gure garaikideak aspalditik obedientzia gose amilkatuak zirela. Baina gose horretaz baliatu izan da haiek esklabotasunean jartzeko.
Geroago ikusiko bezala, estatu sobietikaren sozialismoaren errealitate gordina zer zen oso laster ohartuta, SWek, mundua hobetzerako, produkzio baliabideeen jabegoari bezainbat inportantzia emaiten zion giza eta gizarte-harreman konkretuei eta laneko harremanei batez ere.
Horregatik aurkeztuko digu hemen arimaren premiei buruzko monografia hurrenkera guretzat guziz estonagarri hau ( hierarkia, obedientzia, iniziatiba libertatea, baita zigorra ere…).Gero azpimarratuko du lanaren inportantzia filosofikoa eta praktikoa gizakiarentzat eta gizartearentzat, baina guziz langileentzako lanaren antolakuntza konkretua lehenetsiz.