Erralitatearen bi geruzak
Erralitatearen bi geruzak –
Upanishadak Indiako lehen testu filosofiko metafisikoak ditugu; horietariko zahar-zaharrenak Ka. VIII. eta IV. mende tartearen ingurukotzat jo litezke. Euren xede bilatu zein aitortua, letra larrizko Ezaguera (Veda); horrekin batera, sakratua den horren bilakaera inoizkorik gorenenaren ezagutza, eta azken hau ezagueraren atzena eta amaiera geneuzkakeen Vedanta dugu. Upanishad hitzak, maizenean “doktrina esoteriko” edo “irakaspen sekretu” zentzu-esanahiaz erabilia izan bada ere, zinez, bere adierarik zaharrenean “sakoneko kidetasuna”, “lotura” edo “konexioaren” zentzua du. Indiako eta Ekialdeko tradizioekin zertxobait-edo usatua dagoen orori azken adiera hau ezagun zaio; tradizio horien guztien muinean dagoen “yogak” horrelatsuko zer edo zer adierazi nahi du, alegia, bat-egitea, uztartzea (izan ere, hortik dator erdarazko yugo), eta fin-finean printzipio kosmiko (brahman) eta printzipio banakakotzailea (atman) elkarrekin uztartzea.
Upanishaden multzotik berantiarren-edo den Mundaka (Munda-k, alde-alde, “buru soildua” esan nahi du, eta nolabait gauza mundutarretatik jada aske eta libro den hori izendatzeko erabilia da) izenekora joko dut honako lerro hauetarako, eta bere labur samarrean dioen horretatik guztitiko jakinduriaren hari bakar-bakartxo bati besteri ez diot helduko, ezaguera bi kategoriatan banatzen delako aitorrari.
Eta, horren haritik, zeraxe esango digu; ezaguera bi kategoriatan bereiz daitekeela, ezaguera gorena den hori (paravidya) eta ezaguera ez-gorena edo mundutarra (apara vidya). Bigarren hau gure ogirako, gure bizimodua ateratzeko, zaigu baliogarri; bigarrenak, baina, errealitatea, objektuz objektu, ereralkiz errealkiz, zatiz zati, hartu beharrean, bere mihise forma orohartzaile baztergabe eta ezin zatituzkoan hartzen du. Eta, honen harira, esaterako, jarraiko hau esango digu: urrea urrez egindako gauza guztien bidez ezagutzen dugun modutsuan, egia iragangaitza bere manifestazio iragankorra diren errealitate mugatuen bidez ezagutu ahal izaten dugu.
“Bi zientzia ezagutu beharra dago: bata goi mailakoa, bestea, behe mailakoa.
“Behe mailakoak dira: Rigveda, Yajurveda, Samaveda eta Atharveda, fonetika, geometria, gramatika, etimologia, metrika eta astronomia. Goi mailakoa da iragangaitza atzematea ahalbidetzen duena.
Ezin ikusi edo ukitu daitekeena, ez duena ez familiarik, ez kastarik ez begirik ez belarririk, ez eskurik ez oinik; betierekoa dena, guztian barrena hedatu eta guztian dagoena, ikaragarri mehea dena, desegiten ez dena, jakintsuek izaki guztien iturburu gisa ikusten dutena.
Armiarmak bere amarauna ateratzen eta biltzen duen bezala, landareak lurrean hazten diren bezala…horrela sortzen da existitzen den guztia iragangaitzetik”. (Mundaka Upanishad, Lehen Mundaka, 1.1.4-1.1.7)
Horren harira, edota hariak iradokita, hemen nire ideia olerkiratu batzuk:
Bitara digu hots egiten errealitateak,
Lehor eta busti zaigu mintzo,
Lehortasunerako dugu berezko jaugina,
Horretarako izatez gara sentiberak.
Haren bustia, sarritsutan, baina, guztiz zaigu sentikaitz,
Haren bustiak, fina izaki ere, ez du horregatik inongo etenik,
Finki baina tinko, zarra-zarra, darraite berorren zipriztinek,
Zarra-zarra, aterrunerik gabe, errealitatea zipriztintzen…
Gu, baina, zeharo sentikaitz,
Sor, gor, eta bero…
Erralitatearen bi geruzak