Errealitatea eta beste fikzio batzuk

Errealitatea eta beste fikzio batzuk – 

Irudiaren kreditua: Jilbert Ebrahimi

Lotan geratu baino lehenago, Ami Ayalonen, -Shin Bet-eko, Israelgo barne zerbitzu sekretuko buruzagi ohia- La Vanguardia egunkariari egindako adierazpenak entzun nituen : “Segurtasuna izango dugu palestindarrek itxaropena izango dutenean”.

Bai, metroan ere bai. Eta pasaden asteburuan hondartzan, baina batez ere mesanotxean. Bainugelan -aitortzen dut- noizbehinka. Baina gau-mahaian bereziki; irratia eta presbizia betaurrekoen artean. Hortxe egon da -nire zain- liburu hori –La realidad quebradiza, Jose María Merinorena- azken hamabostaldi honetan. Ipuin bilduma ederra, ordainezina. Gomendagarria. Guztiz. –Ez dago alde handirik pertsonen eta liburuen artean: batzuen azalek eta beste batzuen edukiek erakarri egiten gaituzte -dio esamolde batek. Kasu honetan batak eta besteak atzemango, katigatuko zaituzte.

Arazo bakarra izan da gauero izenburu horrekin topo egiten nuela, abisu, barnetik daramadaren susmoaren baieztapen gisa: La realidad quebradizak garai hauetan errealitatea esku ahurren artean desegiten zaigula behin eta berriz jakinarazten zidala; hortxe zegoela, jo ta ke, errealitatea ez dagoela eskuratzerik adieraziz, azalduz. Ez daukala muga argirik hauskorra baino hauskorragoa delako: horra hor, hauxe idazten dudalarik, Gazako sarraskia eta horren aurrean nazioarteko geldotasuna; etorkinen krisialdia, bagoien artean topaturiko Kordobako gazte, nerabe horren gorpua. Oheratu eta bezain laster errealitatearekin estropezu eginez. Errealitea; gora eta behera. Errealitateak fikzioa gaindituz idazle horren narrazio bakoitzean baina baita gaueroko albistegian ere.

Guztiz etenerraza, apurkorra, ziurtasunik gabeko errealitate egoskor batetan murgildurik bizi gara. Bai kanpokoan -hedabideek helarazten digutena- baina baita gertuenean, norbanakoarenean ere: bapatean hirurogei urte betetzear gaude, ezinbestean eskapatzen zaizkigun seme-alabak, udarak, egunak, desirak, oroimenak… guzti horrek sortarazten digun orain arteko ezezagun antsietatea, jakineza, enura… Gero eta gehiagotan burura datorkit Katie Meluaren There are nine million bicycles in Beijing abestia: “That’s a fact. It’s a thing we can’t deny”. Zenbakien sendotasuna, doitasuna, zehaztasunaren falta sumatzen dut. Logika, zentzu apur bat kolkoan eta eroetxe bihurtu den ingurunean, munduan.

Atzo bertan bueltatu nuen alea, mailegua, udal liburutegira. Arratsalde osoa eman nuen haren ordezkoa, pasabideen, apalen artean bilatzen. Azkenik “errealitatea” zegoen mesanotxeko lekuan Lasai, ez da ezer gertatzen, Ana Malagonena kokatu dut, irratiak eta presbizia betaurrekoek zelataturik.

Ez, oraindik ez naiz irakurtzen hasi baina bart, sikiera, izenburu berriak trankilago sentiarazi ninduen. Lotan geratu baino lehenago, Ami Ayalonen, -Shin Bet-eko, Israelgo barne zerbitzu sekretuko buruzagi ohia- “La Vanguardia” egunkariari egindako adierazpenak entzun nituen: “Segurtasuna izango dugu palestindarrek itxaropena izango dutenean”.

Ez, agian oraindik ez dago dena galduta. Ea…

Errealitatea eta beste fikzio batzuk

Irakaslea, idazlea; hurrenkera ez daukat batere argi.