Erabaki zuk zeuk zein iruzur nahi duzun

Engainatzen gaituzte, gezurra esaten digute, ziria sartzen digute… eta gu batean edo bestean, inuzente, erori egiten gara.

Krisiak hala eskatzen duelako gastu soziala murriztu beharra dagoela esaten dutenean, engainatzen ari zaizkigu. Badakigu-eta nora bideratu den azken honetan gobernuen diru gehiena.

Zaborraren kudeaketa egokia erraustegietatik pasatzen dela esaten digutenean, iruzur egiten ari zaizkigu. Saiatu al dira hain kutsagarri ez diren beste bide batzuk garatzen?

Trafiko arazoak ekiditeko errepide gehiago behar ditugula esaten dutenean, ziria sartzen ari zaizkigu. Ez al gara ohartzen zein industria motari eta gizarte ereduari egiten zaion mesede?

Telebistako programa bat zaborra izan arren audientziak horrela eskatzen duelako jarri beharra dagoela esaten dutenean, gezurretan ari zaizkigu. Noraino aukera ematen digute zentzu kritikoa bultzatzen duten programa inteligenteak ikusteko?

Diru publiko gutxiago dagoela-eta euskara sustatzen dituzten erakundeei laguntza jaitsi egin behar zaiela esaten dutenean, trapukeriatan ari zaizkigu. Sos batzuk besterik ez dituztelako banatzen beste edozertarako erabiltzen denarekin konparatuz.

Euskararen eguna zalaparta handiz, hainbeste maite dutela aldarrikatuz,ospatzen ari diren honetan ere engainatu nahi gaituzte. Ez dugu gogoratzen atzo artekoa?

Ez dago iruzurgile bakarra, boterea ez duten askok jokatzen dute antzera, eta zintzotasun falta badago ere, noski, garbiago diruditen beste eremutan.

Kontua zera da: nork engainatua izan nahi duzu? Zuk erabaki.  

ITSASGORAN - Irakaslea ofizioz, Idazlea afizioz