Erizainak entzuten jarri naiz
Erizainak entzuten jarri naiz
Erizain dezente dira, modu batean edo bestean, nire bizitzaren parte, izan senitarteko, izan adiskide. Askotan entzun diet Osakidetzaren inguruan eztabaidan, baina askotan ulertzen ez ditudan kontzeptuak, zenbakiak edo hitzak erabilita. Aurrekoan eskatu nien azalpen bat emateko gaiaren inguruan, labur, sinple; esan zitzatela gure osasun sistemak zeuzkan arazo nagusiak, lehen lauzpabostak; kuriosoa izan zen lehentasunak zerrendatzeko unean hiru emakumeak ados zeudela ikustea (egongo dira, baina oraindik ez dut gizonezko erizainik ezagutu).
Osakidetza EAEko osasun zerbitzu publiko eta unibertsala da, bai, ados. Baina Jaurlaritzak, beren mozkin mentalitate mizkinarekin, beste norabide batean darama. Osakidetza publikoa da, baina zerbitzuak pribatizatzen ari dira. Lehen, ospitaleko arropak bertan garbitzen zituzten bertako langileek, baina orain enpresa baten esku dago; sukaldeak berdin. Osatek erresonantzia magnetikoak egiten dituen enpresa da, ospitaleetan sartuta dagoena bere zerbitzu zehatz hori eskainiz, baina Osakidetzaren parte izan gabe. Anbulantziak egoera berdinean daude. Osakidetzak akordioak dauzka Poliklinikarekin eta Onkologikoarekin, eta makina bat herritar bideratzen dituzte hara. Osakidetza publikoa da, bai, baina noiz arte? EAJ-ren norabidea aski garbia da, eta horretaz gain, gure biztanleria geroz eta zaharragoa dela hartu behar dugu kontutan; badakizue zer arazo dakartzan horrek: pentsio asko, zerga gutxi, eta horretaz gaindi, Herri izaten jarraitzeko planteatzen digun erronka. Populazioaren zahartzeak ere lotura zuzena dauka itxaron zerrenden luzerarekin; geroz eta zaharragoak izan geroz eta gehiago joan behar ospitalera, eta ez badira baliabideak gehitzen, ilara geroz eta luzeagoa egiten da.
Gaixoak zaintzea geroz eta zailagoa omen da, gehienbat zaintza bera digitalizatu egin delako. Dokumentazio guztia ordenagailuan dago, eta programa ezberdin pila bat zabaldu eta erabili behar omen dituzte erizainek eri bakoitzeko (historiala, botikak, diagnostikoa…). Horrek denbora asko eskatzen du, gaixoarekin hitz egiten pasatzen ez duten denbora asko.
Pertsonalaren egoera bera oso eskasa da. Ordezkapen asko daude, epe laburrekoak eta kontratu prekarioekin. Erizain askok 15 edo 20 urte igaro behar dituzte lanean lanpostu finko bat lortu arte.
Ospitale handietan ezagutzen ez nuen praktika oso esanguratsu bat daukate. Aukera txikiena ikusten duten unean, arduradunek planta osoak ixten dituzte, eta lan guztia zabalik dagoenari edo daudenei pasa. Planta hauek topera estutzen dira eta sekulako lan karga jartzen da bertako langileen bizkarrean; horrek gaixoak kalitate eskasagoarekin artatzea dakar, eta langileak itota aritzea beren zereginean. Egoera muturrekoa bihurtzen denean zabaltzen da berriz ere aurretik itxitako planta.
Euskara… Plaza profil zehatz batzuetarako soilik eskatzen da. Hortik aurrera, badakizue, baloratu egiten da, baina ez da beharrezkoa. Zer nahi duzue ba, mediku ona ala erdalduna?!?!?!?!
Niri dagokidan ospitalea Zumarragakoa da, eta hauek dira beregain hartzen dituen herriak, eta biztanleak (gutxi gorabehera):
- Zumarraga: 10.104 (2009)
- Legazpi: 8.785
- Urretxu: 6.812
- Ezkio-Itsaso: 578
- Azpeitia: 13.740 (2004)
- Azkoitia: 10.257
- Zestoa: 3.124
- Errezil: 619
- Beizama: 159
- Beasain: 13.510
- Ordizia: 9.758
- Lazkao: 5.285
- Idiazabal: 2.212
- Ataun: 1.654
- Zaldibia: 1.504
- Legorreta: 1.495
- Zegama: 1.454
- Segura: 1.377
- Ormaiztegi: 1.308
- Olaberri: 967
- Itsasondo: 631
- Zerain: 244
- Mutiloa: 235
- Altzaga: 157
- Arama: 188
- Gaintza: 132
Hau da, 100.000 pertsona inguru. Zumarragako ospitaleak 124 ohe dauzka. 124 ohe 100.000 lagunentzat.
Osasunaren Mundu Erakundeak dio 10.000 biztanleko 23 mediku, erizain edo emagin izan beharko genituzkeela. Informatzen saiatu naiz sindikatuen bitartez, baina haiek ere ez dauzkate Euskal Herriko datuak, ez eta EAEkoak (Osakidetzaz ari garenez). Aurkitu dudan datu interesgarria iaz Berria egunkariak emandakoa da. Euskal Herria da Europako Batasunean polizia dentsitate handiena duen lurraldea, 10.000 biztanleko 60 polizia. Hori ere, gure osasunaren eta poltsikoaren kalterako.
Erizainak entzuten jarri naiz / Erizainak entzuten jarri naiz