Erregeen eguna, nork bere Belen du zain!

Erregeen eguna, nork bere Belen du zain! – 

Erregeen eguna dugu gaurkoa. Oso sekularizatua dago ospakizuna. Jada merkatu baino ez dugun mundu honek, baina, ezin aukera hobea topatu du honelako ospakizun batean. Hori bai, horretarako berau guztiz zentzuz eraldatu behar izan du, eta agian honelako egun batean berez egin beharko genukeen justu kontrakoa egitera herrestan bezala erraman behar izan gaitu. Dena den, jada topiko huts baino ez den horretan gelditzea ez du gehiegi merezi. Zer ekar nezake/liteke hona, ezer ekartzerik, ezer xukutzerik oraindik-edo balego egun honelako batetik?

Erregeen eguna Mateoren ebanjelioan eta oso era arin batean baino agertzen ez den gertakaria dugu. Bibliaren azterketa historiko-kritikoak ezein geruza historiko batere gabekotzat jo zuen aspaldi. Guztiarekin ere, historizitate falta horretaz beste, badago, egon, bestelako egia suerterik jakintsu horiek Jesus jaioberriari egindako agurtze bisitaren gaineko kontaizun honen harira. Izanez ere, Jesusen bizitza publikoa, bera jende aurrean agertu eta eraila izan arteko bizitza-tartea, urte eta erdi eta hiru urte arteko baino ez zen izan, zein ebajelio hartzen dugun aintzakotzat. Datu urri, hortaz, gizaki-gizakitzat ere bazuten gidari eta jainkoaren semetzat zuten honi buruz. Eta, kontuak horrela, Jesusengan aitortutako harako fede berriak Jesus jaioberri horretaz, gerora gazte izango zenaz, eta publikoki agertu aurreko heldu horretaz zer edo zer jakin beharra zuen, zer edo zer kontatu behar zuen gizaki betetzat zuen Jesus zen horren bizialdiaren baitan. Testuinguru honetan hain justu kokatu behar dira jaiotza kontakizunak. Gure egia molde moderno eta historikoki egiztagarritik guztiz at, zeinek uka. Espiritualtasunaren begirada sakonak baina berea eskaini zuen Jesusen bizialdi hori oso-betetze aldera. Jesusen jarraitzaile izandako horiek, hasierako bere aurrez aurreko lekukoak izandakoak, zein, berari buruzko testigantzak entzutez, jarraiko-jarraikoak, jasotako lekuko horren argitan erabaki zuten jaiotza-kontakizun hauek jorratzea.

Jesus jaio ondoren, sortaldeko jakintsu batzuk azaldu ziren Jerusalemen, 2 galdezka: Non da juduen errege jaioberria? Haren izarra ikusi dugu sortaldean eta gurtzera gatoz” (Mt 2,1-12)

Zein egia surtez mintzo gaitezke Mateoren ebanjelioak dakarkigun kontakizun honi dagokionean? Mito-eitekoa dugu kontakizun hau. Mitoek barnebiltzen duten egia suertaren baitan aztertu eta ulertu beharko genuke, hortaz, kontakizun hau. Zertan gera dakiguke orduan egungo egunean mito hau? Zer esan liezaguke gaur egun? Asko-asko nerrake nik. Mitoek ez dute bere zentzu eta esanahia galtzen are sortuak edo erabiliak izan zireneko sinesmenen markoak goitik behera erorita ere. Gero eta jende gehiago dago testu bibliko hauek eraiki asmo duten fedetik ezinago urruti, ezin uka. Orduan, are egungo eguneko aipatu errealitate honelakoan ere, oraindik zentzurik al leukake mito honek? Mito guztiek, mitoak diren aldetik, berez eta bere literalean sekulan gertatu ez diren, eta gertatuko ez diren kontakizunen berri ematen digute. Halarik ere, eta halaber mitoak diren aldetik, nola edo hala egunero-egunero atergabe gertatzen diren zenbait errealitate antzekoren berri ere ematen digute. Hori da hain justu ere mitoa; mitoa ez da sekulan horrela eta bere-berean gertatu, eta, bateratsu, egunerokoan gertatu eta gertatu egiten den zerbaiten berri ematen digu. Horretan datza hain justu mitoaren egiatasun-suertea.

Honi buruz, orduan, zer, zer esan? Gauza bera bilatzen zuten Herodesek zein Sortaldetik etorritako jakintsu hauek, itxura batean. Gauza bera, baina zentzuz gauza bana. Jesus bera zen bilatutako hori, baina justu elkarren kontrako motibazioz, berau hil nahian batek, eta berau gurtze aldera bestetzuek. Bizitzan ere gauzak eta gertakariak ez dira bakar eta unibokoak, objektibotasun bakarrekoak. Zeinek nola hartzen duen gauza bat hau edo beste hori izan daiteke. Herodesena krudela dirudi lehenengo itxura batean. Bere ikusian, ziurrenik ez; garai hartako bera bezalako pertsonek hartu beharreko eguneroko erabaki horietariko bat baino ez zen izango. Krudelkeriatzat hartu beharko genuke gaur egun; berarentzat, aldiz, tamala bada ere, bere egiteko arrunt eta egunerokoetako bat baino ez. Handia txikitu nahi du Herodesek, Handia zen Jesus txiki eginez, guztiz aparta zen Jesus eguneroko bilakarazi. Bada, aurren-aurrenik, hori dugu mutur aurrean kontakizun honetan. Handia txiki bilakarazita, apartekoa eguneroko eta hortaz mortu, hil, aho-zaporerik gabeko eta kolorge.

Handietan handi izatera zihoazen Hori ertzen ertzenean jaio zitzaigun, bere herritik at, sistemak ezarritako betekizunek (Jose eta Maria erroldatu behar ziren-eta) hartaratuak, okerren zetorkienean, Maria jada konplitua zegonean. Mariak eta Josek ere egunerokoaren, sistemaren, zamaren eragozpena jasan behar izan zuten. Ezinbestez eta bete-betean beste zerbaitera buru belarri emanak egon behar ziren horretan, zer eta belenera, zer eta etxeperik gabeko egoera batera, eta noiz eta Maria jada erdi-erditzear zegoen horretantxe. Erdigunetik, alegia Nazaretetik, ertzera, Belenera. Eta aipatu egoera hau nahikoa gogaikarri izan ez, eta Belenen jendearen ezikusirik ezikusitsuena jasan behar izan. Egungo milaka etorkinen egoera ertzetan ertzenekoa ekar diezaguke gogora pasarte honek. Elizak ere ertzetan beharko lukeela esana dago behin baina gehiagotan Frantzisko Aita Santua. Egunoroko betaurrekoek baina ez digute ertzetakoa ikusten uzten, baina egon, hor dugu beti, esperoan, berorri noiz kotu egingo zain…

Pixkatxo bat aurrera joanaz, norbere baitarako hausnarketarako ere bide eman diezaguke kontakizunak. Izanez ere, nork ere bere ertzak ditu, bere barne ertzak. Hiru kaxoi omen ditu nork bere barrualdean. Kaxoi bat eugunero-egunero ireki ohi dugu. Bigarrena tarteka edo oso noizean behin. Hirugarrena, aldiz, ez dugu sekulan ireki eta irekitzeko beharrik ere ez dugu sumatzen. Baina egon, hor dago, irekigabe, ireki zain. Hirugarren kaxoi hori, norbere Belen. Nekez irekiko genuke kaxoi hori. Beharrik ez dugu. Horretaratzen gaituen deirik, Izar arrastorik ere ez dugu inondik sumatzen. Hor gaude, egunerokoaren geruzan, eta hor egonda ez daukagu hirugarren kaxoiren ezein beharrik. Baina egon, hor dago, noiz irekiko zain. Egunen batean-edo agian irekitze aldera egin genezake, zeinek jakin. Horren beharra, edo deia, edo jaugin lausoek hartaratuko gaituzte, agian. Eguneroko geruza asko, ugari, kendu-erauzi beharko ditugu geure barne Belen horretarako bidean. Egunerokoan inportante dirudien hori behin bazter uzten dugula, garen etiketa, asmo eta nahikari mundutar horiek guztiak behin bazter uzten ditugula, behin kanporako dei azalekoak bazter utzita geure barne aldera egiten dugula,… eta, hori guztiori egin ostean, jada kasik exertxo ere ez garela sentitzen dugun horretan, guztiz biluzik, guztiz ezdeus, inoizkorik ertzen geure burua sentitzen dugun horretan, orduan hain justu ere geure Belen txikian sartuak egongo gara, orduan geure ezin txikiago horretan ezin handiagoaren intuizioa, suma, izango dugu.

Igor Goitia

Erregeen eguna, nork bere Belen du zain!

Teologia ikasitakoa. Gai filosofiko eta espiritualetan jardunda.

Zer duzu buruan “Erregeen eguna, nork bere Belen du zain!”-ri buruz

  • gontzal Atzo

    Eskerrik asko artikulu honengatik.

    Ni ez naiz sinestuna baina uste dut beharrezkoa dela jendeari egutegi liturgikoari buruzko informazioa ematea. Zoritxarrez gaurko euskaldunok nahiko analfabetoak gara arlo espiritual eta erlijiosoetan. 500 urte baino gehio kristau peto-petoak izan eta gero, orain badirudi ez daitekeela inon Jainko hitzik aipatu.

    Zure kontaerak gehi esplikazioak adierazten digu kontakizun ebangelikoak baduela aipatu daitekeen alderdi sinbolikoa. Ze gauza ederra, gainera, estalpe pobre batean haurtxo jaioberri bati egindako bixita hori! Norbaitek esaten zuen Errege Magoak izan direla pertsona askorengan mito bakar bakarra.

    Kristautasunak badu bai handitasun eta txirotasunaren arteko lotura magiko hori nola eta aintzakotzat ez dena Jainko maitasun eta justizia-zale baten eskutik jasoa den eta goratua.

    Eskerrik asko eta Errege Egun on bat pasa!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude