[Errogabetasuna] Arimaren premiak V

Arimaren premiak V –

 Simone Weil filosofoaren testuaren itzulpen saioa

 

Ordena

Gizakiaren patu betierekotik hurbilena den arimaren premia, ordena da, erran nahi baita, gizarte-harreman sarea non nehor ez den derrigortua obligazio zorrotz batzu urratzera beste batzu betetzeko. Izan ere, arimak ez du, azken kasu honetan baizik, jasaiten ezpiritu-biolentzarik kanpoko zirkonztantzietarik. Izan ere, obligazio baten betetzean heriotzaren edo sofrikarioaren mehatxuak arrastatzen duena mehatxu horren gainetik pasa liteke, gaizkienerako ere ez baita  bere gorputzean baizik zauritua izanen. Aldiz, gizakiarentzat arazoa larriagoa bilakatzen da zirkonztantziek elkarrezinak bihurtzen dituztelarik hainbat obligazio zorrotz desberdinek agintzen dizkioten egintzak, zeren eta gizaki hau daukan ongiaren  amodioan zauritua baita berak ezer egin ahal izan gabe.

Arimaren premiak V

Gaurko egunean bada desordena-maila oso altua, zeren obligazioen arteko elkarrezintasun-maila altua baita.

Nor ere aritzen den obkigazioen arteko elkarrezintasun hori handitu nahian, hori bera desorden-egilea da. Aitzitik nor ere aritzen den tipitu nahian, hori orden-egilea da. Bere arazoak sinplifikatu nahian, nork ere obligazio jakin batzu ukatzen dituen, horrek krimenarekiko akordio bat egina du bere bihotzean.

Zorigaitzez metodorik ez daukagu elkarrezintasun hori tipitzeko. Ez gara segur ere  obligazio guziak bateragarriak izango liratekeen mundua ez den azkenean fikziozko mundu bat. Eginbeharra faktuen heinera jausten denean, hain da handia jokoan sartzen diren erlazio independenteen kopurua nun elkarrezintasuna elkargarritasuna baino probableagoa den.

Baina egunero begien aitzinean dugu unibertsoaren etsenplua zeinean infinitate bat indar mekaniko independente  batutzen baitira harmonia bat eraikitzeko, eta ordena hori  finkoa egoiten da aldaketa guzietan barna. Horregatik maite dugu munduaren ederra, zeren horren atzean sumatzen baitugu zuhurtzia bezalako zerbaiten presentzia, zeina eduki nahi baiginuke ongiaren gure gosea asetzeko.

Hein apalago batean, artelan zinez ederrek osotasunaren etsenpluak eskaintzen dizkigute zeinetan era ulertezinean faktore independienteak batzen baitira edertasun paregabe bat eratzeko.

Azkenean, obligazio esberdinen sentimentua ongiaren gosetik datorkigu beti. Gizaki guzientzat, ongiaren gose hori bakarra da, finkoa, berarekiko berdina, sehaskatik hilobiraino. Gure bihotz hondoan etengabe alha den gose horrek debekatzen digu inoiz jarri eta usatu ahal gaitezen obligazioak elkarrezinak diren egoera horiekin. Edo obligazioak elkarrezinak dauden egoera horiek existitzen direla ahanzteko, gezurrak baliatzen ditugu, edo egoera horietarik itsura ateratzen ahalgintzen gara trakeski.

Egiazko artelanen kontenplazioak, munduaren edertasunarenak, eta are gehiago gose garen ongi ezezagunarenak lagunt gaitzakete pentsatzen gizartearen ordena,  zeina gure lehen ardura izan behar baita.

Indarkeria-eragile handienak animatu egin dira ikustean nola, unibertsoan, indar mekaniko itsua nausi zen.

Baina guk, munduaren ikusgarriari haiek baino hobeki  erreparatuz,  sustapen are handiagoa aurkituko dugu ikusten badugu nola indar itsu kontaezin horiek zedarrituak diren, nola ulertzen ez dugun, maite dugun, eta edertasun deitzen dugun zerbaitek denak batasun batera daramatzan oreka batean elkartuak,

Beti atxikitzen badugu gogoan ordenaren kontzepzio zinez gizatiarra, eta aukera presentatzen denean hari pentsatzen badugu erabateko sakrifizioa zor diogun objektu bati bezala, orduan, ilunean gidarik gabe ibiltzen den baina beti segitu nahi duen norabideari pentsatzen duen gizakiaren egoeran izanen gara. Horrelako bidaiariarentzat esperantza handi bat dago.

Ordena hori behar-premietan lehena da, behar-premia guzien goian dago. Ordena hori pentsatzeko beste beharren ezagutza eduki behar da.

Izatez, beharrak baita beraiei dagozkien hazkurriak ere mugatuak dira. Hauxe da lehen ezaugarria beharrak desiretarik, fantasietarik eta bizioetarik bereizten dituena, baita hazkurriak gormandizietarik edo pozoinetarik ere. Zikoitzak ez du sekula aski urre, aldiz edozein gizakiri nahi bezainbat ogi ematen bazaio, une batean asetuko da. Hazkurriak asea dakar. Berdin da arimaren hazkurrietarako.

Bigarren ezaugarria da beharrak kontrarioz osaturiko bikotetan antolatzen direla, eta oreka batean taxutu behar direla. Horregatik gizakiak hazkurria behar du baina une-tarte bat ere behar du bi otorduren artean; berotasuna behar du baina freskatasuna ere, atsedena behar du baina ariketa ere bai. Berdin da arimaren beharretarako.

Erdibide zuzena deitzen dugun bideak egiaz bi behar oposatuetarik ezer ez du osoki asetzen,  ez bata ez bestea. Ez da egiazko orekaren karikatura baizik. Aldiz egiazko orekan  bi behar oposatuak osoki asetuak dira.

Arimaren premiak V
Arimaren premiak V

Uztariztarra, Uztaritze-Olaberriako kooperatibista jubilatua

6 pentsamendu “[Errogabetasuna] Arimaren premiak V”-ri buruz

  • Beñat Castorene 2021-04-17 12:23

    Sadam Husseinen Iraka, edo kadafiren Libia jada desorden maila altuko Herriak zitezkeen aurretik. Baina Amerrikarren konkistak eta frantsesen Libiaren bonbardaketak ez dute desorden maila handitu baizik.
    Konkistek eta kolonisazioek, salbuespen salbuespen, desordena larritzen dute. Baina herri-askatzeek ez dute beti ordena berrezartzen, Algeria kasurako, zeinean, frantses mendetik askatu eta, gazteriak beren herritik frantziara eskapatu nahi baitute.
    Gu ere, ene ustez, desorden egoera batean bizi gara, euskaltasunaren galera da horren agerraldi nabarmena. Horrek bultzatzen gaitu batzuk gezurrak asmatzera desordena izkutatzeko eta estatu-quo-a defendatzeko, edo beste batzuk edozer abentura saiatzera egoera anker honetatik eskapatzeko. Bistan da testu honek ezdigula gomeni zaigun errezeta zehatzik emanen baina iradokitzen dizkigu ekidin behar liratekeen joerak.

  • Benat Castorene 2021-04-17 22:51

    “Indarkeria-eragile handienak animatu egin dira ikustean nola, unibertsoan, indar mekaniko itsua nausi zen.”
    Unibertsoaren indar mekanikoa bezala gizartearen indarkeria politikoa ere hartu ohi da eredu eta estakurutzat krimen berriak errepikatzeko.
    SWek dioenez, Hitlerrrek Mein kampf liburuan horrela aurretik justifikatzen omen zituen eginen zituen krimenak. Gutarik hurbilago, gurean ere, arrazoiketa bertsukoak eginik indarkeriaren erabilpen desegokia eta inutila egina izan da.
    Gerla zibila garaian, frankistek horrela egin zuten… guk ere haiek bezala egin behar dugu… horrela dabil mundua…

  • Peru_Gabiriko 2021-04-18 21:47

    Gure errogabetze itsusi honetan kristau fedearen ahultzeak badu, nire ustez, ikustekorik.
    Oraindik denbora asko ez dela, jende xeheak zerura begiratzen zutelarik, ikusten zuketen izarren mugimenduak fedearen ardatzean norapide zentzuzko batean zohazila.

    Orain, aldiz, hilez geroz beste mundurik, eta beste bizitzaren esperantzarik jada ez dela sinetsirik, gizakiak jainko bailitzan botere gosez zalapartaka jokatzen duela esango nuke.

    Bizi nizano, nireak nire, eta gero gerokoak…

    ezer ez baita jada gerokorik.

  • Benat Castorene 2021-04-19 10:42

    Peru egia da gurean bizimodua, erlijioa eta euskaltasuna luzaz intimoki lotuak egon zirela. Horregatik erliioaren ahultzea ( hemen pertsekuzioa erran ginezake ere) errogabetze orokorraren osagaia dela baina euskal baserri zibilizazioaren desagerpenarekin batera. (agnostiko edo kristau oso txar bat da mintzo!)
    Frantzia guzian eta gurean batez ere 1789ko iraultza garaietik erlijioa eta apaizeria pertsekutatuak izan ziren Europa guziko beste herrietan ez bezala, Hegoaldian ez bezala nun ideologia modernoaren eragina izan den arrazoia petsekuzio politikoa baino gehiago..
    Frantziar estatu modernoka suntsitu nahi zuen bre botereari oztopo egin lezaioken guzia, eljio, hizkuntza eta euskal eskubide tradizionala.
    Gurean,1789ko Iraultza izan da errogabetze larri baten kausa zuzena. . .

  • Peru_Gabiriko 2021-04-20 13:04

    Oraindik aski ikertu gabe dugu iragan mende osoan elizama katolikoak ipar Euskal Herrian frantses olde nagusiari zenbateko erresistentzia egin zion bizimodu tradizionalaren defentsan.

    Ni, hegoaldeko seme, kanpotik mintzo naiz, baina gogoan ditut Hiriart-hurruty, Elizalde, Otsobi, Barbier, eta zenbait halako besteren izkribuak.

    Hala ere haien idatziek orain zaharkiturxerik iduri dezakete egungo pentsamolde laikoaren aldean..

    Beldur naiz frantses laizismoa iparraldean nausiturik den belaunaldi gazteen artean.

    Zer diozu honetaz, Beñat?

  • Benat Castorene 2021-04-20 14:58

    Peru, Iparraldeko apaizen portaera aldatzen joan da hemeretzigarren mendean zehar eta beti anbiguoa da herriaren aldera.
    Alde batetik euskal laborari mundua da bere oinarri sozial garrantzisuena, horretatik dator eta harekin bizi da. Baina bestetik hierarkia katolikoari men egin behar dio.
    Beraz mende horren bukaerara, ezdakit noiz xuxen, hierarkiarekin batera errepublikaren eta estatuaren alde jartzen dira. Aktiboki parte hartzen dute bigarren mundu gerlan eta beste frantsesek bezala komuniatzen dute alemanen kontrako suhartasunean. Aipatzen ditutzun apaiz horiek, ez banaiz oker, nazioanlista frantsesak ziren jadanik, nahiz eta idazle kazetari euskaltzale sutsu izan, baita batzu euskaltzain ere.
    Haien desenkusatzeko, erran nezake denbora hartan ez zutela irudikatzen euskaltasuna zinez desagertzeko perilean zegoela.
    Bai itsutasun horrengatik jadanik ordurako zaharkitutxeak zitezkeen. Iduritzen zait Jean Etchepare mediku laikoa haiek baino piska bat argituagoa zela, maila intelekual goragokoa.
    Azken hamarkadeta, salbuespenak salbuespen, erresistentzia guti egin dute euskararen alde.
    Oraiko gaztei dagokienez? iduritzen zait laizismoaz erlisioneaz bezainbat futitzen direla. Ahalegiten dira ordu deno bitzitzaz ahalbezainbat gozatzen, arrazoiz sumatzen dutelako beharbada etorkizuna zaila izanen dutela..
    . .