Errealitate ukapena ez ote dugu iparraldean (1/2)?

Errealitate ukapena ez ote dugu iparraldean? –

LEHEN ATALA: ERREALITATE UKAPENA

Aspalditik, 1789ko iraultza frantsesetik bederen, iparraldeko deseuskalduntzearen prozesuak jarraitzen du. Gure arbasoei orduan inposatuak izan zitzaizkien frantses errepublikaren administrazio eta legedia dira deseuskalduntze horren erantzule nagusiak. Orain data horrekiko urruntasun nahikoa dugula, erran dezakegu deusek ez duela azkenean prozesu hori eten, ezta iragan mendean 1960 eta 1990 arteko berpizte abertzaleak ere, hainbat gertakari eta ekimen deigarri sortu zituen arren.

Gaur egun, ez da ikusten zerk demontre eragoz lezakeen prozesu hau bururaino jarraitzetik, alegia euskal hizkuntza eta kultura iparraldetik erabat desagertzetik.

Saia gaitezen desagerpen hori kondizionatzen duten faktoreak ahal bezain objektiboki erakusten:

Pisu demografikoaren eskasia

Lehenik eta behin garrantzitsua da handitasun ordenak buruan edukitzea, ez ahanzteko zertaz eta nortaz mintzatzen ari garen.

Erregimen zaharraren pean, hau da, 1789eko iraultza aitzin, iparraldeko euskaldunak ehun mila eta ehunta hogei mila arteko populu homogeneo eta trinko bat izan zitezkeen; aldiz, gaur, azken urteetako beherakadaren ondotik “Euskaldun” izena merezi dutenak 30.000 bat inguruko talde bat dirateke oraindik; gorenetik 60.000 kontaketa zabaltzen badugu euskararekiko axola edo ezagutza arrasto bat izango dituztenetara. Baina hauek murgilduak dira ACPB deituriko 300.000 biztanleko entitate administratibo frantses batean, guk “Elkargo” bataiatuan. Eta bistan da mundu hau guzia murgildua dela egunero zapaltzen eta inbaditzen gaituen 60 milioi biztanleko herri handi batean.

Garrantzitsua da ebidentzia hau oroitaraztea, batez ere gure jendearen portaera, perilaren aitzinean batzuei eskasa iduritu ahalko lukeena, ez sobera erraz eta bidegabeki jujatzeko edo kondenatzeko.

Dependentzia ekonomikoa

Azken hirurogei urte hauetan, izigarri areagotu da Frantziarekiko gure dependentzia ekonomikoa, hau da harekiko batasun ekonomikoa eta finantzarioa; egiari zor, denbora berean gure bizimoduaren mailak gora egin du eta ez da sekula hain altua izan. Desordenan emanda, oparotasun horren iturriak dira: jin berriek gure lurra erosteko eta haien etxea eraikitzeko tokiko ekonomian sartzen duten dirua, BABko ospitale eta udaletxe eta beste administrazioetako lanpostuak, Dassault aeronautique edo Safran bezalako enpresa gotorren lanpostuak, laborantza alderako laguntzak eta abar. Diru sartze handi horien aldean, besteak, tokian tokiko industria, laborantza edo turismoarenak askoz tipiagoak dira. Horregatik aitortu behar dugu gure laborantzaren ekonomiaren gainbeherak duela hirurogei urte inguru sortu zuen krisi soziala, Frantziarekiko dependentziazko lokarriak tinkatzeari esker gainditua izan dela nagusiki. Orain bertan erran daiteke lan eskasik ez dagoela bainan gure gazteek zuzenean lan egin behar dutela frantsesak diren erakunde, entitate ekonomiko, eta enpresetan. Gehiago dena, gure ekimenez sorturiko enpresa gutxiek, euskaldunak euskal herrian bizi zaitezen sortu zirenek, orain ezinbestez falta dituzten langileak, familia eta guzti, jinarazi behar dituzte Frantzia guzitik.

Azken berrogeita hamar urteko inbasio erdalduna

Ezin argiago ulertzen dugu orain zerk emanen digun seguraz ere azken kolpea; eta hori arrotzen etorrera da. Inbasio horren abiapuntuak kointziditu duke guti gora behera laborantzaren gain beherarekin nun desegiten ziren baserrien lurrak gehien eskaintzen zuenari salduak izan baitziren.

Diskurtsu handi bat baino etsenplu sinple bat emanen dut nornahik erraz egiazta lezakeena: begiratzen badugu Uztaritzeko elizaren ezkerraldean dagoen gerlari ohien hilarria nun laurogei bat abizen agertzen baitira, ikusten dugu gutiz gehienak euskaldunak direla eta bakar batzuk, usu gaskoi abizena zutenak, haiek ere besteak bezain euskaldunak zirela. Baina gaur, ordea, irakurtzen badugu Herriko etxeak publikatzen duen urtekari ofiziala, urteko bataiatze eta ezkontze zerrendetan ikusiko dugu euskal abizenak ez direla kopuruz herrenera ere iristen. Aldiz urteko hilen zerrendan bai euskal abizenak kopuru handiagoan direla, ez haatik aipatutako gerlako hilen oroitarriaren proportzioan. Beraz ondoriozta dezakegu tronpatzeko arriskurik hartu gabe, urteko hilen zerrenda horretan bertan ere, populu aldaketa burututa, arrotz abizenak nagusituko direla datozen hogeita bost urtetan. Eta antzeko konstatazioa egin dezakegu herri guzian zehar proportzioa guti gora behera.

Faktore politikoa

Errealitate ukapena ez ote dugu iparraldean?Asimilazioaren aparatu politiko eta administratiboa beti hor dago, sekulan baino gehiago ari gure kontra. Arrazoi bakar hau berez nahikoa litzateke gure hizkuntza heriotzera kondenatzeko. Eta horren aldean, esperantza atxikiarazten diguten ikastolak, eskola elebidunak, elkarteak, eta euskal erakunde desberdinak, ez badira eiki mespretxatu behar ere, kalte ordain sinbolikoak edo, gordinki mintzatuz, artamendu paliatiboak baizik ez dira; izan ere ezingo dute inolaz ere asimilazioaren martxa geratu eta are gutiago jadanik egindako kaltea konpondu. Horretxegatik estatuak horiek oro onartzen eta subentzionatzen dizkigu, bake zibila mantentzeko, bestenaz ez eiki zuen eginen.

Bestetik, gure mugimenduak lorpen erabakigarritzat jotzen du ACPB aren (edo Elkargoaren) sortzea; baina Estatuak berak proposaturiko erreforma bada; eta nagusiki Euskal herriaren kudeaketa administratiboa arrazionalizatu eta Baionan zentralizatzeko operazio bat baizik ez da, bide batez opari eta lanpostu batzuk banatuz bazterrak jabaltzeko. Operazio horretan, Zazpiak bat ikurra, duela guti oraindik lurraldetasuna eta euskal lurraldeen batasuna islatzen zuena, aldi honetan endurtu da.

Gure talde eta alderdi politikoek parte hartzen dute normaltasun osoz bizi politiko nazionalean partidu frantsesen artean, partidu erregionalista gisan, bigarren mailako protagonista gisan. Haien hautesleetan euskaldun bezainbat erdaldun dago ez bada gehiago eta existitzeko haiei gustatu behar zaizkie absolutuki, batez ere etorri berriei; horregatik, salbuespen aipagarri batzuei esker, denak euskaldun daitezkeelako ilusioa zabaltzen dute. Zer nahi gisaz, orai sobera hertsiki konprometituak daude estatuaren funtzionamenduan zerbait arrazoigarri eta esanguratsu proposatu eta bideratu ahal dezaten euskal populu baten biziraupenerako.

Deskripzioa komentatzeko

Artikulu honetan ez dut inori harririk botatzeko gogorik eta are gutiago minik egiteko. Ahulezia muturreko egoera honetan dena ulergarria zait. Gainera ingurune eta erakunde guzietan milaka jende miresgarri bada beren maneran ihardukitzen saiatzen direnak. Haiek gabe are gaizkiago ginateke eta etsitzen bada ez da soluzio alternatiborik sortuko.

Nihaurrek ez dut inolako plazerik sentitzen egoera gordin hau deskribatzean; bulta luze bat egon ez ote nituen errealitatea eta etorkizuna beltzegi ikusten.

Alta faktore negatibo horiek oro ez ditut nik asmatu; horietarik bakar bat ere berez hilgarria litzateke eta elkar laguntzen dute euskara eta euskaltasuna akabatzeko iparraldean. Beraz zorigaiztoa usatzeko zapalkuntza politikoa, dependentzia ekonomia eta arrotzen inbasioa gutienez oro batean garaitu eta irauli behar da; eta hori, aitortu behar da ezinezkoa dela.

Horiek horrela izanki, nola ikusten du etorkizuna orokorrean euskal gizarteak berak?

Errealitate horren aitzinean, eta hizkuntza azterketa eta estatistika txar guziengatik ere, euskal jendea eta gure ordezkari politikoak orokorrean baikor izaiten jarraitzen dute.

Batzuetan ingurumen herrikoietan erdi ezkututako kezka bat sumatzen da gutienik ustean, lehen atzeratu, frantses eskuindar, edo abertzaleen kontrakotzat jotzen genituen inguruetan.

Aldiz kultura mailan eta politika mailan zenbat eta gorago konprometituta, orduan eta euskal jendeak etorkizunari buruzko optimismo ofizial gehiago agertzen du. Seinale txar eta datu larri guzien gatik ere, optimismoa balore gorenean ezarria da.

Nola da, bada, hau posible?

Nahiz batzuek berresten duten kontzientzia politikoa handitu dela, min egiten badit ere, eni iduritzen zait orokorrean euskal identitatearen kontzientzia endurtu dela. Arrazoia da, besteak beste, azken urteotan, gizarte modernoaren eraldaketa eta nahasteekin euskal komunitatea desegin dela; eta identitate kontzientzia hori, bizi komunitarioan naturalki sortzen eta hazten dena, are naturalkiago diluitu da arrotzen artean barreiatuak eta gutxiengo egoeran bizi behar izaiteagatik. Gainera, orain, gu ere egokitu gara mundu global honen ideologia suntsigarriari, zeinarentzat herriaren identitateaz kezkatzea eskuin muturrekoa izaten den. Orain gehiago kezkatzen gara mundu zabaleko arazo guziez gure identitatearen biziraupenaz baino. Horregatik dudarik gabe lehenagoko elkarteak eta ekitaldi kulturalak militantismoz blaituak zirenak odol arraberritze faltagatik pixkanaka hiltzen ari dira. Beti herri berean ikusten dudan etsenplu xume bat emaiteko, urtero ospatzen zen Lapurtarren biltzarra, gazte eta zahar ugari biltzen zituena, hiltzen ari da antolatzaile, publiko eta azkenean kemen faltaz.

Behin behingorako 

Ene uste apalean, historian hainbat aldiz gertatu den errealitate ukapen baten fenomenoaren aitzinean gaude, zeina ametsetan bizitzen jarraitzeko bide bakarra den. 

Errealitate ukapen horren arrazoia sakona ez ote da ez diogula patuari beste soluziorik ikusten? Edo beldur garela ustezko soluzioek kolokan jar lezaketela azken urte hauetako bizimodu atsegina?

Errealitatea ikustea eta aitortzea, egundainoko gure ametsa suntsitzen badu ere, ezinbesteko baldintza da hasteko pentsatzen zer izan litekeen hil ala biziko objektibo alternatibo bat euskaltasuna ez dadin egun hurbil batean osoki eta behin betiko desager iparraldetik.

Ontsa errana azter ezazue eta gaizki errana barka otoi.

Errealitate ukapena ez ote dugu iparraldean?

Errealitate ukapena iparraldean Errealitate ukapena iparraldean

Uztariztarra, Uztaritze-Olaberriako kooperatibista jubilatua

16 pentsamendu “Errealitate ukapena ez ote dugu iparraldean (1/2)?”-ri buruz

  • Gehienetan egoera tamalgarri bati aurre egiteko lehenengo gauza errealitatea aitortzea da, gero ikertzea eta azkenik aurre egitea.

  • Sarritan irakurtzen zaitut, Beñat, eta Iparraldeko egoera argitzen diguzu hegoaldekoei, edo niri behintzat. Mila esker. Ikaragarria da IEHk bizi duen akulturazio prozesu lasterra (Bizkarsoro filma ere argigarria da). Dena den, batzuetan datu itxuraz kontraesankorrak ikusten ditugu, adibidez geroz eta haur gehiagok ikasten dutela euskaraz (ikus, adibidez, Seaskako lehendakari berriaren elkarrizketa: https://www.berria.eus/euskal-herria/euskara-ez-da-zerutik-erortzen-euskara-ikasteko-ez-da-aski-ikastolan-izatea_2136773_102.html?_gl=1*1ctw76p*_up*MQ..*_ga*Mzc4NTY5NzIxLjE3Mzk0MzIwNTY.*_ga_EC0FSX7N43*MTczOTQzMjA1Ni4xLjAuMTczOTQzMjA1Ni4wLjAuMA..). Nola interpretatzen dituzu datu (ustez) positibo horiek testuinguru ezkor horren barruan? Esker anitz!

  • Nikolas Goñi 2025-02-15 12:28

    1789an hasi ziren eraldaketek gure egitura politikoak desegin zituzten, gerlak, deportazioak eta sekulako pobrezia sortu (“Lubinttoko Ohoinak” eleberrian azaldu bezala), hori hala da, baina ez zuten euskaltasuna desegin, hau kontu ezberdina da. XX. mendearen hasiera arte, bazen oraindik Iparraldean euskaraz funtzionatzen zuen gizarte bat, jende alfabetatuen arteko euskarazko eskutitz hainitz, eta alfabetatuak ez zirenen arteko eguneroko hizkuntza euskara zen, Biarritz eta halako toki gutitan izan ezik.
    Kanpotarren etorrera hori aldarazi zuen XX. mendea baino lehen ere, XIX.ean hasirik, hain zuzen Biarritzen. Baina lurraldearen gainontzeko herrietan euskararen gainbehera masiboaren erru nagusia ez da izan kanpotarren etorrera. Gainbehera kanpotarren etorrera baino lehen gertatu zen, eta horren tresna telebista izan zen. Hori argi utzi zuen Daniel Landartek elkarrizketa honetan https://www.berria.eus/kultura/gero-eta-argiago-ikusten-genuen-euskaldunak-gutxiengoan-sartzen-ari-ginela-euskal-herrian_2124370_102.html :
    “Erraten dena da gure frantsestea izan zela gerlen bidez, eskolaren bidez, baina telebista izan zen kalterik ikaragarriena euskararentzat. Zeren sukaldeetan sartu baitzen frantsesa. Telebista ikaragarrizko zafraldia izan zen. Etxekoen arteko hizkuntza aldarazi zuen. Gerora, aitzinamendu asko egin dugu, erakundeak-eta sortu ditugu, baina telebistak galera handiak eragin dizkie euskarari eta abertzaletasunari.” *

    Nolazpait poztu nintzen hori irakurtzeaz. Ez deskribatzen duenarengatik noski, baizik eta nere inguruan ikusi dudana hain argi adierazten duelako. Haurra nintzenean 1980ko hamarkadan, inguruan nituen zahar guziak haien artean euskaraz mintzo ziren. Belaunaldi hori zen eskolan euskaraz aritzeagatik zapaldua izan zena, Bizkarsoro filman ikusten duguna. Baina ez zioten horregatik euskaldun izateari utzi.
    Aldiz nere burasoen belaunaldia euskaldun jaio zen, baina nerabezaroan euskara masiboki utzi zuten eta frantsesera pasa, bortizkeriarik gabe. Fenomeno hori berdin-berdin gertatu zen migraziorik jaso baino jendez hustu ziren Gaskoniako eta Lengadòceko bertze hainbat landa eremutan. Hori zergatik: gizartea industrializatzen eta “modernizatzen” ari zen ziztu bizian, eta “modernizatze” horren hizkuntza frantsesa zen. Garai hartako gehiengoak tokiko hizkuntza atxikitzea zaharkeriatzat zuen, garaikidea izateak inplizituki frantsesez aritzea ekartzen zuen. Antton Lukuk “Euskal Kultura?” liburuan hori ongi deskribatu zuen Amikuzeri dagokionez: han kanpotarrik plantatu baino lehen, laborantzaren industrializazioarekin eta arto hibridoarekin batera zabaldu zen frantsesa eta desagertu ziren auzolana eta bizimodu tradizionalak, Behe Nafarroaren mendialdean baino askoz lehenago, mendialdeko laborantza ez baitzen oraindik industrializatu.

    Halako testuinguruan, noski gaur egungo kanpotarren etorrerak ez du laguntzen. Baina gogoan izan behar da arazoa ez zutela haiek sortu. Eta nere galdera zera da: nola motibatu Ipar Euskal Herrira etortzen direnak euskara ikastera, tokiko familiek berek euskara aspaldidanik abandonatu bazuten? Gai horretan elkarrizketa honetan https://kanaldude.eus/bideoak/6302-pentsaketan errandakoarekin bat nator: lehentasuna izan behar da euskara galdu duten hemengo familietako haurrak euskalduntzea. Ea hori bakarrik aski izanen da? Beharbada ez. Baina hortik hasi gabe nere ustez ez goaz inorat.

    *Anje Duhalderentzat idatzi zuen “Telebista” kantuan ongi laburbildu zuen hori Landartek: “Gauza hoberik ezin zen asma euskaldunen frantsesteko”. Ironikoki, kantu hura entzun nuen lehen aldian ez nituen hitzak ulertu, oraindik ez bainakien euskaraz, hain zuzen telebistaren eragin sozial horren ondorioz.

  • Benat Castorene 2025-02-18 16:14

    Aitor S erran gabe doa arrazoi duzula erabat. Zure hitz guziak sakontzekoa dira.
    Egoeraren tamalgarritasuna, ene inguruan, gutik du sentitzen. Hori sentitzeko behar da sentsibilitate bat mundu modernoak, bere bere “baloreekin, bere hedabideekin (telebista adibidez Nikolasek dioen bezala) galarazi diguna; gainera behar da bihotzean atxiki izan mirakuluz bezala lehenagoko euskal komunitatearen arrasto bat.
    Gero aitortzeak berak kuraia eskatzen du zeren, nunbait, etsitzearen arriskua onartu behar baitugu (artetik erraiteko SWek zioen pentsatzeak arriskua dakar beti, arriskurik gabeko pentsamendurik ez dago!).
    Baina ene uste apalean, errealitatea aitortzeko kuraia hori izaiteko behar da aurreikusi edo erdikusi beste soluzio bat, beste perspektiba bat beste alternatiba bat gure asmoaren muinaren muina salbatuko duena. Bestenaz ezin da errealitatea aitortu.
    Gero ikertuko dugu eta beste salto batean gure pentsamendu berria esperimentatu beharko dugu. Esperimentazioak soilik erranen du arrazoin dugun.

  • Benat Castorene 2025-02-18 17:00

    Milesker Bolintxu artikulua ezagutaraztea gatik. Irakurriko dut interes eta plazer handirekin. Egia erraiteko, Erik aspaldiko adiskidea dut nahiz erretreta hartuz geroz eta berak ardura asko izanez geroz gutiago dugun elkar ikusten. Ipar Euskal herrian euskaldun zintzo bat izaitekotan, hura da. Ez zinuen hoberik aurkitzen ahal ene erranak beste ikuspuntu batekin kontrastatzeko. Anitz pundutan ados ginen baina konklusioan ez beti. Artikulu huni zerbait erranen dizut.

  • Benat Castorene 2025-02-18 22:54

    Nikolas, berdin pentsatzen dugu anitz pundutan eta esfortzurik gabe konprenitzen ditut Txomin eta Pauline zure adiskideak. Potentzial nabarmena duzue hiruek. .
    Iduritzen zait hala ere ilusioak baditutzuela, erronka deitzen dituzuen horiei buruz; bainan praktikan eman arau sekula ohartzen bazirezte ez duzuela lortzen nahi duzuena nik espero dut ez zireztela etsituko eta lerroan sartuko baizik eta alternatiba aurkituko ni saiatzen naizen bezala.
    Sinplifikatuz euskaltasuna salbatzeko gure egiazko herrian bi soluzio ikusten ditut: bat da euskal estatu bat konkistatzea eta bestea euskal komunitate bat sortzea. Ez bata ez bestea ez dira soluzio 100% seguruak, batez ere lehena; izan ere, arrazoi nabarmenengatik ezinezkoa izaiteaz gain ez sekula pentsa ustezko euskal estatu batek kapable litzatekeela biztanlego guzi hau euskalduntzeko ez onez onean arituz ezta bortxaz ere.
    Bigarrena, oso zaila izan arren, baliabide gutiago eta sakrifizio gutiago eskatuko luke; eta espero dut borrokatze eta tematzearen bortxaz egingarria litzatekeela oraiko baldintza politikoetan. Gainera gauza anitz alda daitezke datozen urteetan.
    Esperimentazio hori, esperimentazio bat izanen baita, inteligentuki eta zintzoki ermana izanez geroz ezin baliagarriago eta animagarriagoa litzateke komunitatetik kanpo liratekeen batzuentzat ere. Zer nahi gisaz orai ez da gehiago kopuru kontu, kopuruaren bataila jadanik galdua dugu. Orai, iparraldean, ordu deno, borrokatu behar bada euskal komunitate duin baten biziraupenarentzat. Hau da gelditzen zaigun erronka. Eta erronka horrek ez luke ezertan jenatuko orai artinoko ekimenen jarraipena; alderantziz horietarik aterako lituzke bere giza indarrak.
    Nahi duzun artio Nikolas
    Adeitasunez.

  • Benat Castorene 2025-02-19 16:50

    kaixo Bolintxu,
    Espero dut ierik Etxart eta bere ekipak lortuko dutela haien proiektuak bururaino eremaitea inportanteak dira eta: hautzaindiak ugaritu, bigarren lizeo bat BABtik kanpo sortu, sail profesionalak eta nork daki teknikoak sortu…
    Ahulezien aldetik, nik baino hobeki dakiten estatuaren diru dependentzia gero ta handiagoa. jakinki estatu horrek ez duela baitezpada euskararen ongia desio;
    Baina larriena da ikasleen euskaltasuna. Zer etorkizuna du imersioko euskal erakaskuntza bat murgildua mundu arrotz batean?
    Erikek berak konklusioan ezin hobeki erraiten du:
    “… bada anitz egiteko, eta ez dugu guk bakarrik egiten ahal. Euskara eskolako hizkuntza bakarrik baldin bada, ez da gehiago hizkuntza bizi bat izanen”
    Eta jadanik esan bezala zerk litzateke erabakigarria ikastolaren lanak hizkuntza eta kultura biziak erakas ditzan?
    Neurri batean estatu aske baten akzioa ( ez eta pentsa ere!) edo guk berrosatutako euskal komunitate bat nun ikaslea egunero biziko litzatekeen ikasten duen kulturan eta hizkuntzan.

  • Hegoaldean bezala, beraz. Gurasoek hizkuntzaren kontzientzia dute eta haurrak euskaraz matrikulatzen dituzte, baina euskara gero eta jende/komunitate gutxiagoren hizkuntza ESPONTANEOA da. Hau da, gero eta jende gutxiagok erabiltzen du modu naturalean, modu “ez-militantean”. Lehen, eskola, administrazioa… dena zen erdaraz, baina herriaren hizkuntza euskara zen, eta horrela biziraun du. Alderantziz, berriz, emaitza oso bestelakoa da…

  • Benat Castorene 2025-02-20 07:47

    Kontraesana badirudi ere, ene ustez gaurtik goiti hizkuntza espontaneoa eta mundu modernoan efikaza mantentzeak, areago garatzeak, suposatuko du lan bat itzela, pertsonala eta kolektiboa bizitza guzia, lana barru,gure hizkuntzan egiteko. Baina hau posible izanen da beharbada hortako ados eta aski trebarua den jende kopuru jakin bat komunitate batean biltzen denean. Ez da dudarik soluzio oso zaila izanen den baina bestenaz hori gabe lortzea mirakulua litzateke..

  • Benat Castorene 2025-02-20 07:50

    Iparraldeari buruz mintzo niz.

  • Euskara Ipar Euskal Herrian gal baledi, mereziko luke Hego Euskal Herrian euskararen alde lanean segitzea?

  • Benat Castorene 2025-02-21 09:29

    HDB, senez baietz errango nuke, baina egia erraiteko, beharbada, bada zure galderan zerbait ulertzen ez dudana.

  • Nola erran? Euskara baliagarria zaigu estatu-muga gainditzeko. Delako mugaren alde batean gal baledi, zertako behar litzateke bertzean? Eta izan gogoan, halaber, Hego Euskal Herrian ere euskara gero eta gutxiago mintzo dela, eta kalitate eskasagokoa.

  • Benat Castorene 2025-02-21 21:28

    Besterik ezean, beti hobe izanen da alde batean, ez batean eta ez bestean baino. Hegoaldean baldintzak hobeak dira.
    Baina, hemen ala hor, kalitate oneko euskara eginen ez den tokietan euskara luzara desagertuko da. Kalitate oneko euskara praktikatzen duten komunitateen premia larria badugu.

  • KALITATEA da, hain zuzen, gaur egun problema nagusia, KALITATEA, ez kantitatea! Hori entendi ez dadino, jai.

  • Benat Castorene 2025-02-24 15:31

    Egia da, bada kalitateare errola, haren behar premia, hizkuntzak iraun dezan eta zabal dadin; nola kalitate hori lortu eta mantendu ez da aski aipatzen. Edo ongi jakina bada ingurumen hertsi batzuetan, ez da gehiengoari aski jakin arazten.
    Alabaina,eskolak ez du dena egiten ahal: izan ere, haurrak komunitateko bizitzetik, (familia bera ere ez da aski), beretu behar du oinarrizko ezagutza. Komunitate beretik motibazioa ere absolutuki jaso behar du. Gero
    oinarri horren gainean, eskolak hizkuntza maila goratzen ahalko du eta denbora berean ezagutza orokorra hornitu eta aberastu.
    Eskolak ezin du dena batean oinarria zerotik eman, maila ahalik eta goren eraman, kultura aberatsa eman eta gainera hori guzia ikasteko behar den adorea emaiteko motibazioa ikasleari txertatu.
    Eskolak bakarrik ezin du mirakulu hori egin. Hortako koska da euskal komunitate baten beharra.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude