Emakume femeninoak
Emakume femeninoak –
Hondartzatik etorri naiz, ondoan neukan mutil gazte bati entzundakoarekin bueltaka: “Ez da batere femeninoa, baina sekulako neska puska da” esan die bere taldeko beste mutilei; “buena” izan da gaztelaniaz erabili duen izenondoa.
Nire antzekoen artean luze egotearen ondorioz, pentsatzen hasita nengoen gehiengoak nik bezala ikusten zituela gauzak, baina ez, koka gaitezen, lurreratu: gauzak ez dira nik eta ingurukook uste dugun bezalakoak, bestelakoak baizik. Beraz, emakume batzuk ez dira batere femeninoak, sekulako emakume puskak izan arren.
Horretaz jabetuta, eta sekulako emakume puska izatea zer den badakidala uste dudanez, jakin nahiko nuke zer den femenino izatea, ez baitaukat oso garbi. Adats luze eta bolumen handikoa edukitzea izango da? Makillatuta edo begiak eta ezpainak margotuta eramatea akaso? Gonak eta soinekoak eta emakume-gorputza nabarmentzen duten janzkerak janztea? Oinez ibiltzean, aldaka eta gerriaren dantza ezker-eskuin egitea urratsen erritmoan? Hankak, izterrak, izterrondo, besape eta ezpain-gaina ondo depilatuta izatea? Emakumeentzako lurrinak jartzea? Kamioi gidari beharrean azafata edo horrelako lanbide izatea? Titiak edukitzea? Titiak eta alua? Titiak alua eta umetokia?
Zenbait eta gehiago pentsatu, orduan eta liatuago nabil ez baitakit femeninoa ote naizen, edo sekulako neska puska izan nintekeen femeninoa ez izan arren edo izanda ere, edo femeninoa izateak neska puska izateari eransten dion zerbait, edo neska puska ez-femeninoa neska puska femeninoa baino hobeto den… enfin, tapoiak eramango ditudala hurrengoan hondartzara.
Ez da erraza, ez! Takoiak erabili behar femeninoa izateko? Mokorrak dinbili-danbala mugituz ibili? Ilea tintatua? Zimurrak? Zelulitisa? Atzazalak luzeak eta margotuta? Zer! Jakin nahi dut!
Baina, inork badaki? Ala moda kontua baino ez da?
Idatziarekin batera galdekizun bat prestatzea pentsatu nuen, ea euskal internauten ustez zer zen emakume femeninoa izatea, agian har genezakeen ezustekoren bat edo ikuspegia zabaldu, nork daki!
Ni ere zure planetakoa naiz irakurri dudanez, niri ere antzeko galdera sorta sortzen baizait femeninoa izatea definitu nahi dudanean, bereziki, femenino izan ala ez izateagatik andretasuna ukatzeraino iritsi diren (zaizkidan) horien aurrean argitasunen bat edukitzeko. Beste herri batean gonak janztea zela azaldu zidaten, gelan landare ala loreren bat edukitzea, zapiren bat lepoan… gure kulturan ez lirateke horren azpimarratuak izango ezaugarri hauek, baina beste hartan oinarrizkoak zekusaten femenino bezala deskribatzeko… ene!