Enddurtu
Enddurtu –
Pantxix Bidart, Ipar Euskal Herriko Hitzan.
Goizeko kafea momentu garrantzitsua zait. Kafea bakarrik etxean edo lan eremuko kafe makinatik hartuak ez nau asetzen. Ostatukoa behar dut.
Bainan azken urte hauetan, gustuko kafe girorik ez dut aurkitzen herrian. Ondoko herri batetara erbesteratzera eraman nau horrek. Ezin erran norat, espazio xume hau ez baita publizitaterako egina.
Lehengo ixtorio, oraiko aktualitate jorratze, kitzika, txiste (on eta tzar nahaste), eguna abiatzeko mentura ezin hobea! Eta hori guzia (gehienbat…) euskaraz.
Ni bezalako euskaldun eskalapoi edo herrementa batentzat, paradisua. Euskararen edertasunaz gozatzeko unea.
Duela gutti, ezin salatuzko ostatu hartan nuen, lehen aldikotz, enddurtzea hitza entzun.
Euskaldun guziek badakikete zer erran nahi duen. Ttikitu, hertsatu. Ttipulak zartainan enddurtzen dira … jendeak ere, omen, adinarekin.
Palestinan, palestinarren eremuak endurtzen ari direla dudarik ez. Eta euskararen eremua? Baikorrenek (edo itsuenek) ez dela hain gaizki erraiten dizutelarik, begiratzen duenak ikusiko du arnasgune deitzen ditugun espazioak enddurtuz doatzila.
Kazeta idekitzen duena munduko herritar gehienei eskubideak enddurtzen zaizkiela ohartuko da. Gure ama lurraren lehen ekaiak, berdin.
Interneten bi klik egin eta munduko jakitate guzia begipean dugularik, zer pentsa jakitate pertsonalaz ? Enddurtuz ari ?
Gure bizi soziala makrogertakariez betetzen dugu (feria, kontzertu, festibal, salgune, kirol gertakari erraldoi) baina harremantze sinplea enddurtzerat uzten.
Giro goxo eta herrikoian bizi ditugun ostatu eta kafe uneak enddurtzetik begira ditzagun!
Oxala
Pantxixek artistaren edo poetaren dohaina badu. Gauza alegia sinpleak eta denok ikusten ditugunak aipatuz, ez idurika gogoeta egin nahi duena gogoetak egitera gomitatzen du.
Funtsean euskal kafearen errito horren gibelean deitoratzen duen da euskal gizartearen beraren enddurtzea, norbanako isolatuei euskaldun egoitea zailtzen diena ezinezkoa bihurtzeraino.
Gogotik paria nezoke kafe bat erran nahi balu nora joaiten den orai. Eta publizitatea egiteko uzkurtasun hori estakurua duke ene ustez.