Errealitea edalontzika aurkeztearen aurka
Errealitea edalontzika aurkeztearen aurka –
Epai-itxurak eta izen-itxurak garbiketa bat dakarte, zikin-estaltze bat, zeren “epai bat” edo “izen bat” baitira, eta zikinak eta zakarrak ez. Eta “bat” gehiago da “batzuk” baino, zeren beteagoa baita; adibidez: “arrazoi bat” gehiago da “arrazoi batzuk” baino…
(IÑAKI SEGUROLA, Sed quia sua, 33-34)
Errealitatea edalontzika dugu kontatzen zein antzematen,
edalontziz edalontzi dugu gure neurrira dastatzen,
sailkatzen eta ontziratzen,
eta horrela dugu berau txirotzen eta zurruntzen,
gure nahierara izan dadin…
Sailkatze temoso delakoa txiki eta kaltegabe dugu berenez.
Egin lezakeen sarraskia egin bezain pronto zaigu-eta bilakatzen ezdeus-ezdeus,
ezdeus eta hutsal kasik hitza aireratua izan bezain pronto…
Sarraskiak baina egindako sailkatze horretan bertan dirau iraun,
hizkuntzari darion epaitzeko gutizia aseezinetik,
hau honakoa dela eta bestea harako hura direla diogunean bainoago,
honelakoak eta horrelakoak direla diogunero,
gure izuek, gorrotoek, beharrek, borondateek, nahikeriek, gutiziek edo uste onek jada aurez jakin bazekitena errealitateari esanarazi nahi diotenean beren bortxa mozorrotuaz.