Erantzunik gabeko galdera
Erantzunik gabeko galdera –
Galderak eta galderak daude. Beno, hobeki esan, galderetan galdera mota bana dago.
Bateko, betiko galdera arrunt eta egunerokoak ditugu. Formulatu aurretik jada zenbait eta zenbait hipotesi-premisa ezin dudatuzko dituzten gure galdera ohiko horiek, erantzun errazak eta azkarrak espero dituzten ohiko galdera horiek, kasik jada galdetu aurretik zeintzuk erantzun mota onartuko duten eta zeintzuk aldiz ez argi dituzten galdera horiek.
Guztiz bestelako galdera suertearen gainean hausnartxo bat ekarri nahi dut lerro hauetara. Bigarren motako galdera hauek guztiz ere guztiz bestelakoak ditugu. Berauek, berez, ez dira formulatzen, ez dira sortzen. Edota, are formulatuak izaten ari direla dirudien horretan, itxuraz baino ez da. Izanez ere, bigarren mota honetako galderak beti daude hor, egitez formulatuak izan ala ez. Galdetze hauek, besteek ez bezala, euren galdetzearen beraren oinarri eta aurre-supuestoak dute presente une oro. Halere, zera dugu euren zinezko bereizgarri nagusia; galdetze hauek zalantzan dute euren betiren betiko oinarria, inoiz eta inolaz uxatzeko modukoa ez den zalantza iraunkor horretan dute euren oinarria.
Aurreneko galdetze motak bere galdetzea lehen bait lehen uxatu nahi du, segi-segituan buru eman nahi dio bere galdetze jardunari, lehen bait lehen dena delako erantzun azkar horretan bere burua disolbatu asmo irrikatsua du. Bigarren motako galderak, aldiz, oso bestera dihardu. Zalantza beti bidelagun duelarik, zalantzaren baitan dihardu une oro ekin eta ekin, galdetzearen gainean galdetu eta galdetu, sekulan bere galdetzeari buru eman gabe.
Antzinako gogamenaren erdigunean zalantza iraunkorra zegoen beti. Ez kuestionatze formal gisa, zinezko zalantza erreal gisa baizik, bere argitasun eta bizitasun guztizkoan dagerkigun duda-muda gisa baizik. Zalantza honen indar bizia ez da sekulan agortzen, ez dauka aurre-zehaztutako norantzarik, ez dauka nora joanik, ez non bilaturik. Bere baitan bereari eusteko ezin deskribatuzko ausardia dario zalantza iraunkor honi.
“Duinki galdetzeko modukotzat duten hori gogamenari aurrez pentsatzeko modukoa izateko eman izan zaio. Horri buruz bestez galde dezagun ez dute nahi. Baina galdegarritzat eta pentsagarritzat duten hori guztiori, ez da sekulan txikitzera bultzatzen, ez da sekulan, zalantza barnehutsaren pasioak bultzaturik, suntsitzera bidaltzen” (M-HEIDEGGER, Carta sobre el humanismo, 65 or.)
Alabaina, zalantza guztiei gailentzen zaien zalantza bakarra dago, galderetan galdera den bat eta bakarra dagoen modu berean: Nor naiz ni? Nor da norbera?
Igor Goitia